«Garrantzia gehiago ematen diogu originalak eta freskoak izateari, perfekzioz jotzeari baino»

‘Zidazun’ izeneko lehen lan luzea kaleratu berri dute TOC talde mungiarrekoek. Duela bi urte, 2019an ezagutu genituen ‘Badau’ iraupen laburreko diskoarekin eta indartsu etorri dira oraingoan. MusikHaria saioan aurkeztu dute apirilean kaleratutako lan berria.

Audio_placeholder

«Garrantzia gehiago ematen diogu originalak eta freskoak izateari, perfekzioz jotzeari baino»

Loading player...
Disko berria besapean dutela izan dira MusikHaria saioan Mungiako TOC taldekoak.
Disko berria besapean dutela izan dira MusikHaria saioan Mungiako TOC taldekoak.

Disko kontzeptuala da Mungiako TOC taldearen ‘Zidazun’, baina kontzeptua zein den norberak ezagutu beharreko zerbait da. MusikHaria saioan eginiko elkarrizketan kantuen nondik norakoak bai, baina kontzeptu orokorra zein den esplizituki esan gabe geratu dira Xabier Bilbao, Mikel Bilbao, Aitor Etxebarria eta Ander Goitia taldekideak. Diskoa sarrera emango zion kantu batekin hastea nahi zuten disko kontzeptuala izatea erabaki zuten unetik, crescendo batean oinarritutako kantua da ‘Dardara 4/4’: «Normaltasun hauskor bat, lasaitasun faltsu bat izatea lez nahi genuen irudikatu diskoaren sarrera eta horrela sortu zen ideia».

EiTB Kulturarako egindako erreportaje batean, TOC taldekoek aitortu zuten ez zutela ongi jotzen. «Urtzi Iza teknikari eta ekoizleak berak esan zigun, ez dugula hain ongi jotzen baina kantu ederrak egiten ditugula. Eta hori bada gure esentzia, garrantzia gehiago ematen diogulako originala izateari eta freskotasunari, teknikoki ongi jotzeari baino. Punk izpiritu hori badugu eta gazteak gara, gauzak kontatu eta egiteko gogoa dugu eta hori da transmititu nahi duguna. Ez gara musikari onenak eta berdin zaigu. Geroz eta berrikuntza gehiago eta tendentzia gehiago sortzen ari da musikari gazteen artean, atal teknikoa bigarren planoan utzita. Guk egin dugu, eta musika egiteko gogo bera duen jendea ere animatu nahi genuke salto bera ematera», aldarrikatu dute TOC taldekoek.

Kontzeptua deszifratzen
Belako, Sua… Halako taldeen soinua etortzen da burura segidan aurkezten duten ‘EZ’ kantuarekin, baina doinu ‘surferoago’-ak dituela esan genezake. «Kantu indartsua dela esan dezakegu; izan ere, aurretik aipatutako lasaitasunarekin apurtzea zen kantuaren nahia. Erritmo aldetik akaso ‘Pulp Fiction’ pelikulako soinu banda etorriko zaio baten bati burura», aipatu digute taldekideek.

Bigarren singlea izan zen ‘EZ’ eta aurretik etorri zen ‘Anegauta’ izan zen lehendabizikoa eta jendearen erantzunarekin pozik daude kaleratu zutenetik: «Gurekin lotura handiena izan duen abestia izan da, hasieratik geneukan argi bera izango zela aurrerapen kantua. Diskoaren kontzeptu orokorra ongi sintetizatzen zuela uste dugu eta horregatik aukeratu genuen. Bideoklipak eta kantuak berak harrera ona izan dute orokorrean eta gu horrekin pozik gaude», gaineratu dute mungiarrek.

Mungiako euskaran idatzitako kantuak dira guztiak, Xabi Bilbao taldeko abeslariak egindako letrak, eta itxialdiko ito hori transmititu digute kantuetan: hotza, beroa, arnasa, gauzak esatea, basamortua… Dena dela, bide luzea duten abestiak direla kontatu digu abeslariak: «Kantuen hitzak itxialdiaren aurretik eginda daude. Letrak egiterako orduan iruditeria bisuala sortzen saiatzen gara eta elementu naturalak nahikoa presente egotea gustatzen zaigu. Norberak bizitako egoeretatik adiera bat edo bestea hartzen dute gero idatzitako hitzek».

Gazteen aldarrietako bat bada ‘Mamu bakarra’ kantuak jasotzen duena, izan ere aurrez-aurre daukagunak kasurik ez egitearen sentsazioa gazteriari askotan entzun izan zaion zerbait da: «Bada gazteon aldarrikapen bat, baina abesti honetan adierazi nahi da badirela norberak bere buruari egin eta erantzunik ez dutenak galderak. Kantuak bi zati ditu eta apurketa baten ostean galdera horiei erantzuten hasten da istorioaren kontalaria». Amorru asko du jasota abestiak eta gordeta duen energia guztia Xabi Bilbaoren oihuekin kanporatzen da.

