En direct
Iragan urteko hondarrean, azaroaren hasieran, ‘Urumea zena eta dena’ hitzaldi zikloa izan zen Hernanin Hernaniko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak antolatuta. Edizio horretako zeharlerroa basogintza izan zen. Hitzaldi zikloa izan zen, baina, labur-laburra. Hiru hizlari bildu zituzten aretoan eta bakoitzari 15 minutuko ekarpena egiteko eskatu zitzaion. Basotik hasi, ibaian murgildu eta errekarainoko bidea egin zuten hiru adituek txandan-txandan, bertako biodibertsitatea zabalari erreparatuz.
Urumea bailarako basoaren kudeaketa eta ustiaketa historian zehar
Lehen hizlaria Álvaro Aragón historialaria izan zen. Aragón basogintzaren historiari eta bilakaerari lotutako ikerlanetan jardun izan da, baita abeltzaintzaren eta nekazaritzaren gainekoetan ere. Hitzartzean baso kudeaketako gako nabarmenei erreparatu nahi izan zien.
XIV. mendean hasi zen baso kudeaketa jasangarria delakoa. Basoko herri lurrak zatituta zeuden, batetik, burdinolentzat egur ikatza egiteko eta, bestetik, baso-erreserbak kostaldean egingo ziren itsasontzientzat. 1379an Urumeako Zilegietako Hitzarmena sinatu zuten Hernanik eta Donostiak eta bertan egin zen mintegien lehen aipamena, moztutako basoak berreskuratzeko. Euskal Herri mailako prozesua izan zen hori eta itsasontzien atalak egitera bideratutako “zuhaitz gurutzatuak” terminoa agertu zen, gerora, “gidatuak” bezala gordeko zena.
Ustiapena areagotu ahala, kudeaketa zailtzen hasi zen eta ordura arte librea zen erabilera mugatzen hasi. Errege-erreginen aginduz, zuhaitzen inausketan ezingo ziren adar guztiak kendu, bi adar nagusi mantendu beharko ziren: ipinabarrak. Bestalde, 1436an sinatu zen hitzarmenean lizentziak banatzeaz gain, basozain figura gehitu zen.
1548an Gipuzkoako Batzar Nagusiek, beharraz eta baso-aberastasunaz arduratuta, hiru neurri proposatu zituzten: ondotik ebaketa egitea debekatzea, udal bakoitzak urtero 500 haritz edo gaztainondo landatzea eta bi adar nagusiak mantentzea. Horrela sortu zen txaradi eta tantai eredua. Gerora, ordea, itsas armadaren beharrei erantzuteko aro berriko eredu berri bat sartu zen tantaiak zuhaitz motzak edo lepatuak bihurtuz.
XVII. mendean hasi ziren txaradiak gidatzen eta lepatuak bihurtzen, ondorioz, XVIII. menderako zuhaitz gehienak lepatuak ziren. 1748-1759 monarkia hispanikoak itsas armada indartu zuen eta itsasontzien fabrikazioa lekualdatu baziren ere, Euskal Herriko mendietatik hornitu ziren egurrez. Lepatuen landaketak egiten hasi ziren, baina arazoa ere etorri zen: landatuen laurden bat galtzen ari zen. Aro berriko eredua industrializazioa heltzean ez zen eraginkorra zuhaitzen hazkuntza erritmo bat dutelako eta industriak beste bat behar duelako. Horregatik, sistema aldatu eta kanpoko espezie batzuk ekartzeari ekin zitzaion, pinuak, kasu, aro garaikideko ereduari bide emanaz.
Egurraren bidaia: basotik itsasora, Urumean behera
Bigarren hizlaria Miren Garcia izan zen. Geografian eta historian lizentziatua, Erdi aroa eta erdi aro osteari erreparatu izan dio bere lanetan eta hainbat arkeologia-lan eta hiri zein industria testuinguruko lan zuzendu ditu eta, jardunaldian, “Egurraren bidaia: basotik itsasora, Urumean behera” hitzaldia eman zuen.
Ibaitik beherako bidaia proposatu zuen XVI. mendetik XIX.era. Urumeak garrantzia historikoa izan du komunikazio arteria nagusia baitzen. Lurreko garraioa oso motela zenez eta orografia oso zaila, ibaiak hartu zuen nagusitasuna. Kostaldea eta barnealdea lotzen zituen ibaiak, baita bailara desberdinak ere. Merkantziak Hernanitik Donostiara edo Martutenera eramaten ziren eta, hortik, baita Pasaiara ere, beraz, komertzio-bide esanguratsua zen. Egurra eta burdina garraiatzen zen batik bat. Gerora, sagardoa, elikagaiak eta animaliak garraiatzen hasi ziren eta, jakina, pertsonen pasoa egiten zuten. Horretarako, ontzi bereziak baliatzen zituzten. Gabarrak, alak, txanelak… toki batzuetan tamainaren arabera sailkatzen dituzte eta besteetan izen bera hartzen dute ontzi guztiek. Haritzez egindakoak, zabalak eta sakolera gutxikoak izaten ziren eta, bultzatzeko, altzairuzko puntadun egurrezko pertigak erabiltzen zituzten.
Ibaia behera korronteak laguntzen zien bezala, gora egiteko itsas gora eta idiak baliatzen zituzten. Zailtasunez betetako bidea zen, zeren, ibaia hazita zetorrenean gora egiteko zailtasunak izaten zituzten eta, ur gutxi zenean, harrien kontra jotzen zuten. Horrez gain, arazo iturri ziren nasak eta arrantzarako izokin sareak. Ibaiaren heren bat libre uztera derrigortuta egonagatik, ez zen beti betetzen eta epaiketak izaten ziren. Errotekin ere nahikoa arazo izaten zuten gabarrentzat oztopo ziren presak medio.
