IRRATIA

Lehen lerroan ezagutu ditugu Miren Gojenola eta Mikel Laskurain esperientzia luzeko aktoreak

'Dena Irailerako' saiora gonbidatu ditugu asteazken honetan Euskal Herrian esperientzia luzea duten aktoreetako bi. Miren Gojenola eta Mikel Laskurain, ogibide duten mundu artistikoak jasan duen aldaketaz hitz egin nahi izan dute gurean beraien hastapenetatik hasiaz.

Mikel Laskurain eta Miren Gojenola

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Astelehenetik-ostiralera bitarte 10:00etatik aurrera eskaintzen dugun 'Dena Irailerako' saioan, gonbidatu ezberdinen bisita jasotzea dugu gustuko. Ezberdinak izateaz gain, beraien ogibidea edota gurera etortzeko arrazoiak ere ezberdin izatea du puntu interesgarri eta hori ezin hobeto lortu dute oraingo honetan Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktoreek. Solasaldi dotorea izan dugu beraiekin bigarren ordu-tartean eta oroitzapen ugarik izan dute tartea.

Gojenola eta Laskurain bikote izateaz gain, esperientzia luzeko aktoreak dira. Atzetik aurrera hasi nahi izan du elkarrizketa saioaren aurkezle den Tessa Andonegik, galdera ugariri erantzun diolarik bikoteak. Umorez harturiko elkarrizketa bat izanik, erretiroaren inguruan ere jardun dute eta Laskurainek «hamar urte inguru» kalkulatzen ditu erretiratzeko, Gojenolak aldiz «ez dut horretan pentsatu ere egin nahi, ditudan urteak ditut eta horietaz gozatzearen nahia daukat» dio.

Kasu askotan gertatzen ez den modura, baina aurrez aipatu dugun modura, senar-emazte dira biak. Ederra bezain gogorra izan daiteke ogibide bera duen bikote bat izatea, baina zailtasunei aurre egitea lortu dute hasiera-hasieratik. «Urte asko igaro direla egia da, baina beti aurrera egin izan dugu» dio Gojenolak, «hasieratik eduki ditugu oztopoak, baina moduren batera edo bestera saihestu dugu».

Irratia entzuterako garaian, ahotsetik ezagutu ez badituzue, Gojenola eta Laskurain Goenkaleko aktore izan ziren. Garai hartan telesailean lan egiten zuten aktore guztiek, maiatzean ziurtatua izaten zuten irailean lanera itzuliko zirela adierazi digute. Gaur egun ia ezinezkoa izango litzatekeen kasua da hori, orduan «abuztuan lasai joaten ginen oporretara irailean itzuliko ginela jakinda» Gojenolaren hitzetan.

Bikotearen abiapuntu artistikoa antzerki taldean izan zen, IKA antzerki taldea hain zuzen ere. 1991an edo 1992an sortu zen honako hau. Garai hartatik ordea, asko aldatu dela baieztatu digu Laskurainek antzerkiaren egoera Euskal Herrian. Duela urte batzuk, ohikoa zelako esaterako antzezlan ugari herritako pilotalekuetan burutzea, egun, antzokietara eraman delarik. Aktore bezala lan egiteaz gain, aktore zuzendari eta zenbaitetan argi teknikari ere izan da Laskurain. Horren harira adierazi nahi izan digu, aldaketa nabarmena izan dela espazioek dituzten gabezietan.

Miren Gojenola, Mikel Laskurain zein Tessa Andonegik, beraien ogibidea defendatzeko bidea hartu dute elkarrizketan ere, lanak ordaindua izan behar duelarik. «Aktorea dena, aktore izatetik bizi da» dio Laskurainek eta «bertatik lortzen ditu sosak biziraun ahal izateko». Egoerak hala behartuta, zenbait Euskal aktorek ogibidea utzi behar izan dute eta beste lan esparru batzuetara jo dute biziraun ahal izateko. Gojenola eta Laskurainen kasua ez bada ere, bestelako alternatibetan pentsatzeko tarterik hartu izan dute.