Zuzenean

Musikak beti behar izan ditu kanal ezberdinak bere zabalkundea bermatzeko. Kontzertuak edota binilo, disko, kasete… edo garaian garaiko musika entzuteko euskarriak dira kanalik zuzenenak, baina badira beste batzuk ere. Hitz egin genezake irratiaz, zeinetan artisten presentzia (musika edota elkarrizketa formatuan) euren arrakastarekin oso lotuta dagoen; baita telebistaz ere. Baina duela bi hamarkadetatik, beste plataforma batzuk sartu dira industriaren jokoan: sare sozialak.
Sare sozialek asko laburtu dute artisten eta euren jarraitzaileen arteko espazioa; eta bi alderdien arteko harreman naturala sustatu.
Egun, zuzenean, artista askok bertara igotzen dute euren musika lehenbizi, irratitik igaro beharrean; eta ez dira gutxi horietako plataformaren batean arrakastatsu bihurtutako musikariak. Horietako kasu batzuk aztertuko ditugu gaur: Tik Tok plataforman sortutako Bella Poarch, Benson Boone, Macario Martinez, Pink Pantheress edota Nathan Evans; edo bere lehen pausuak Youtuben emandako Doechii.
Halaber, ez ditugu ahaztuko Euskal Herrian jazotako bi fenomeno ere: Huntza eta Aldapan gora abestiaren bideoa Youtuben, eta Tik Token biralizatutako Oroitzen abestiaren kasua, Sukena talde oñatiarraren eskutik.