Zuzenean

Eli Pagola

Erraustegia: arrisku politikoa

Tokiko zaborrak kudeatzeko beharrak eta hondakin ereduek agenda politikoan leku egin dute, aldez edo moldez. Zubietako erraustegiak eztabaida publiko handia piztu du bai maila politikoan, bai sozialean. Ez dira  gutxi instalazioaren egokitasuna zalantzan jarri duten ikerketa, aditu eta herritarrak.

Audio_placeholder

Erraustegia: arrisku politikoa

Loading player...
Zubietako erraustegia 2021eko urtarrilean hartutako irudi batean.
Zubietako erraustegia 2021eko urtarrilean hartutako irudi batean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Energia-instalazioek eztabaida publikoa sortzea ez da gaur goizeko kontua, akronimo bat ere sortu da horren bueltan: NIMBY (Not-In-My-Backyard edo ez nire etxe ondoan) efektua. Tentuz erabiltzeko moduko terminoa da, izan ere, beharrezkoak omen diren baina inork ondoan nahi ez dituen proiektuei egiten die aipamena eta, gainera, norbanakoari begirakoa da; nik nire etxe ondoan nahi ez dudala esateak, badirudi, bost axola zaidala beste norbaiten etxe ondoan egiten bada.

Erraustegiarekin jarraituz, Txostena burutu duten ikerlarien arabera, eztabaida hauetan ikuspuntu desberdin asko daude eta aldeen ikuspuntuak gehiegi sinplifikatzeko joerak, elkarrizketa soziala eta parte-hartzea zailtzen du. Hori dela eta, lan honen helburua izan da ikuspuntuen dibertsitatea agertzea eta sailkatzea. Ekarpena egin duten ikerlariak ondorengoak dira: Mikel Subiza-Perez, Aiora Zabala, Daniel Groten, Laura Vozmediano, Cesar San Juan, eta Jesus Ibarluzea. Journal of Risk Research aldizkarian argitaratu dute lana.

Zubietako erraustegiaren inguruko hiritarren kezkak hiru multzotan edo ikuspuntu profiletan taldekatu dituzte, gaiei emandako garrantziaren arabera. Beraz, honako hiru multzo bereizi dira: giza osasuna, politika eta erakundeak, eta natura edo tokiko eragin sozio-ekologikoak.

2021ean 50 pertsonari egindako galdetegietatik eratorritako irakurketa egin du taldeak eta, denera, Zubietan kokatutako errauste plantaren gaineko 26 arrisku edo kezka nagusi identifikatu dituzte, lehenxeago esandako hiru multzotan bereizi dituztenak. Garrantzia gehien hartu duen multzoa pertsonen osasunari dagokiona da eta kezka nagusiak izan dira minbizia, kutsadura kimikoa, arnas eritasunak eta abortua. Kezka gutxien eragiten zutenak dira trafikoari, koexistentziari, ospeari, estetikari eta espazio publikoei buruzkoak. Bigarren maila batean ageri dira planetari, naturari eta ingurumenari dagozkien kezkak, hala nola, zarata, usaina, kutsadura kimikoa eta fauna eta floraren degradazioa.

Lehen bi multzo hauetarako, erantzule profil bat identifikatu dute: Teknozaleak. Europako beste kokaleku batzuetan jadanik zabalduta dauden teknologia modernoekiko konfiantza adierazten dute eta arrisku pertzepzioa txikitzen die horrek. Hirugarren multzoa, eta, agian, kezken ezaugarriengatik aurreko bietatik desberdinagoa dena eta orain arte arriskuen artean askorik nabarmendu ez dena, instituzioengan eta erabaki prozesuengan konfiantza ezak eragiten duen arrisku pertzepzioa da. Galdetegia erantzun duten herritarren artean kezka iturri bihurtu da informazio eskasia eta arriskutzat dute instituzioen gardentasun falta. Arlo honetan, zenbaitek etorkizuneko gatazkak ikusten ditu, horiek ebazteko mekanismoak, judizialak edo ez, aipatu dira eta konfiantzarik ezak arriskuak areagotuko dituen ustea dute. Perfil hori besteak baino kezkatuagoa dago gizarte-koexistentziarekin, instituzioek hiritarrekin dituzten tentsioekin eta erabakietan gizartearen parte-hartzerik ezarekin.

Arrisku pertzepzioak leuntzeko moduak ere proposatu ditu lantaldeak eta adierazi dute osasunaren eta naturaren gaineko kezkak deusezteko modu eraginkorrena informazioa eta instalazioaren kudeaketa eta monitorizazio aproposa izan daitezkeela. Hirugarren multzoko kezkak, ordea, politikariekiko eta erakundeekiko konfiantza faltak dakartzanak leuntzeak estrategia konplexuagoa, luzeagoa eta zabalagoa behar duelakoan daude, ez baita erraza haienganako konfiantza berreraikitzea.

Arrisku pertzepzioen gaineko ikerketa egiteko Q metodologia baliatu dute. Metodologia honek laginaren aniztasunari ematen dio garrantzia eta ez kantitateari. Beraz, ohiko iritzi inkesten modura, lagina ez da oso handia. Giza talde desberdinetako erantzuleak bildu nahi izan dituzte eta horretarako jo dute tokiko elkarteetako kideengana, ikasleengana, ikerlariengana, osasun langileengana eta aipaturiko taldeen parte ez ziren hiritarrengana. Kokalekua ere zabala izan da, erraustegitik hurbilekoak, inguruko herrietakoak zein distantzia ertainera daudenak bildu dituzte.

Jaurlaritza Logoa