Arrigorriaga

Beren kasernan sortutako zortzi abestirekin lehen diskoa kaleratu du Kaserna taldeak

‘Gelditu da denbora’ baina ez musikarako emaria Kaserna talde bilbotarrarentzat. Urte batzuk badaramatzate elkarrekin taldekideek, baina proiektuak aldaketa izan duenez, fenix hegaztiarena egin eta berriz jaio dira Kaserna izenarekin. MusikHaria saioan izan dira beren estreinako lana aurkezteko.

Audio_placeholder

Beren kasernan sortutako zortzi abestirekin lehen diskoa kaleratu du Kaserna taldeak

Loading player...
Denbora gelditu dela dirudien tokian, Lemoizen, ikusi ditzakegu Kaserna taldeaoak. (Mirene GONZALEZ)
Denbora gelditu dela dirudien tokian, Lemoizen, ikusi ditzakegu Kaserna taldekoak. (Mirene GONZALEZ)

Kontzertu bat hastera doala dirudi Kasernaren diskoko irekiera kantua, ‘Teloiaren  bestaldean’, entzutean. Eta horrela dela baieztatu digu Bittor Meabek MusikHaria saioan, banaka-banaka sartzen direla oholtzara horretarako propio sortutako oinarri batekin: «Diskoa hasteko, azalberritze bat egin dugula erakutsi nahi izan dugu eta kantu aproposa dela esan daiteke. Mr. Pongo ginen aurretik, musikariak aldatu dira ordutik hona eta aldaketa nabari horrek Kaserna izatera eraman gaitu, estiloz ere asko aldatu garelako».

Rap-metala jazz ukituekin, horrela bataiatu dugu Kasernaren musika. Izan ere, Limp Bizkit edota Linkin Park bezalako taldeak etortzen dira gogora, baina bluesa, funkya, jazza edota dubstepa ere entzun daitezke: «Mikel Fernandezen saxofoiak berak jazz mundura eramaten gaitu nahi gabe, Kimok, taldeko DJak, Dubstepa eta halakoak gogoko ditu eta gitarra-jotzaileak, Iker Aranak distortsioa du maite». Erronka zaila zen Bittor Meaberentzat, estilo horiek guztiak bateria erritmoekin uztartzeko lana berea izan baita. «Harmonia edota melodia zehatzak egitea ez da nire lana, nik abestietan pasarteak elkarrekin lotzen lagundu behar dut eta horretan saiatzen naiz. Estilo desberdinetan igeri egiteko aukera ematen dit gure musikak eta maite dut horrela ibiltzea», azaldu du Meabek.

Erreferente asko kantuen hitzetan
Gizarte gai askoren inguruan aritu dira eta tartean inperialismo amerikarra kritikatu dute ‘Irailak 11’ kantuan. Horrekin aurkeztu zuten beren burua diskoa atera aurreko hilabeteetan. «Txilen La Moneda jauregian izandako estatu kolpea askok ez du gogoratuko eta hura ere irailaren 11n gertatu zen. Lehen planoan dugu New Yorken gertatu zena eta denok gogoratzen dugu non ginen egun hartan. Hor ikusten da hegemonia amerikarra eta haien kontakizuna gailentzen dela beti», dio Meabek. Antzeko kritikak egiten dituzte ‘Times Square’ kantuan, benetan pasatako jazoera baten berri ematen dute, gizarte gaien inguruko kritika zorrotzarekin. Markel Fuentes da letren egilea eta taldeko abeslaria. Taldea Beñat Armentia teklatu-jotzaileak eta Urtzi Moreno baxu-jotzaileak osatzen dute.

Letretan erreferentzia asko biltzen ditu Fuentesek. «Markel pertsona irakurria da eta jakituria asko du. Letren inguruan konfinamendu garaian bilerak egiten genituen, haiek irakurri eta erreferentzia horiek zein ziren jakiteko. Guk ere ikasi dugu. Kanturen batean, gainera, letra laburtu egin behar izan dugu zuen eduki guztiagatik», azaldu digu Meabek.

