Zuzenean
Ianire Aranzabe 'Esanezin' proiektua da, biak bat dira. Altzagaran sortua, Oriol Floresekin eman zion hasiera musika ibilbideari. Garai lasai batean topatu dugu Aranzabe: «patxada handiko pertsona naiz eta ez dut bereziki eskertzen erritmo bizietan erortzea».
Egiten dugun oro politikoa dela dio Aranzabek, eta euskaraz edo beste hizkuntza batean sortzeko erabakiaz galdetzerakoan, argi du: «nire ingurua oso eukalduna da, horregatik ez diot nire buruari sekula galdetu ea euskaraz kantatu behar duten edo ez. Euskara naturala da niretzako». Beste musikarien hautuaz galdetuta, zera: «erdaraz kantatzea erabaki duen pertsona batek, akaso, ez du bizi nire egoera berdina». Erdarazko kantuak aditzen dituela, eta kantatzen dituela dio, baina euskara ez den beste hizkuntza batean sortzen ez du ikusten bere burua Aranzabek.
«Eduki izan dut mendeku sena zapaldu nauen jendearekiko, baina orain urrunago sentitzen dut bulkada hori, ez du merezi horretan denbora galtzea». Ezin direnak esan aireratu dituela dio, eta jasandako lodifobia eta mespretxua gainditutzat dituela dio, arantzak eta saminak urruti utzi nahi ditu.
Oriol Floresekin eman zion hasiera musika ibilbideari eta 2021ean 'Aireratzen' EPa argitaratu zuen. Kolaboratu izan du Plegu, Esti Markez eta Postal Kolekzionistak taldearekin. 2023an bigarren diskoa kaleratu zuen, 'Erretratu bat'. Gizarte Hezkuntza ikasketak ditu eta umeen-jangela batean egiten du lan. Esanezin, Lain, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Ghau taldeen abestiak aukeratu ditu Otea Lili irratsaioan egin duen solasaldirako.