Naiz Irratia

Zein leku du elektronikak irratietan?

70. saiora iritsi da ∫ateliteak saioa eta hori ospatzeko alorrean burubelarri dabiltzan 'elektro gudariak' gonbidatu ditu saiora. Har daiteke saio hau omenaldi bezala, irratia eta elektronika uztartzen duten horiei egina.

Audio_placeholder

Zein leku du elektronikak irratietan?

Loading player...
∫ateliteak-Deluxe- 70. saioa
∫ateliteak-Deluxe- 70. saioa

70. saiora iritsi da Telmo Trenorren ∫ateliteak saioa. Asteazkenero, elektronika menu ederrak prestatzen dizkigu donostiarrak, baina 70 zenbaki borobila izaki, saio berezia antolatu du Trenorrek eta Gros auzoko Naiz Gunera gonbidatu ditu hainbat lagun, guztiei gustatzen zaie elektronika eta guztiek badaukate elektronika irratsaio bat.

Mahaiaren bueltan elkartu dira Asier Balzategi eta Kepa Zabaleta (Hous of Beats), Peio Erramouzpe (Toki), Iñigo Aramendi 'Anwolt' eta Danel Esnal 'Xiarroman' (Bermudatik) eta Ines Garcia (Moonsafari), eta mezu bidez eman dute testigantza Javi Pezek, Makalak eta Zaratak 14ko kideek.

Egia da azken saio hau jada ez dela egiten, eta arazoari ere heldu diote «Ines, aitortuko dut oso zaila egin zaidala elektronikari buruzko irratsaio bat egiten duen emakume bat topatzea, eta nahiz eta MoonSafari hilda dagoen hemen egon behar zenuen» aitortu du Telmo Trenor gidariak saioa hasi berritan. Gerora, ideia zaparrada baten ondoren, Donostiako Ttan Ttakun irratian ere emakume batek egindako elektronika saio bat badagoela gogoratu dute, baina ez dira asko.

Asier Balzategik eta Kepa Zabaletak Bergarako Txapa irrati librean egiten dute 'House of Beats' saioa,  6. urtea dute aurten, «ez dago gaizki» diote. Proiektua hedatu da gainera, dela urte batzuk martxan jarri baitzuten 'Hous of Beats' zigilua ere. 

Donibane Lohitzuneko 'Dia Radio' irratiko sortzaileetako bat da Peio Erramouzpe, eta saio propioa ere badu, 'Toki', elektronikari buruzkoa noski, hilabetean behin egiten du saioa. Duela 2 urte sortu zuten Dia irratia eta, gaur egun, 50 bat lagunek osatzen dute kolektiboa. «Hasieran musika soilik hasi ginen ematen, baina orain solasaldiak ere egiten ditugu». Kontzertu antolatzaile, musika irakasle, ziztatzaile eta orain irrati esatari da Erramouzpe. «Pandemiagatik urte berezia izan da eta ohartu gara irratiak garrantzia hartu duela, eta guretzako zinez garrantzitsua izan da konfinamendu urte hau, bultzada bat izan da. Egia da alde txar ugari izan dituela, baina irratiarentzat oso aberatsa izan da. Proiektu berriak jarri ditugu martxan eta harreman berriak egin ditugu».

Konfinamenduak ere izan du zerikusi zuzena Arraio Irratiko 'Bermudatik' elektronika saioaren sortzean. Asperduratik sortu zuten Iñigo Aramendi 'Anwolt'-ek eta Danel Esnal 'Xiarroman'-ek saioa. Irratsaioa ez ezik 'Bermuda' kolektiboa ere sortu dute, haien helburua elektronika Zarautzen zabaltzea da. «Zarautzen oso elektronika zale gutxi dago, eta dagoen horrek musika ziztatzen du. Horregatik, elektronikarako publiko berriak bilatu behar ditugu herrian» diote zarauztarrek. Elektronika beti egon da gauari lotua eta haiek elektronika hori baina zabalagoa dela aldarrikatzen dute.

Irratia eta elektronika aspalditik gurutzatu dira Ines Garciaren bizitzan ere. Lanbidez liburu saltzailea, Donostiako Gros auzoan dago 'Tobacco Days' bere liburu dendan, elektronika emanaldiak ere egiten ditu, eta Krii kolektiboko kidea da. Garaian, Info7 irratian, 'Yellow Submarines' egiten zuen eta, ondoren, 'Moon Safari' Gaztea Irratian, baina iaz amaitu zen saioa. «Nire helburua ordubetez elektronikari buruz hitz egitea zen, baina ikuspegi desberdin batetik. Alde batera utzi nahi nuen Europako gizon zuri ekoizlearen irudia. Emakumeek bere txokoa zuten, eta aukeratutako musikak ere ez zuen zertan izan behar garaikidea edo modernoa. Ezin baita oraina ulertu atzokoa ulertzen ez bada».

Zer leku du elektronikak irratian?
Euskal irrati panoraman badaude elektronika saioak, eta horien zerrenda bat osatzea izan da saio 'Deluxe' honen helburuetako bat. Aurretik aipatutako irratsaioei gehitu behar zaizkie, Emesutan, Revolutionary Grooves, Euskrakts edota Kubo.

Mahaiaren inguruan elkartutako denek irratia egiten badute ere, kontsumitzerako orduan alde handiak daude beren artean. Batzuk tradizionalak dira eta gustatzen zaie irratia piztu eta dagoena aditzea, beste batzuek irrati aparaturik ez eta mugikorretik aditzen dute podcast bidez. Irratia zuzenean autoarekin lotzen dutenak ere badira. Hori bai, denak bat datoz irratiak harra gisako bat sortzen duela esaterakoan. Diote irratiaren balio handienetako bat dela musika berria ezagutu eta ezagutaraztea, eta irratiak kuriositatearekin lotura zuzena duela.

«Irratiak eta ziztadek badute harreman estua» dio Ines Garciak. «Ziztatzerakoan zure irizpide musikala ematen duzu ezagutzera eta irratian berdin. Niretzako bazuen kateatzeko gaitasun moduko bat, eta nahiko ‘yonki’ bihurtu nintzen. Azken finean, irratiak behartzen zaitu musika berria entzutera eta ez bakarrik dantzalekurako». Irratiko esperientziak beraien ziztadetan ere eragina izan duela aitortu du Garciak «ziztatzeko orduan asko lagundu zidan irratsaioak. Irratirako egiten nuen aukeraketa gero dantzalekura pasa zen, eta burua asko zabaldu zidan horrek». Berdin pentsatzen dute 'Bermuda' kolektiboko kideek. «Guretzako gune aske bat bihurtu da irratsaioa. Ondo pasatzen dugu eta, gainera, ez diogu inori azalpenik eman behar. Guk elkarrekin egiten dugu saioa eta gustu musikal antzekoak baditugu ere ez genituen kantuak konpartitzen, orain irratian kantuak konpartitzeko aukera dugu».

Elektronika gutxi entzuten da egun irratian, behar bada, 'publiko guztietarako' musika ez dela aurreiritzi orokortu bat badagoelako. Horri tiraka, sare sozialetan bolo-bolo ibili den azken polemikari ere heldu diote.  Zer musika mota jarri behar du Gaztea bezalako irrati batek? Galderaren erantzunean bat egin dute denek, Gaztea irrati publiko bat izanda bestelako estrategia bat beharko lukeela izan, eta ezin duela irrati-formula pribatu baten estrategia segitu, eta ondorioz, musika denak, eta batez ere bertakoak izan beharko lukeela lekua.