Zuzenean

Aste honetan hizketagai izango dugun estiloa horietakoa da; berria, apurtzailea, freskoa eta gizartearen segmenturik gazteenean behintzat, oso oso arrakastatsua: hyperpopa. Pop musika bera berrasmatu nahi duena, honekin esperimentatu nahi duena, pop izaten utzi gabe noraino irits daitekeen frogatu nahi duena.
Genero honek hainbat estilo fusionatzen ditu, batik bat pop tradizionala eta EDMa, edo 'electronic' dance 'music' deritzona. Bere soinua ahotsean erabilitako efektuen ugaritasunagatik da ezaguna, baita sintetizadoreak eta erritmo elektroniko azkarrak ere. Estilo honetako artistek ahotsen eta instrumentu birtualen testurekin jolasten dute, soinu kaotiko bezain liluratzailea sortuz, batik bat gazte jendearentzat. Halaber, soinu distortsionatu eta glitchyekin entzuleari harridura eragin nahi diote, honekin musika abangoardista bat sortzeko. Funtsean, soinu futurista bat eskaintzen du, baina dudarik gabe pop-a dena, horregatik ez du hitz hori bere izenetik kendu.
Ad Libitumeko atal honetan, nazioartetik Euskal Herrira saltoka ibiliko gara uneoro; AG Cooketik Merina Grisera, Charli XCX-tik Miruara. Zeren, bai, estilo berri-berria izanda ere, dezente dira gaur egun hyperpoparen fenomenora gerturatu diren euskal artistak.