Zuzenean

Eli Pagola

«Garoñako hondakin nuklearrak bertan egongo dira beste bost hamarkadaz»

Joan den ostegunean, hilaren 7an, NAIZen irakurri ahal izan genuen Garoñako zentral nuklearraren barrenera bisita, Jon Salgado aktualitateko erredaktorearen eskutik, eta guk Gelditu Makinak saiora gonbidatu dugu. 2012tik deskonektatuta dago zentrala eta, orain, deusezte prozesuan ari dira.

Audio_placeholder

«Garoñako hondakin nuklearrak bertan egongo dira beste bost hamarkadaz»

Loading player...
Sala de control de Garoña.
Sala de control de Garoña. (Endika PORTILLO | FOKU)

Ze inpresio eman zizun Garoñara sartzeak?

Garoñan hainbat aldintan egon naiz, baina, beti kanpoaldean, manifestazioak jarraitzen. Berezia izan zen barrura sartzea, ez nekien zer topatuko nuen. Beti ikusi ditugu Nuclenorren webgunean argazkiak baina ez nekien barrutik zehazki nolakoa zen.

Sartzeko segurtasun neurriak harritzekoak dira. Pasa behar dituzu hainbat kontrol, sinatu dokumentuak diotenak ez duzula argazkirik aterako baimenduta ez badaude… Izan ere, nahiz eta desmuntatzen ari diren, oraindik  zentral nuklear bat da, erreaktorea bertan dago eta hondakinak ere bai.

Informazio eta osasun segurtasun neurri ugari zorrotzak daude, beraz.

Bai, bai, oso neurtuta dago guztia. Kontrolen ondoren, EPPI eta gainerako babes elementuak jazten dituzu eta neurgailu bat ematen dizute jakiteko zenbat radiazio ari zaren pilatzen gorputzean.

Ikaragarria da erreaktorea atmosfera desberdin batean dagoela. Hori da istripuren bat egonez gero, leherketa modukoren bat izanez gero, barrurantz egiteko eta, horretarako, atmosfera konkretu hori lortzeko, hainbat esklusa eta ate berezi baliatzen dituzte. Ikaragarria da hori dena ikustea.

Egia da instalazio industrial bat dela baina sumatzen duzu zerbait berezia dagoela, zerbait arraroa. Ikusten duzu nola hormetan eta zoruan jartzen duen ezin duzula bertan egon epe labur batean radiazio maila altua pilatu dezakezulako.

Instalazioaren hainbat gune ikusi ahal izan zenituzten: kontentzio gunea, pistina, turbinak eta abar. Horiek denak deusezteko bi fase bereizi dira, ezta?

Bi fase izango dira eta, guztira, 10 urte iraungo du. Lehenengo hondakinak aterako dituzte, 40 urtetan erabilitako uranioa bertan dago eta modulo berezi batzuetan sartuko dute, ondoren, 5 hamarkada luzez bertan egongo den deposito batera eramateko. Beraiek diote, segurua dela, antisismikoak diren bi plantxa handi jarri dituztela lurrean baina, azken finean, kezka eragiten du.

Ez dago ezer estalita, Ebro ibaiaren ondo-ondoan daude jada atera dituzten lau moduloak eta, niri behintzat, arraroa iruditu zitzaidan, zeren, ekaitz larri bat izanez gero edo Ebrok gainezka eginez gero katastrofea oso gertu ikusten da. Baina, esandakoa, beraiek diote segurtasun neurri bereziak direla eta dena kontrolpean dagoela. Bigarren fasean elementu handiak deuseztuko dituzte.

1971tik erabilitako erregaien hondakinak, uranioa, dago pistina batean. Hori aterako dute lehen fasean. Zure artikuluko galdera bat: zer pasako litzake babes neurririk gabe aterako balitz pistinatik uranio barra bat?

Barra bat segurtasun neurririk gabe ateraz gero, bertako langile guztiak hilko lirateke. Alderatzeko, Fukushiman ere halako pistina bat zegoen eta gertatu zen istripua izan zen pistina urik gabe geratu zela. Urik gabe geratzean, bertan pilatuta zegoen uranioa berotu egin zen eta, hortik aurrera, badakizu zer ondorio izan ziren.

Egiten ari diren deuseztearen arduradun Enresa sozietate publikoa da.

Bai.

Baina erabiltzailea ez ze bera izan.  

Ez, erabiltzailea Nuclenor izan zen. Pasa den uztailean hartu zuen Enresak Zentralaren kontrola, beraiek desmontatuko dute eta, berriz ere, Nuklenorren eskuetara pasako da.

Beste esparru batzuetan erabiltzaileak du instalazio bat erabileraz kanpo ingurua geratzean leheneratzeko, instalazioa egin aurreko baldintzetala itzularazteko ardura. Kasu honetan, ez da hala izan. Zergatik? Elementu erreaktiboak daudelako, zentral nuklearra delako, bestelako zerbait dago atzean?

Izan daiteke, kontrol zehatzak direnez, kontrol zehatzen bat egon behar izatea. Diozuna, beste instalazio batzuetan baldintza da erabilera bukatzean enpresak erreparatu behar duela ingurua baina nuklearretan ez. Kasu hauetan, dirua funts berezi batetik ateratzen da. Energia nuklearra ekoizteko elektrikek zerga berezi bat ordaindu behar izaten dute eta diru hori baliatzen da halako lanak egiteko. Galdera da ea zenbat ordaintzen duten eta nahikoa ote den, miloika euroko kostua baitu interbentzioak.

Argi dagoena da zentrala deusezteko lanak abiatuta daudela, luze joko duela eta zentralaren energia sortzeko aktibitatea etenda dagoela, baina, bestelako aktibitatea, hondakinak bertan egotea eta izan dezakeen eragina ez dela oraindik bukatuko.

Nahiz eta bertatik zentrala kendu, agian, ez dugu ikusiko eraikin handi gris hori, jakin behar dugu hamarkadetan egongo direla bertan hondakinak eta, oraindik ere, beti salatu izan den arrisku nuklearra bertan egongo dela.

Jaurlaritza Logoa