

En directo 17:00h - 18:00h
Ad libitum
18:00h - 19:15h
Haria 3
19:15h - 22:00h
Real Madrid - Real Sociedad
«Begiratua izatea gustatzen zait, baina bestearengan hausnarketa bat eragiteko»
Albina Stardustek lau haizetara zabaltzen ditu bere harrotasuna, poztasuna eta bizitzeko gogoa. Argi du erreferente izan daitekeela datozen belaunaldientzako eta telebistan zein irratian zabaltzen du bere mezua: trabesti ez bitarra da, «eta zoragarria naiz!».

«Begiratua izatea gustatzen zait, baina bestearengan hausnarketa bat eragiteko»

Albina Stardust NAIZ irratiko ‘Otea Lili’ saioan izan da berriki. Disko berria kaleratu zuen iaz, ‘Izar’, eta diskoko kantuak zein solasaldirako bereziki Stardustek hautatu dituen beste abesti batzuk tarteko, bizitzaz eta drag munduaz aritu da nafarra Ritxi Aizpuru aurkezlearekin.
Zure kantu batean diozu harribitxi bat zarela. Harribitxat duzu zure burua?
Zalantzarik gabe. Harribitxiak gara eta aldarrikatu egin behar dugu gainera, egunero esan behar diogu gure buruari. Zergatik? Ba gizarteak egunero esaten digulako ezetz: ez garela ederrak, ez garela nahikoak, ez dugula ongi egiten, ongi abesten, ongi makillatzen..
Bada garaia geure buruari esateko zoragarriak garela, harribitxiak garela, geure burua maite dugula. Kantu horretan ere aldarrikatu nahi nuen trabestiak harribitxiak garela: kulturari asko ematen diogu, mezu garrantzitsuak ekartzen ditugu eta beste artista asko bezala baloratuak izan beharko ginateke.
«Bada garaia geure buruari esateko zoragarriak garela, harribitxiak garela, geure burua maite dugula»
Kantu horretan ere badiozu ez zarela ‘jurrua’.
Asko erabiltzen da ‘jurru’ hitza euskal estereotipo bati buruz hitz egiteko. Gehienbat izaten dira gizon super heterosexual eta maskulinoak, janzkera konkretu batekin, euskararen oso defendatzaileak eta ziurrenik izango direla institutuko talde abertzaleetan dauden pertsonak. Baina, ea nola esaten dudan hau, oraindik ere hausnarketa batzuk falta zaizkien pertsonak dira ziurrenik.
Orduan ni ‘jurru’ bat izan naiteke?
Ziur aski. Estereotipo horrekin apurtu nahi nuen, askotan dirudi pertsona bat super ezkertiarra izateagatik edo super abertzalea izateagatik edo super talde hauetan egoteagatik ez dela matxista eta ez dela homofoboa. Ba ez, maitea, ezkertiarra izateak ez dizu kentzen ez homofobia, ez arrazismoa, ez matxismoa. Bada garaia leku konkretu batzuetan ere gu geu egoteko.
Trabesti ez bitarra zarela diozu ozen.
Bai, ozen diot eta harrotasunez, bai noski. Denbora pila bat pasa dugu ezkutuan, gu ere heteroak ginela esaten, segurtasunagatik. Bada garaia horrekin apurtzeko.
Noiz jabetu zinen zure trabesti puntu horretaz?
Jaio nintzenetik. Sei urterekin jartzen nuen nire ahizparen bufanda bat gona bat izango balitz bezala eta nire amaren takoiak. Bisitak etortzen zirenean, amak ‘Lady Mermelade’ jartzen zuen eta nik dantza egiten nien, showa egiten nuen. Gero, nerabezaroan, dena aldatzen da, heterosexualitatera bultzatzen zaituzte. Gero, hasi nintzen berriz ere, gutxinaka, eta internetari esker, berriz ere makillajearekin esperimentatzen eta lookarekin frogak egiten. Eta horrek guztiak eraman ninduen nire identitatea kolokan jartzera eta galdera bat planteatzera: nor naiz? Beraz, nik komunitateari esker ezagutu dut nor naizen, eta naizenari izena jartzeko aukera izan dut.
Eta gurasoek zer zioten?
Amek badakite dena. Nire amak beti defendatu nau, eta beti utzi dit nik nahi nuena egiten. Nire ama perfektua ez da izan ziurrenik, baina berak egin du ahal zuen onena. Eta hori eskertzekoa da. Nire aitak ez zuen era berdinean ulertu. Gaur egun bai, e? Kontua da ez dela bakarrik gurasoak edo familia, gizarte oso bat dago.
Baina zuri gustatzen zaizu begirada guztien erdigunea izatea, ezta?
Ba modu batean bai, gustatzen zait. Nerabea nintzenean koloretako ilea jartzen hasi nintzen eta nire amak esaten zidan: «Mundu guztiak begiratzen zaitu!». Eta nik esaten nion: «Ama, eske kalera ateratzen banaiz, nahi dut jendeak begiratzea!». Look deigarriak jartzen ditugu preseski jendeak begiratzeko, eta horrekin lortu nahi duguna da jendeak galderak egitea, debateak irekitzea, jendeak gauza berriak planteatzea...
«Ezkertiarra izateak ez dizu kentzen ez homofobia, ez arrazismoa, ez matxismoa. Bada garaia leku konkretu batzuetan ere gu geu egoteko»
Egolatria puntu bat egon daiteke hor.
Ez. Ez dugu nahi begiratzea begiratzeagatik eta listo. Nahi duguna da jendea inspiratzea, hausnarketara gonbidatzea, zerbait alda dezaten.
Zein da zure altxorra?
Nire ausardia. Uste dut oso ausarta izan naizela bizitzan orokorrean. Jende askok igual ez du baloratzen, baina oso ausartak izan behar gara peluka bat edo takoi batzuk janzteko, edo makillajea jarri eta kalera ateratzeko. Oraindik ere jende askok ez du ulertzen. Eta oraindik ere beldur asko pasatzen dugu.
Ni oso bakarrik sentitu izan naiz. Ez nuen askotan nire gorputza ulertzen. Berriz ere, genero estereotipoen zamagatik. Dragari esker askatu dut hori, Dragari esker ulertu eta ezagutu dut nire gorputza. Baina bada garaia alderdi positiboak aldarrikatzeko eta ikusteko ere! Askotan elkarrizketa bat egiten digutenean hitz egiten da haurtzaroan zeinen gaizki pasa genuen... eta joe, bai, baina jende askok bezala, ez? Hitz egin dezagun esateko gaur egun zeinen ongi nagoen, zeinen pozik nagoen nire gorputzarekin! Hori uste dut aldarrikatzeko zerbait dela!