Zuzenean

Eurozentrismoak sarritan gugandik urrun dauden lurraldeak orokortzera garamatza. Horixe gertatzen zaigu, adibidez, Afrikarekin; kontinenterik handienetarikoa izanda eta bertan milatik gora hizkuntza egonda ere, herrialde bakar bezala tratatzen dugula askotan. Gaurkoan, Afrikatik datozen hainbat doinu ezagutzeko tartea zabalduko dugu Ad Libitumen.
Zenbat aldiz erabili edo entzun duzu “musika afrikarra” esaera? Hamaika aldiz izan bada, ez kezkatu: eurozentrismoaren radarraren baitan zaude, ia denok bezala. Hala ere, oraindik ez da berandu kontinente beltza deitzen zaion horren inguruan dugun ezjakintasunetik irteteko. Horregatik, gaurko Ad Libitum saioak musika heziketa apur bat eskainiko dizu, betiko entretenimenduaz gain: Afrikako herrialde ezberdinetan egun arrakasta izaten ari den musika ezagutuko dugu.
Orokorretik hasita, Afrikar musika garaikidearen bi totem garrantzitsurekin apurtuko dugu izotza: Miriam Makeba edo Mama Afrika, eta bere Pata pata, batetik, eta Fela Kuti nigeriarraren afrobeat klasikoa: yoruba herriaren doinuak jazzarekin nahastetik sortutako fenomeno musikala. Horren ostean, erradiografia azkar bat eginez, Afrikako herrialde ezberdinetatik etorritako musika ezagutu eta entzungo dugu: Nigeriako afrobeatsa (afrobeataren berrirakurketa elektronikoa), Hegoafrikako amapianoa, Ghanako highlifea, Tanzaniako bongo flava, Keniako gengea, Angolako kizomba, edota Kongoko errepublikoa demokratikoko ndomboloa.
Gorputza mugitzearekin batera kultura apur bat ikastea ere zilegi delako; eman play eta gozatu!