En directo
'Dena Irailerako' saioan izan dugu asteazken honetan Eider Iruretagoiena psikologo eta hezitzailea astero legez. Hitz egiteko gai ezberdinak ekartzen dizkigu gurera datorrenero, baina uda honetan gurean burutu duen hirugarren atalean zentzumenak jarri nahi izan ditu mahai gainean. Gizakion egunerokotasuna ehuneko ehunean baldintzatzen dute zentzumenek Iruretagoienak ondo azaldu digunez, zirraren antzera garrantzia handia dutela dio. Ondo xehatu nahi izan ditu ere gizakiok ditugun lau sistema errepresentazionalak.
«Bakoitzaren zentzu indartsuena jakiteak, autoezagutza erraztu lezake» adituaren esanetan eta ohartzen ez baldin bagara ere, beste pertsona edota lagun baten bizi esperientzian paper garrantzitsua izan dezakete. Hobeto ulertu ahal izateko, adibide bat jarri nahi izan du ikastetxe bateko haurren irakaskuntzari erreparatuz. Azalpenaren helburua, pertsona guztiok berdinak ez garela erakustean oinarritu du, batzuk pertsona auditiboagoak direla eta beste batzuk bisualagoak.
Askotan pentsatzen dugu halakoez, baina Iruretagoienaren esanetan, «denon zentzumenek ez dute berdin jokatzen». Erosketa ezberdinak egiterakoan esaterako, gure zentzumenek zertan eragiten diguten azaldu du 'Dena Irailerako' saioan. Aipatu du baita ere zein puntura arte uzten dugun zenbaitetan bakoitzaren zentzu kinestesikoa ala sentsazioa alde batera emango dugun irudiaren truke. Esate baterako, soinean erosoa egiten ez zaigun arropa jantzita eramaten dugunean.
Badira beste batzuk ordea, barne elkarrizketak ala pentsamenduek gidatzen dituztela gehiago. Psikologoaren hitzetan halakoek jatetxe bat ala beste hautatuko lukete prezio-kalitate erlazio ona duelako, ala produktuak toki zehatz batetik ekarritakoak direlako. Modu batera edo bestera izan, ondo adierazi du ez dagoela zentzumen bat indartsuago izateko hobea ala okerragoa denik, nahiz eta orokorrean desorekatuta egoten direla baieztatu duen.
Psikologo eta hezitzaileak azpimarratu du zentzumenak ere oso garrantzitsuak izan daitezkeela harremanetan. Bikote baten harremanean esaterako, beste pertsonekin komunikatzerako orduan alegia. Izan ere, gerta daiteke «norberak zentzu batzuei garrantzia handiagoa ematea eta parekoa beste batzuetan mugitzea».