Zuzenean
Ostegun honetarako ere eduki ugari prestatu ditugu 'Dena Irailerako' saioan, baina guztiek izan dute beraien ezberdintasuna. Gai ezberdinen inguruan hitz egiten dugunean, koloreek badutela zerikusia konturatu gara. Sentimenduei erreparatzen badiegu ere, kolore batekin identifikatu izaten ditugula askotan esan genezake, eta musikan ere asko erabili izan dira eta oraindik erabiltzen jarraitzen dira zenbait kolore. Alde batetik eta bestetik etorri zaizkigun kolaboratzaileei esker, ostadar txukuna osatu dugu gaurko saio honetan ere.
Egun erabat historikoa izan da gaurkoa, Iker Plazaola gure kolaboratzailea saioa hasi baino lehen gerturatu zaigu Donostiako Atalaiara. Badaezpada aurrez grabaturiko eduki batzuk zituen eta horiekin ziria sartu nahi bazigun ere, Tessak zapia bota du lurrera. Digitalizazioaren inguruan hitz egiteko eta Euskal Herritarren honen inguruan diotenaren ingurukoak ezagutzeko, kalera atera da eta gonbidatu ezin hobe bat lortu du oraingo honetan ere.
Urko eta Kimok ez dute hutsik egin oraingoan ere, 'Urkimokeriyak' beraien atalak jarraipena izan du beste ostegun batez eta denetarik ezagutu dugu beste behin. Tessak saioan bertan aipatu duen modura, askotan entzuten ditugun albisteei erreparatzen ez diegunean, arreta jartzeko modua topatzen du bikoteak. Astean zehar bildutako albiste ezberdinekin erlazionatu dituzte beste behin kantu ezberdinak.
Gonbidatuen tartean Erik Berganza (Abereh) bakarlariarekin aritu gara kontu kontari bere ibilbideaz eta atzo izan zuen emanaldiaz hitz egin ahal izateko. Ez du lan gutxi egin musikaren munduan eta aurrera begira duen iraganaz galdetuta, kontzertuak eta emanaldi bereziak eskaintzen jarraituko duela adierazi digu Euskal Herriko areto ezberdinetan. Zitalek berriz bermeotar esamolde ezberdinen inguruan duen bildumaz hitz egin digu eta txundituta utzi gaitu gainera. Lan bitxi bezain dotorea den honek, begirada bat ematea merezi du. Amaitu aurretik, labur izan bada ere Ibil bedi taldeko lagunekin hitz egin dugu bihar izango duten kontzertuaz jarduteko.