Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Post-Aiete, post-Egia eta ia post-pandemia ere izan gintezkeen»

 Gasteizen distopia batean sortutako taldea da Konpost. Jon Aranburu, Txerra Bolinaga, Bingen Mendizabal eta Ruben Sanchez dira taldea osatzen dutenak eta, ‘supertalde’ moduan hartu badaitezke ere, hasiberritzat dute beren burua. MusikHaria saioan izan dira ‘Konpost’ diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

«Post-Aiete, post-Egia eta ia post-pandemia ere izan gintezkeen»

Loading player...
Gardelegiko zabortegia aukeratu dute Konpost taldekoek argazkiak eta bideoklipa egiteko. (Alvaro ANTA)
Gardelegiko zabortegia aukeratu dute Konpost taldekoek argazkiak eta bideoklipa egiteko. (Alvaro ANTA)

«Ez dago hobeto egoterik, ez digutelako uzten», horrela definitu du bere egoera Jon Aranburu Konpost taldeko gitarra-jotzaileak, diosalaren ostean zer moduz dagoen galdetuta. ‘The last human on earth’ izeneko kantuarekin hasten dute beren lehen disko homonimoa, eta Zuberoa ea gure Marte den galdetu diogu Ruben Sanchez taldeko abeslari eta letragileari: «Pelikula guztietan yankee bat izango zen ziurrenik lurrazaleko azken gizakia eta zergatik ez Altzüruküko bat? Baina izatez pentsarazteko kantua da, bihar ez ote den munduaren bukaera izango galdetuz gure buruari».

Kantuak, ordea, diskoko gehienek bezala, gutxienez pare bat urte baditu. Izan ere, sortze prozesua luzea izan da Konpost taldekoentzat eta taldea sortzeko unea ere nahikoa distopikoa izan zela kontatu digute, eta horren baitan, badirudi hainbat kantu pandemia dela-eta sortu direla, baina ez, lehenagokoak dira.

«Taldea modu bitxian sortu zela esan daiteke, ez baitzen musika arrazoiengatik sortu. Sasoi distopikoa zen eta Bingen Mendizabal eta biok eskola berean guraso gara», aipatu digu Ruben Sanchezek. «Umeak txikiak zirenean biolina eta bertsoak uztartu genituen behin edo behin, lagunak ginen, umeekin igerilekuan ginela ez genuen futbolaz hitz egiten… Eta berak bazuenez jotzeko gogoa eta nik berarekin zerbait egiteko nahia, aurrera egin genuen. Txerra Bolinaga paletan jokatzetik ezagutzen nuen eta Jon Halabeditik eta beste hainbat saltsetatik», gaineratu du Sanchezek. Denak elkarren ezagun ziren nolabait ere eta horrela sortu zen taldea. ‘Supertalde’ modura ere hartu zitekeen, baina bestelakoa izan da taldearen sorrera, «nahiz eta irrati esatari ezagunen batek hala ginela esan zuen».

Taldearen izenari aspalditik post zerbait jarri nahi zioten: «Ez post-core, post-rock edo halakorik dena da ‘post’ egun, eta gu hor ‘pre’ ere izan gaitezke. Baina post-Aiete, post-Egia eta ia post-pandemia izan gintezkeen. Hor bai, hor oso post gara. Anaiari galdetu eta hark esan zidan «Zergatik ez Konpost?» eta parean jo zuen. Zaborretara joateko garai batean ginenean, birziklatu eta berriz ere mundu honetara itzuli gara eta horri ere zentzua ematen zion», azaldu du Aranburuk.

Bingen Mendizabal taldekideak izendapena jaso zuen Goya sarietan Koldo Uriarterekin batera eta ea Konpost aipatzeko esan zioten aipatuta, hau kontatu digute taldekideek: «Taldearen izena esan edo ez, horrek ez zigun gehiegi axola. Presioa galara norekin joango zen jakiteko zegoen, baina ‘saraorik’ ez zegoela jakinda, buruhandiak ez zigun askorik inporta. Egia da modu berezian bizi izan dugula, sekula ez dugulako gala hori ikusi, eta poztuko ginen baina irabazi izan balu. Baina berak pena handirik ez du hartu eta guk bere pena ezarekin poza sentitzen dugu. Alde batetik saria irabazi nahi zuen, baina atzetik ekarriko zuen soka luzeak atzerakoa ere ematen zion, nahiz eta sariak bere ibilbideari aitortza egingo zion. Gainera, oso pozik dago Mursegok eta Arantzazu Callejak irabazi zutelako».