Urumean ere, alferrik dira gabarrak porturik ez badago. Sare garrantzitsua zegoen bailara, hasi Santa Catalinatik eta Ereñotzura 11 portu zeuden. Batzuk behin izanaren arrastoak dituzte oraindik eta, beste batzuk, zaila da sinestea inoiz portu izan zirenik. Esaterako, 1707ko uholdeetan ibaia lekuz aldatu zen gaur egun duen ibilgura eta Portuko portua urik gabe geratu zen. Hori dela eta, egun, Portu auzoak ez du ez portu ez ibai. 1769an Osiñagakoa izan zen urik gabe geratu zena.
XIX. mendean gainbehera hasi zen. Udalak portu guztiak saldu zituen frantziar okupazioak eragindako galera zela eta. Ginera, XIX. mende erdialdean lurreko garraiobidea asko hobetu zen, ferrokarrila martxan zegoen... Ibaiarik beste erabilera bat ematen hasi ziren, aisialdiari lotuagoa eta lanbideetatik urrundua.
Uhandre piriniotarra basoaren babesean
Hirugarren hizlaria Egoitz Alkorta Gipuzkoako foru aldundiko basozaina izan zen.
Ingurumen zientzietan lizentziatua eta biodibertsitatean masterduna, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko kidea da eta anfibio eta narrastien gaineko dibulgazio, kudeaketa eta ikerketa lanetan parte hartzen du. Uhandre piriniotarraren atzetik, Hernaniko erreketan egindako lanez eta basoak faunaren biziraupenean baso-kontserbazioaren garrantziaz hitz egin zuen.
Uhandre piriniotarra anfibioa da, Pirinioetako errekastoetan bizi da eta ur hotzeko errekastoak gustatzen zaizkion espezie endemikoa da. Bizilekutzat ditu goi-mendietako errekak baina, batzuetan, behe eta ertain eremuetan ere topatzen da (Urumeako kasua). Banaketa eremua Nafarroa iparraldera eta Gipuzkoako puntu batzuetara heltzen da eta, halakoetan, Pirinioetan baino altitude gutxiagoko eremuak ditu bizigai. Bizigai izanagatik, Urumea bailarakoak ez dira animalia honentzat baldintza optimoak eta horregatik du banaketa zatitua.
1991an aurkitu zen lehen alea Gipuzkoan, Leitzaran arroan. Oraingoz, hori omen da ezagutzen den populazio bakarra. 2019tik aurrera, Aranzadi Zientzia Elkartea lanean ibili da Goizueta inguruan, 2021an emaitzak publikatu zituzten eta, 2023an, Hernanin aztertzen hasi ziren bertako errekak zenbateraino izan daitezke egokiak uhandrea bizitzeko. Zergatik Hernani? Goizueta inguruko errekastoen ezaugarri eta baldintzak ia ia berdinak direlako. Ikerketan hiru helburu izan dituzte: bi herrietako hiru erreketan laginketak egitea, higiene protokolo zorrotzak jarraiki; erreken karakterizazioa egitea; eta uhandrearen bizilekuaren mikrohabitataren karakterizazioa egitea. Datu horiek aztertu eta Hernaniko transektuak alderatu dira uhandrearen presentzia eta ausentzia dagoen beste transektu batzuekin.
Emaitzak ez dira desiragarrienak izan, izan ere, ez da uhandrerik aurkitu. Alkortak aurkitu ez izanaren hipotesi batzuk aurkeztu zituen: izan daiteke lagintzean huts egin izana, uhandrea dagoen puntuetara iritsi ez izana, Hernanin inoiz egon ez izana edo egon izana, baina, desagertu izana. Hipotesi horietan, nabarmendu zuen, giza eraginak pisu handia izan zezakeela. Basozainak argi zuen, ezin da ziurtatu badagoen edo ez dagoenik, ezta bazegoenik edo desagertu denik ere. Izan ere, Hernaniko errekek, Goizuetakoekin alderatuta, uhandrearen gustuko diren jauzi eta putzu gutxiago dituzte; uraren oxigeno kantitatea ere ez da berdina; eta, hala ere, mikrohabitateko sustratua uhandrea bizitzeko modukoa da.
Hipotesien gain, eragile posibleak aurkeztu zituen, hala nola, historian zeha paisaiak jasan duen bilakaera. 1985an iturburuen inguruko lurrak soilduta zeuden eta meatzaritzak eta ikazkintzak izandako garrantzia aipatu da lehenago. 80ko hamarkadatik aurrera, egungo basogintza eredua sartzen da koniferekin eta, azken hamarkadan, eukaliptoa gehitu da sailera. Meatzaritza jarduerak eta egungo baso ereduak eragin zuzena dute euri jasekin ematen diren lur erauntsiekin eta, horrek, uhandrearen bizilekuan eragina du. Horrez gain, 20-30 urtero soiltzen dira mendi horiek eta erauntsi-arriskua handitzen da. Bestalde, ura epeltzen da eta oso kaltegarria da ur-hotzeko bizidunentzat. Are gehiago, eukalipto hostoek toxizitatea dute eta bertako anfibioen osasun egoera izugarri kaltetzen dute.
Hori dela eta, Alkortak bertako basoen eta basoen kontserbazioen garrantzia azpimarratu zuen erreka ekosistema osoarentzako.