Zuzenean 16:00h - 17:00h
Iruindarra
17:00h - 18:00h
Ad libitum
18:00h - 19:15h
Haria 3

Ane Bergara (Bera, 1987) futbolari profesionala izan ia hogei urtez, Lagunak, Espanyol, Reala, Barça eta Athletic taldeetatik igaro da atzelaria. Egun, irakaslea da eta saiatzen da bere kirol ibilbidean ikasitako baloreak ikasleei transmititzen.
Txikitan bere ametsa zein zen galdetzen ziotenean, erantzun bera izaten zuen beti Ane Bergarak: Futbolarekin dirua irabaztea. Urte batzuen ondotik eta lana ausarki egin ondotik, lortu egin zuen. Berako Gure Txokoa taldean hasi zen baloiari lehen ostikadak ematen, baina lehiatzen hasi nahi zuenez, etxetik kanpo eman ditu futbolari gisa urte gehienak.
Hamasei urterekin egin zen profesional Lagunak taldearekin eta ordutik, talde txiki zein handitan ibilitakoa da Bergara: Espanyol, Reala, Barça eta Athletic. Desberdintasunak ere nabaritu ditu batzuek eta bertzeek emakumeen futbolari eskaini ahal izan zizkioten baliabideetan. Hala ere, momentuan momentukoa hartu eta aurrera begiratu izan du beti beratarrak, «normaltasunez», berak dioen moduan. Kritika ere egiten du: «babes gehiago behar du emakumeen futbolak gaur egun ere, jendeak apustu egin behar du».
Futbolean ari zen bitartean, bertze bi ogibide ikasi ditu Bergarak, JKFZ lehenbizi eta Lehen eta Haur Hezkuntzako Magisteritza gero. Tartean, Fisioterapia ikasten hasi zen birritan, eta oraindik ere egiteke duen nahi bat da hori. Futbolari gisa erretiroa hartuta, ikasitakotik tira egin du beratarrak. Berako Labiaga Ikastolan lanpostu finkoa lortu du, eta kirolari moduan bildutako baloreak alde batera ez ditu utzi, bere ikasleei helarazten die bidean ikasitako guztia.
Familiaren babesa izan du beti Ane Bergarak erabaki desberdinak hartzerako garaian eta «hagitz eskertua» dago horregatik. Izan ere, kirolari profesionala izatea ez da erraza. Gazte-gaztetik «uko egin behar zaielako gauza aunitzi», nahiz eta bera ez den hortaz damutzen, «argi nuen bere nahia futbolean aritzea zela» eta atzera begiratzean, «harro» sentitzen da egindako eta lortutako guztiaz. Hori bai, «gauza batzuk aldatuko nituzke», baina ez du denborarik galtzen pentsamendu horrekin, nahiago du momentu positiboekin gelditu eta oraingo bizitzaz disfrutatu.