Estilo aniztasun nabarmena
Rocka, funky musika, reggaea, desertuko doinuak… Denetarik du Konpost taldearen lehendabiziko disko honek: «Musika aldetik askotariko gauzak egin ditugu eta sormen prozesua luzea izan dela esatean ez da kantu bakoitzarekin hartutako denboragatik. Kantu sorkuntza prozesua beraa luze joan da, ez dugu estilo bat lortzeko zerarik jarri eta bai pentsatu dugula soinu aldetik nahikoa uniforme izatearena,, baina sorkuntzan ateratzen zena jo eta gure forma eman diogu. Hartara, gehiago kostatu zaigu akaso bi kantu estilo bereko edo elkarren antzekoak egitea», kontatu digute taldekideek.

‘Emak bakia’ abestiaren bideoklipa kaleratu berri dute eta atzean bi istorio gordetzen ditu abestiak. Batetik 1982an Andra Mari Zuriaren estatua bandalo batzuk bota zuteneko istorioa eta, bestetik, gizon zure heterokristauari egindako kritika. «Baina, orokorrean, gure buruari egiten diogu kritika, lau gizon garen aldetik. Lehendabizi gure buruarekin izan behar dugu kritiko gero besteei egitekotan», dio Aranburuk.

Gasteizi erreferentzia asko egin dizkiete diskoan eta ‘Shoot’ kantuan ere bada halakorik: «Ekintza armatu bat kontatzen da kantuan. Baina modu irekian utzi nahi izan dugu eta guretik kantatzen dugu, gaur egun horrelako testuinguru bat bizi izan ez duenari hori hor zegoela kontatu nahi izan diogulako», dio Ruben Sanchezek. Diskoan atzetik datorren ‘Sin Plomo 72 Litro’ abestiarekin lotura zuzena du gainera. «Guretzako Almeria du izena abestiak. Badakizu, barruan kantu batek izen bat izaten du askotan eta kanpora begira beste bat jartzen zaio. Dispertsioaren gaiari lotuta dago erabat. Preso bat kartzelatik irten eta etxerako bidea nolakoa den kontatzen da bertan. Road movie bat bailitzan kontatzen da hainbat urte etxetik urrun dispertsioa jasaten egon den presoaren ikuspegitik», azaldu digute taldekideek.

‘Astelehenetako pilula’ kantua ere post da, post-gaztaroa akaso. «Astelehena eta berriz ere lanera buelta, eta hori ez zaigu gustatzen. Txiste bat egiten genuen kontzertuetan, azalduz taldeko batzuk 8 orduko lana egiten dugula eta beste batzuk ez. Beste modu baterako lanak egiten ditugulako», esan digu Aranburuk. Sanchezek azalpenari buelta bat gehiago eman dio: «Kantu honetan Gasteizi erreferentzia zuzenik egiten ez diogun arren, La Polla, Potato eta abarrek aldarrikatzen zutena gure egin dugu. Alegia, lanaz ez zutela gozatzen eta langabezian ere ez. Langabezian ez da gozatzen dirurik ez dagoelako baina bestea, ohiko lana, jainkotuta daukagun zerbait da eta ez luke hala behar. Aizue, ez izan kolaborazionistak. Hau pikutara doa eta lantegira doanak horretan laguntzen du, baina ez daukalako besterik. Adibidez, furgoneta bat egitea mundua pikutara bidaltzea da eta hori behintzat argi eduki behar da». Doinu aldetik bitan banatuta dagoen kantua da baina Aranburuk azaldu du horren zergatia: «Lanera joango ez bagina, beste kolore batez ikusiko genuke astelehena eta reggaerekin hori irudikatu nahi izan dugu».

Grabaketak eta diskoaren kaleratzea
Joseba B. Lenoir izan dute diskoaren grabaketako teknikari eta ekoizlea. Hasiera batean dena segidan grabatu nahi bazuten ere, bide luzea izan du diskoaren grabaketak. «Kantuak prest geneuzkan eta non eta nola grabatu pentsatzen genbiltzala, Josebaren izena atera zen. Laguna dugunez eta bere soinua gustatzen zaigunez, eta, gainera, estudio berriaa muntatzen ari zenez, harekin egitea erabaki genuen. Lortzen duen soinua nahi genuen, baina baita kanpotik eduki zezakeen begirada ere eta onartu egin zuen. Duela ia bi urte, 2019ko irailean, hasi zen grabaketa eta hasieran bera etorri zen gure lokalera. Istripu bat medio, nik ezin izan nituen gitarrak grabatu, ordea. Hortaz, 2020ko otsailean hasi nintzen grabatzen eta, pare bat bidaia egin ostean, denok dakiguna gertatu zen. Hortaz, etxetik grabatu behar izan ditut gitarrak. Teknologia baliatuz, kantuak bidali guk hari, hark bueltan nahasketak eta abar luzea izan zen hor. Diskoari bukaera 2020ko uztailean eman genion», azaldu digu Jon Aranburu taldekideak.

