Live

Mendebelde urruneko balak Marlik taldearen ‘Azaletik ezabatu baino lehen’ diskoko kantuetan

Bizi dugun egoeran ongi jakin dute aurre egiten Marlik taldekoek eta beren bigarren lana kaleratu dute oztopo guztiak gaindituta. ‘Azaletik ezabatu baino lehen’ izeneko diskoa kaleratu zuten Durangoko Azokarako justu-justuan. David Gorriti eta Maialen Velarde taldekideak izan dira MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Mendebelde urruneko balak Marlik taldearen ‘Azaletik ezabatu baino lehen’ diskoko kantuetan

Loading player...
Marlik taldekoak itxialdi garaian eman zuten zuzeneko batean
Marlik taldekoak itxialdi garaian eman zuten zuzeneko batean

Diskoaren irekiera kantua entzun eta sekulako indarrarekin sartzen dira Marlik taldekoak. Gitarra indartsuak, ahots urratua eta teklatuen soinuak. Horiek protagonista eta aurkezpen eskutitza. Ahotsa urratuak ordea ez dirudi Maialen Velarderena eta askok galdetu dio ea taldea utzi ote duen. «Ahots urratua grabaketarako azkena utzi genuen kantua izan zelako sortu zen. Eztarria txikituta nuela ahotsa urratu zitzaidan eta hor grabatu genuen. Esan nien, aprobetxatzeko, halakorik berriz entzutea kosta behar zaielako. Asko estutzen da ahotsa grabaketan eta disko astunagoa izateak hori ekarri zuen. Zuzenean, ordea, ez dut uste entzuteko aukerarik izango dutenik», aipatu digu Maialen Velardek.

Disko berrirako taldekide berria ere batu zaie, Oihana Rodriguez. «Aurreko diskoa kaleratu eta gero taldearen deslokalizazioa hasi zen: Maialen Lisboara joan zelako eta Beñat Bilbora. Gara horretan, aldaketa bat edo behar genuela ikusi genuen taldean eta Ainhoa Urteagarekin kontaktua egin genuen taldeari teklatuak gehitzeko. Pandemiaren erdian, ordea, taldea uzteko erabakia hartu zuen eta bere bitartez etorri zen Oihana. Eta entzun daitekeen moduan, ukitu berezia ematen dio teklatuak gure musikari», aipatu digu Gorritik. Beste bi taldekideak Ales Gorriti baxu-jotzailea eta Beñat Fer gitarra-jotzailea dira, hasieratik daudenak.

Letrak Maialen Velardek berak egiten ditu, taldearen oniritziarekin. Dena dela, aitortu digu zuzenean batzuetan letrak aldatzen dituela. Iragan bertsolariak horretarako gaitasuna ere ematen baitio abeslari zumaiarrari. Gainera, Gorritik kontatu eta Velardek baieztatu digu grabaketak martxan direla batzuetan oraindik letrak egin gabe izaten dituela. «Baina horretarako gaitasun handia du eta gero emaitza hor dago», gaineratu du Gorritik.

Countryaren eraginaz galdetuta, «Western ukitua eta blues gutxiago» dituela disko honek esan digute, «baina bai pisutsuagoa dela. Beñat aipatutako westernaren iruditeria horren zalea da eta hortik etorriko da ziurrenik guztia», esan digu Gorritik.

Jurgi Taboadarekin grabatu dute Zumaiako Uxotegian. Taboadak Ozen estudioa ireki berri duen arren, han egin zuten. Bizi guztiko laguna dute eta oso gertukoa gainera: «Aurreko diskoan ere lan ona egin zuen eta bere jakinduria erabili eta lekuari zukua atera nahian otsailean hasi ginen. Bateria azkar grabatu genuen, baxua ere erritmo onean sartu zen eta gitarra grabatzerakoan geratu egin behar izan genuen martxotik udara bitartean. Tartean taldekide aldaketa egon zen eta, jakina, Maialen Portugalen zegoen. Garbi genuen bukatu egingo genuela eta behin hasita kantak jendearengana helarazteko grina genuen. Irailerako grabatu genuen guztia eta gero nahasketak etorri ziren», kontatu digu Gorritik. Maialenentzat, berriz, pandemiarena handicap garrantzitsua izan zen: «zortzi hilabetez familia ikusi gabe etxera etorri eta estudioan sartuko nintzela esan nien, barkamena eskatuz. Baina orokorrean ez dut zailtasun gehiegi izan joan-etorrian ibiltzeko», nabarmendu du Velardek.

