

Zuzenean 11:00h - 13:00h
Haria 2
13:00h - 14:00h
KirolHaria
14:00h - 16:00h
Zebrabidea

Igeltsero izatetik Lesakako Linddurrenborda sagardotegiko jabe izatera pasatu zen Juan Mari Lopez, Edurne Tapia bere emaztearekin batera. 2000. urtean ireki zituzten bertako ateak eta gibelera begira jarrita, 25 urte azkarregi pasatu direla iritzi dio Lopezek. Bi asteburuz Astigarragara joan ziren sagardotegi batean lanean nola aritzen ziren ikustera eta ondotik ekin zioten euren jardunari. Hasieran akats gehiegi eginda, baina hortik ikasita egin zuten aitzinera.
Gaur egun, urtarriletik urrira bitarte izaten dute sagardotegia bezeroentzat irekia. Bazkariak eta afariak ematen dituzte ortzegunetik igandera, nahiz eta larunbat eguerdietan izaten den lan gehien duten momentua. Hala ere, urte guztian zehar izaten dute zeregina etxean, beraiek ekoizten baitute euren sagardo propioa. Urtarrilean sagastiak landatu, udan fruituak ematen hasi eta irailetik aitzinera horiek biltzen aritzen dira, ondotik tolaretik pasa eta edaria kupeletan sartzeko. Lopezek azaldu bezala, «botikarik gabeko» sagarrak dira beraienak, ontzen diren momentuan biltzen direnak, bakoitza bere garaian, eta beraz, bertatik ateratzen den sagardoa ere aldiro desberdina izaten da.
Bertsolaria ere bada Lopez eta hori Linddurrenbordan sartu bezain pronto nabaritzen da. Kupelek hildako bertsolarien izenak dituzte, Maialen Lujanbiorena izan ezik, urtarrilean estreinatu berri dutena. Mahaiaren bueltan kantuan aritzea bada sagardotegietako ohitura eta oraindik Lesakako sagardotegiko bezeroek modu horretan alaitzen dituzte bazkal eta afalondoak.
Orain dela 25 urte, sagardotegia ireki berritan, zuen ilusio berbera du begietan Juan Mari Lopezek. Harro dago Edurnek eta berak bide bat egin dutelako eta, euren seme-alabek segida ematen ez badiote ere, ilusioz ekinen diote sagardotegiko lanari denboraldiz denboraldi eutsi bitartean.