«Akademia gutxiago, pentsamendu gehiago» esaten dute ‘Itsu eta gor’ abestian eta Bittor Meabe irakaslea denez, ezin galdera egin gabe utzi; berak nola irakasten ote du?: «Ikasleari ez zaio guztia murtxikatuta eman behar, baliabideak eman eta haiek egin dezatela nahi duten hori. Dena dela, abestia ez dago justu horri eginda. Gehiago dago gizarte homogeneo bat garela eta bidea markatuta daukagula esan nahi dugu, eta bidetik irteten den hori negatiboki markatzen da. Hori salatu nahi izan dugu kantuarekin».

‘Rausch’ kantua festa girorako sortu dute propio Kaserna taldekoek eta Michael Jacksonen abesti bat entzun daiteke sampler moduan. Aurretik Rihannak ere bere arrakastetako batean erabili zuen sampler bera eta antzerako ideia batekin egin zuen abestia, hark musika ez zedila gelditu esan zuten eta kasernakoek dantzara gonbidatzen gaituzte. Dena dela, eta ustekabean, ideia ez da taldeko DJarena, Kimorena izan. Nahiz eta samplerren munduan asko ibili den eta horren bueltan lan dezente egina den, ideia Bittorrena izan zela azaldu digu etahortik sortzen dela kantua.

Musika modu librean eskuratzekoa aukera
Taupaka elkartearen aterkipean daude Kaserna taldekoak. Kolektiboaren ezaugarri nagusienetako bat, musika modu librean deskargatzeko moduan jartzen dutela da. Baina Meabek pauso bat harago eraman du elkartearen nahia: «Sortzaile ezberdinen kolektiboa da eta elkarren babesean aurrera egin eta eszena desberdin bat osatzea da gure nahia. SGAEtik kanpora gaude, gainera, eta gure kantuen zabalkunde, birmoldaketak eta abar lasai egin daitezke».

Elkarte bereko kideak diren Tiropun ekoizpenekoekin egin dituzte orain arteko lehen bi bideoklipak, ‘Irailak 11’ eta ‘Esna’ kantuekin. «Gatom dago tartean, laguna da eta rapa egiten du gainera. Kolektiboko parte dira eta ez dira geldirik egoteko jaio. Ekainean kaleratuko den bideoklip berria ere grabatu dugu dagoeneko haiekin», aurreratu du Kasernako bateria-jotzaileak.

Diskoaren grabaketa Aitor Abiorekin egin dute Fruizeko Gaua Estudioan, martxa hartzen ari da beraz estudio berria pixkanaka-pixkanaka. «Aitorrek hasieratik zortzigarren taldekidea izan nahi zuela esan zigun eta egun eta gau gure ondoan izan dugu. Kantak guztiz kozinatu gabe eraman genituen eta Abiok emandako gomendioei esker kantek asko irabazi dute. Opor modukoak izan ziren niretzat, bertan geratu ginen lotan eta abar eta sekulako esperientzia izan da», nabarmendu du Meabek. Txef moduan aritu da hortaz Aitor Abio.

Kontzertuen datak laster
Badakite kontzertuak etorriko direla, udari begira martxan dute beren makinaria, baina ezin dute oraindik ere ezer aurreratu. Diskoa zuzenean aurkezteko gogoz dira, baina bitartean Taupaka elkartearen webgunean eskuratu daiteke. Mirene Gonzalezek egin die diseinua eta baita taldeko argazkiak ere. «Izatez argazkilaria da baina diseinuarekin animatu da oraingoan. Big Ben-a jarri du diskoaren azalean, hark munduko denbora markatzen duela esaten da eta hura apurtu du gure diskoaren azalean, ‘Gelditu da denbora’ nolabait ere horrela irudikatu duela esan daiteke. Edo hori da behintzat nire interpretazioa», esan digu Meabek.

Beste Bat saioak taldeko kantuak bezala egiten dituzte: «Bakoitzak bere alea jartzen du eta osatzen dira saioak. Gure saltsan gabiltza eta oso gustura ari gara. Irola irratian ere badabil taldeko kideren bat eta horregatik aipatzen dugu 107.5 FM, hein batean hura ere badelako gure kaserna», hori esanaz bukatu dugu elkarrizketa. Maiatza bukaera arte, fin izango ditugu gurean asteazkeneko bazkalosteetan.