‘Xalbador’ kantuan Urtzi Izarekin egindako soinu lanketa guztiaren laburpena erakusten dela esan daiteke. Kantu honetan, bateriak berak, esaterako, bi soinu desberdin ditu, nahiz eta diskoan askoz ere gehiago diren: «Kantu honetan doinu urbanoarekin hasten gara baina gero apurtu egiten da», dio Mikel Bilbao bateria-jotzaileak. Geruza askotako kantua da eta sekulako josketa-lana dago eginda nahasketak egiterako garaian. «Hasieratik baxuak presentzia handia behar zuela uste genuen abesti honetan, bateria ere gure estilotik urruntzen da eta ahotsa ere modu berezian, aurikular batera abestuta dago grabatuta. Entzuten diren soinuetako batzuk mugikor baten interferentziak dira. Abestiak sortzen duen klima eta nik Xalbadorrekin eta bertsolaritzarekin dudan lotura ditu abestiak eta paranoia moduan jarri nion izenburua, gainerako abestietatik alde eginaz, hori etorri zitzaidalako burura», azaldu digu Xabi Bilbaok. Baina hori nahikoa ez, eta une berezi batean grabatuta dagoela gaineratu du Aitor Etxebarria TOC taldeko-gitarra jotzaileak: «Goizeko 3etako klimaxean dago sortua eta hori jasotzen du, asko esperimentatzeko aukera eman zigun. Nahi duguna egiteko askatasun gehien izan dugun abestia da».

‘Kaiolan lo’ kantuan, «Libre naiz aske, kaiolan lo» diote TOC taldekoek. Duela 18 urte, berriz, «aske zarete libre, zuen kaiola erraldoietan» abesten zuen Berri Txarrak taldeak baina ez da nahita bilatutako zerbait izan. Egun gazteek bizi dutenaren zati badela irudituta idatzi zuen letra Xabi Bilbaok: «Irakurtzen duzunean aurpegian kolpe bat ematen duen kantua da baina bada aldi berean bizi dugun errealitateari kritika. Ongi dago hori horrela dela konturatzea».

Diskoko kolaborazio bakarra Kattalin eta Ane Barcena ahizpena izan da. 2019ko ‘Badau’ diskoan Kattalin izan zuten alboan eta disko honetarako era bertan izan da larrabetzuarra: «Kattalin TOC sortu aurretik ezagutzen nuen eta baita J Martina sortu aurretik ere. Proiektu berriarekin elkarlan bat egiteko nahia egon da hasieratik eta kantu indartsu honetan parte hartu dute bi ahizpek. Autotunerik gabe, haiek hala nahi izan dutelako. Guk efektuarekin egiteko proposamena luzatu genien, baina beren erabakia izan zen ahotsa bere horretan grabatzea. Barruan ditugun deabruaren paperean abesten dute Barcena ahizpek eta nabaritzen da kantua entzuten den momentuan».

Putzuzuloko zapore ona
Azken kontzertua Zarautzen eman zuten, Putzuzulo gaztetxean eta pozik agertu dira emanaldi hura gogoratzean TOC taldekoak: «Harrituta geratu ginen segurtasun neurri guztiekin eta abar jendearen erantzuna nolakoa izan zen ikusita, asko disfrutatu genuen. Sarrerak saltzen jarri eta oso minutu gutxian saldu zirela kontatu ziguten. Denbora asko generaman zuzenean jo gabe, ziurtasun gabe igo ginen taulara eta benetan asko gozatu eta motibatuta bukatu genuela kontzertua».

Nahikoa lan izan dute hauek ere normaltasunez entseatzeko, izan ere Mungiako lokal publikoak itxita daude iaz pandemia iritsi zenetik: «Guk zortea izan dugu diskoa grabatu dugun baserrian entseatzeko aukera dugulako, baina bestela beste modu batetara bilatu beharko genukeen tokiren bat eta ez da erraza».

Diskoaren azala ere kantuetan bildu dute kontzeptuarekin bat doa, baina beren ideia eman baino ez dute egin TOCekoek, disenua Esti Gutierrezek egin duelako Candela Azpiroz eta Angela Rodriguezekin elkarlanean. «Diseinuari buruzko galdera asko ezin ditugu erantzun, artista batekin lanean jartzen garenean bere eskutan uzten dugulako guztia askatasun osoz nahi duena egin dezan, eta azalpenik ez diogu eskatzen. Artelanak horretarako ere sortzen dira, azalpen beharrik gabe bakoitzak berea ideia propioa egin dezan. Guk transmititu nahi genuen hori ikusi dugu azalean eta horrek balio digu. Oso aberasgarria da, gainera, bakoitzak egiten duen irakurketa jasotzea atzetik», aipatu digute TOC taldekoek.

Diskoa kaleratu aurretik aurre-salmenta jarri zuten martxan eta emaitza positiboa izan zela kontatu digute: «Aurre-salmenta barik disko hau ez zen kalera aterako eta oso pozik gaude izan genuen erantzuna ikusita. Horrela egin behar izan genuen beste aukerarik ez zegoelako; kontzerturik eman gabe, taldean diru sarrerarik ez dagoelako. Garaian, hartzeko erabaki oso gogorra izan zen, unean emango ez duzun zerbait saltzen ari zarelako. Baina jendeak ongi erantzun zuen eta gu pozik gaude. Hala ere, oraindik baditugu ale ugari eskuratzeko moduan eta nahi duenak sare sozialen bidez eskatu eta egingo dugu modua. Dena dela, musika kontsumitzeko bakoitzak bere modua du eta guk nahi duguna jendeak musika entzutea da, horretarako sortzen dugulako gure musika. Bakoitzak bere errealitatea du eta ulertzen dugu diskoa erostea ez dela ohikoena egun», aipatu dute TOC taldekoek.