Kantuen hitzak
Letra irekiak egiten ditu Velardek baina aipatu digu «erosoagoa» zaiola horrela egitea, «ausardia falta» batetik datorrela guztia. «Badirudi norbaitek kargu hartzeko aukera uzten duzula letra itxiagoak edota zuzenagoak egiterakoan eta horrek beste bidera eramaten nau. Dena dela, letrak emakume baten ikuspegitik datoz beti, emakume izateagatik dituen eskuburdinetatik askatu nahi dituen emakume baten begiradatik», kontatu digu Velardek. Diskoaren azala Gatza Factoryko Imanol Sesma zumaiarrak egin du, baita gainerako ilustrazioak ere. «Ziurrenik azken kantuko Madame Toffana irudikatu nahi izan du eta oso dotore geratu da egin duena», gaineratu du zumaiarrak.

Hitzei buruz galdetuta, ‘Peregrinazio hiria’ kantuan gazteek bidaiatzerakoan bizi dutenaren inguruan hitz egiten du. «Notre-Dame erre zenean hasi nintzen hitzak osatzen. Erromesak jasotzen dituzten herriak erlijioarekin lotzen dira baina egun ez da horrela, ateoagoak garelako-edo. Egun etengabeko ihesaldian gabiltza, etxearen kontzeptua zerbait efimeroa da eta dena bizitzeko beharraren derrigortasuna sentitzen dugu. Baina, nora joaten gara? kaos bat bihurtzen da guztia eta askotan ezin gara itzuli behin joan ginen toki hartara. Hortaz, norberak bilatu ditzala bere erromesaldiak gauzatzeko hiriak», kontatu digu Velardek.

Azken abestiko Madame Toffana nor zen galdetuta, berriz, «benetan existitu zen emakumea» zela kontatu digu, Italia aldean, «eta hankarik ez sartzea espero dut hau azaltzerakoan. Acqua Toffanagatik egin zen ezagun, bere garaian sortu zuen pozoiagatik. Pozoi horrek arrastorik utzi gabe gizonezko asko hil omen zituen, gizonezko horiek bere emakumeen eskuetan hildakoak dira, emakume horiek jasan zuten matxismoagatik mendekatuta. Gerora, Toffanari hilketa asko leporatu zizkioten eta hiltzera kondenatu zuten. Hortik datoz hitzak», azaldu digu Marlik taldeko abeslariak.

Orain bai distantzia zein ditugun arauek uzten ez dutenez, entseatzeko aukerarik gabe daude Marlik taldekoak «Ahotsenean emandako kontzerturako entseatzeko aukera izan genuen baimen berezi batekin, baina faltan botatzen da entseatzea. Baita kontzertuak ere. Espero dezagun guztia laster itzultzea», aipatu digu Gorritik. Argi zuten Durangoko Azokarako kaleratu nahi zutela diskoa, «Durangoko Azokak talde txikiei ematen dien oihartzuna eskertzekoa baita». Egun, diskoa atera berritan kontzertuen beharra dute.

Zazpi katu gaztetxeak egingo duen kultur programazioan izango dira, gaztetxearen 14. urteurrena ospatuz datorren larunbatean, urtarrilaren 30ean, 17:00etan hasita.

Bertaratu ezin duenak, diskoa eskuratzeko modurik onena zuzenean berei idatzita da sare sozialen bidez. Bandcampen ere jarri dute entzuteko moduan eta youtubera ere igotzen ari dira aleka-aleka abesti guztiak. «Spotifyn jartzeko asmoa ere badugu, baina halabeharrez. Bertan ez bazaude, ez zaudela dirudielako. Baina doakotasunak lanari balioa kentzen dio eta kontsumo ohitura hori aldatzea komeni dela uste dut», bukatu du Gorritik.

Bandcampek, gainera, kantuak banaka erosteko aukera ere ematen du, prezio sinboliko batean. Egin duten lanak eta gainditu dituzten oztopoak zeintzuk diren jakinda, zer gutxiago. ‘Azaletik ezabatu baino lehen’, soinu desberdina eta gozoa duen diskoa.

Jaurlaritza Logoa