Zuzenean

Txiki-txikitatik margotzen du Oaia Peruarena beratarrak. Hasiera batean, bere irakasleengandik jasotako teknika landuaz egiten zuen, baina poliki-poliki, abstrakziora jo duen margolaria da. Kolorearen eta trazoaren bidez mintzo da Peruarena bere margolanetan eta helburu argia du horrekin, ikusezina den hori koadroetan azaleratzea. Izan ere, ikusezina den indar batek bultzatzen du margotzera eta horrela segitu nahi du urte luzez ere. Bere ofizioa biziki maite duen margolaria baita Peruarena eta beti, baita betirako ere, hobetzeko grina duena.
Berako Bidasoa karrikako laugarren zenbakian du tailerra, bertan sortzen ditu bere artelanak eta, bertan ere, margolaritza klaseak eskaintzen ditu, gazte eta helduentzat. Peruarenarentzat artea espazio handi eta ireki bat da, non margolaria aske sentitu behar den. Hori erakusten saiatzen da bere klaseetan eta gauza bera egiten du bere buruarekin ere, ahalik eta muga gutien jarri bere sormenari. Ez da beti erraza izaten, bere ofizioan espazio bat edukitzea erraza ez den moduan. Hala ere, pozik dago orain arte egin duen ibilbidearekin: sortzen dituen margoekin, egiten dituen erakusketekin eta ikasleekin egunerokoan ikasten duenarekin.