Countryaren bilakaera eta aurpegi ezkutua hizpide Ad Libitumen
Musika genero bakoitzak iruditegi jakin bat ekarri ohi du berarekin. Countryaren kasuan, gehienoi AEBetako gizon-emakume zuri katolikoa zetorkigun burura, baita bakero-txapelak eta basamortuak ere. Baina zer deritzozue countryan kultura afroamerikarrak eragin handia izan zuela esaten badizuegu?

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Gaurkoan, Ad Libitum saioan, Country musika izango dugu ardatz. Normalean, gaiak era oso arbitrarioan hautatu ohi ditugu hemen, baina kasu honetan badu gaurkotasunik: izan ere, joan den asteko Grammy sarietan, Beyoncé abeslariak estilo hau oinarri duen disko batekin, Cowboy Carter, urteko disko onenaren saria eraman zuen.Gertakari honekin, halaber, historia egin duela esan daiteke: afroamerikarrek countryan (ere) jarri duten alea aldarrikatzen baitu bertan.
Baina gaurkoan ez gara soilik Beyoncéren lorpenean zentratuko. Countryaren hastapenetatik gaur egun arte izan duen bilakaera berrikusiko dugu, bidarriak jarri dituzten artisten inguruan hitz eginez eta bakoitzak, bere partikulartasunetik, estilo honi eragin dizkion aldaketak aztertzen.
Irlanda, Tirol edota Eskozia bezalako lurralde europarretatik abiatutako folka Estatu Batuetan jaiotzen ari ziren beste estilo batzuekin (gospela edota bluesa) fusionatuz sortu omen zen countrya, 1920 inguruan. Jimmy Rodgers, Johnny Cash, Dolly Parton, Shania Twain, Chris Stapleton edota Jack White pasako dira irratsaiotik, abesti moduan bada ere, gure belarriak goxatzera. Beti bezala, entretenimenduz eta kuriositatez beteriko atala izango dugu Ad Libitumen.