Zuzenean

Gaurko tertulian kirolak haurdunaldian duen papera aztertu dugu Iñaki Arratibel kirol medikuarekin. Jarduera fisikoa, kasu gehienetan, segurua eta gomendagarria dela azaldu digu, betiere egoera pertsonala eta medikuaren jarraipena kontuan hartuta. Haurdunaldiaren fase bakoitzean gorputzean gertatzen diren aldaketak eta entrenamendua nola egokitu behar den ere izan ditugu hizpide.
Era berean, erditu ondoren jarduera fisikora nola eta noiz itzuli azaldu du Arratibelek. Hain zuzen, itzulera hori progresiboa izan behar dela azpimarratu du, gorputzak behar duen denbora errespetatuz eta ohiko akatsak saihestuz. Indarraren lanketa, atsedenaren garrantzia eta jarraipen profesionala funtsezkoak direla nabarmendu du kirol-medikuak, batez ere, lesioak edo arazoak ekiditeko.
Segurua al da kirola egitea haurdunaldian?
Nik uste dut gauzak asko aldatu direla azken boladan. Segurua baino, nik esango nuke, neurri batean, beharrezkoa dela. Kontuan izan behar da zer kirola mota praktikatzen den, noiz, zein neurritan...
Zergatik uste duzu oraindik ere beldur hori dagoela?
Azken finean, pertzepzio bat egon delako medikuntzan bertan, eta ginekogoloek zalantzak izan dituzte. Oso zaila da neurri batean ikerketa sakonak egitea eta benetazko ikerketak egitea ondorioak dakartzaten ala ez jakiteko. Hortaz, medikuntzan ikertuak izan ez diren aferak, emaitza garbirik ez dituztenak, beti kontuz handiarekin hartzen dira.
Zeintzuk dira onurak amarentzat eta haurrarentzat?
Batez ere amarentzat, alde fisikoari dagokionez, pisua kontrolatzeko. Pisu handiegia izateak ez dio onurik egiten, eta erditzeko unerako prestatu behar da emakumea. Hori ez ezik, erditu ondoren, errekuperatzeko eta bizi modu arrunt batera ahalik eta hoberen itzultzeko prestatu behar da.
Dena den, mugak egongo dira eta kalterik sor ditzake intentsitate batetik gora kirola egiteak.
Arrisku ugari daude. Inpaktua edo borroka eragiten dituzten kirolak ez dira onuragarriak. Baina, kontrolatu beharrezko lehenengo gauza da haurdunaldia nola dihoa. Bide onetik badihoaz, jarduera fisikoa egin daiteke, baina planteatu beharko litzateke hiru une ezberdin daudela bederatzi hilabeteetan zehar: lehenengo hiruhilekoa, erdiko hiruhilekoa eta azken hiruhilekoa. Nahiko garbi geratu da azken fasean arrisku gutxi daudela, pentsatzen dena baino gutxiago; aldiz, zalantza gehiago daude lehenengo sei hilabetetan. Prozesu hasieran, plazenta garatzen doa eta garrantzitsua da gauzak ondo egitea fetua ondo gara dadin. Horrez gain, kontuan hartzeko modukoa da odolaren hornidura amatik fetura dihoala; beraz, ikusi behar da jarduera fisikoak zenbateraino mugatuko du hori. Hidratazioa, tenperatura igoerak eta pisuaren kontrola ere ezinbesteko faktoreak dira.
«Nahiko garbi geratu da azken fasean arrisku gutxi daudela, pentsatzen dena baino gutxiago»
Jarraipen zorrotz bat egitea medikuarekin guztiz komenigarria da, ezta?
Ezinbestekoa da ginekologoarekin kontsultatzea, hala da. Bakoitzak ezagutu behar du bere burua, zein neurritan egin du kirola, noiztik eta abar. Intentsitate handiago batean ekingo badio kirola egiteari, kontsultatu behar da. Ikusi behar da kirolak zenbateraino mugatzen du jarduera fisikoa. Adibidez, irakurri nuen behin kirolari batek parte hartu zuela Olinpiar Jokoetan hardunaldiaren zazpigarren hilabetean, baina arku-tiroan. Kasu askotan, kirolaria garraio batean dihoa, hala nola txirrindulariak. Hortxe arazo bat egon daiteke, ez bizikletan aritzeagatik, baizik eta erortzeko arriskuagatik. Egokitu behar da jarduera fisikoa. Bederatzi hilabetez, jarduera fisikoa egin gabe baldin badago kirolaria, forma fisikoa galtzen du.
Kirolari bat itzuli daiteke bere mailarik gorenera haurdunaldi baten ostean?
Bai, ez dago arazorik. Egia da joera bat dagoela goi-mailako kirolarien artean haurdunaldia atzeratzeko, kirola utzi ondoren umea izateko. Baina, egiari zor, ondo planifikatzen badu kirolariak prestatzaile fisikoarekin, ginekologoarekin, espezialistekin, ez du zergatik luze joan behar maila errekuperatzea.
«Ez da gaixotasun bat, baizik eta egoera fisiologiko ezberdin bat, eta, gainera, erakutsi da onuragarria dela emakumearentzat»
Azken urteotan, tendentzia aldatu dela uste duzu, hau da, haurdunaldiaren tabua desagertu dela esango zenuke?
Nik uste dut zeozer aldatu dela, batez ere, jarduera fisikoan jarraitzeko haurdun zauden kontzeptuan. Duela urte batzuk pentsaezina zen, gaixotasun bat izango balitz bezala hartzen zen. Eta, ez da gaixotasun bat, baizik eta egoera fisiologiko ezberdin bat, eta, gainera, erakutsi da onuragarria dela emakumearentzat jarduera fisikoa egitea. Kontzeptu hori barneratu den heinean, tabua desagertzen joan da.
Hidratazioak garrantzia duela aipatu duzu arestian, zenbat edatea gomendatzen da?
Bi litro inguru, bi litro eta erdi. Jarduera fisikoaren arabera, baina jarduera fisikoa egiten duzun ordu betero, litro bat. Erotu gabe.