Gitarra zikinak eta duela hamarkada batzuetako soinua entzun daitezke Konposten diskoan. «Soinuarekin Josebak eta biok gustu antzerakoak ditugu eta nik esaten nion soinu zakarra nahi nuela, eta, Josebak ‘fuzz’ pedal desberdinak dituenez, batez ere haiek erabili ditugu. Proba dezente egin ditugu, baina zorionez ez dugu denbora gehiegi izan. Izan ere, gitarra jotzaile batentzat lokal hartara sartzea arriskutsua da», dio Aranburu gitarra-jotzaileak. «Ahotsak, berriz, modu naturalean grabatu ditugu eta gero sartu ditugu efektuak. Eta hor denon artean ibili gara jolasteen, baina Josebari bere espazioa utzi nahi izan diogu. Bakoitzak bere instrumentuarekin nahi duena egiten duen bezala, Josebak ere nahi zuena egiteko esparrua behar zuela uste dugu. Lauroi gustatu zaigu emaitza, baina onartu behar dugu eszeptiko samarrak ginela grabatutako hori gero zuzenean ezingo genuelakoan defendatu, baina pozik gaude», gaineratu du Sanchez, Konpost taldeko abeslariak.

Diskoa grabatu ostean tarte batez itxaroten izan dira egoera normaldu nahian, baina aukera sortu zaien orduko aurkeztu dute beren lana Konpost taldekoek. « Itxaroten egon garen denbora guzti honetan kantuak sortzen jarraitu dugu, nahiz eta diskoan ez diren sartu. Eta, orain, zortedun sentitzen gara Jimmy Jazzeko jende onak hasiberri eta ez hain entzutetsuak garenoi aukera eman digutelako. Zergatik diruz lagundutako kontzertu horietan betiko taldeek soilik izan dute aukera? Hori ere kritikatu nahiko genuke», dio Aranburuk.

Beste aukera batzuk ere izan dituzte diskoa aurkezteko, baina Jimmy Jazzekoekin sortu zenean, horri heldu diote gehiago itxaron gabe. «Hemendik aurrerakoari buruz ezer gutxi esan dezakegu. Bilbo inguruan izango da zerbait eta ari gara kontzertuak erdi-lotzen, baina ez da ohiko bira horietako bat izango, ezohikoa baita hori erabat gaur egun. Josebak berak ahalegin titaniko bat egin behar izan du halako zerbait lortzeko, esaterako», kontatu digu Aranburuk. «Gure esparrua beste bat da, taberna txiki eta gaztetxeak, baina haiek ere ezin dute ezer antolatu eta, laugarren olatuaren zain gauden honetan, gainera, badakigu lehen erasotu eta kaltetua kultura izango dela. Gasteizko gaztetxea, esaterako, isilik dago kontzertuei dagokionean. Bestelako gauza batzuk egiten ari dira baina Udaltzainekin izan zen gorabehera lotsagarri bat tarteko, ezin dute normaltasun honetan ere ezer egin. Baina gauza bera gertatzen da, esaterako, Parral tabernarekin. Taberna txiki horiek ez dute laguntzarik ezertarako eta nahikoa egiten dute», gaineratu dute taldekideek. Ea ‘Gasteiz Rules’ laster itzultzen den.

Diskoaren azala eta bideoklipa zabortegi batean daude eginda, Konpost taldearen iruditeria borobilduz. «Esan behar dugu ez garela ez behin ez bitan joan, gehiagotan baizik. Argazkiaz eta diseinuaz Alvaro Anta arduratu da eta Gardelegiko zabortegian egin genuen argazkia. Gero argazki hori konpostatu egin dugu, literalki. Argazkia hartu eta zabor tartean sartu dugu eta denbora batez bota litekeen guztia bota eta gero, berriz ere atera eta gehien gustatzen zitzaiguna aukeratu dugu diskoaren azalera eramateko», kontatu digu Aranburuk.

Diskoa lortzeko taldearen bandcampean dago aukera: «Ostiral honetan, martxoak 26, Bandcamp plataformak ez du komisiorik kobratuko gainera, eta hori komeni zaigu talde guztiei. Baina bestela Gasteizen Vinyloran eta Parral eta Halabedi tabernetan eskuratu daiteke momentuz», esan digute taldekideek.

Jaurlaritza Logoa