Ilunpetik argitara irten da Zeinke taldearen ‘Antiheroia’

Bizkaiko hirukotea dira Zeinke taldea osatzen dutenak. Hainbat urteko itzalaldiaren ostean, berriz ere kantuak sortu eta disko laburrarekin datoz oraingoan, ‘Antiheroiak’ lanarekin. Jokin Uriarte, taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea izan da MusikHaria saioan sei kantuko albuma aurkezten.

Audio_placeholder

Ilunpetik argitara irten da Zeinke taldearen ‘Antiheroia’

Loading player...
Hirukote indartsua osatzen dute Zeinke taldeko ‘antiheroiek’. (ZEINKE)
Hirukote indartsua osatzen dute Zeinke taldeko ‘antiheroiek’. (ZEINKE)

«Luzaroan itzalean egotea zer den dakizunean soilik etorri zaitez…» esanaz irekitzen du Zeinke taldeak beren disko berria, ‘Antiheroiak’. Egunsenti baten moduan ulertu dugun abestia, baina Jokin Uriartek azaldu digu nondik datorren kantuaren muina: «Konfinamendu aurretik idatzitako abestia da. Guk talde moduan bizi izan ditugun azken bi urteak kontatzen ditu: zailtasun asko, kontzertu gutxi, norabide argirik gabe… Itzalean sartuta egon gara eta badirudi EP honen bitartez argi pixka bat ikusi dugula azkenean».

Dagoeneko bost urte pasa dira aurreko diskoa kaleratu zutenetik: «23-24 urte genituen, eta gure adinarekin eta denbora tarte handia da talde batentzat. Lanak, agendak ezin ezkondu, taldekide aldaketak… Gure asmoa ez zen hainbeste denbora pasatzea lan batetik bestera, baina jarraitu dugu».

Mikel eta Jokin dira taldean hasieratik dauden kideak, bata Lemoakoa eta bestea Zornotzakoa. Berak bizi diren inguruan ere entseatzeko-eta zailtasunak izan dituzte azken bi urteotan. «Urtebete egon gara gutxi gorabehera erabat geldirik. 2019 bukaeran edo 2020aren hasieran hamar bat kanta prest geneuzkan eta estudio bila hasi ginen 10-12 kantuko disko luze bat grabatu asmoz. Baina itxialdia etorri zen eta 2021 hasiera honetan, eta Lemoako gaztetxeari, esker elkartu gara berriz ere entseatzeko. Igorreko lokal publikoetan genbiltzan orain arte eta haiek itxita jarraitzen dute. Hortaz, eskerrak Lemoako gaztetxeari, lan luzea izan behar zuen EPa ongi lantzeko aukera eman digutelako estudiora sartu aurretik», kontatu digu Jokinek.

Erreferentzia anglosaxoiak
Hartara, normala mundua pikutara bidali nahi izatea ‘The end of the fucking World’ kantuan. «Izen bereko ikus-entzuneko batean oinarrituta dago abesti hau, Netflixen topatu daitekeen telesail batean hain zuzen ere. Hogei minutuko kapituluak dira eta maratoi batean ikusteko modukoa da ‘TOFW’. Hori bai, taldearen egoerari buruzko erreferentzia argiak gehitu dizkiogu. Britainia Handiko telesaila da, bertan bi nerabek gurasoak albora utzi eta ihes egitea erabakitzen dute eta horko istorioak kontatzen dituzte. Ez du momentu alairik, dekadentea da eta oso pesimista. Umore puntuak baditu, umore beltzekoak», azaldu digu Zeinke taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak.

Neska-mutilen arteko istorioa denez, emakume ahotsa ere sartu dute kantu honetan: «Ni mutilaren paperean jarri naiz, telesaileko protagonistaren paperean, eta ingelesez abestuz Arantza entzun daiteke. Arantzak ez dauka musika talderik, baina Mikelen ezaguna da eta bagenekien kantatzea maite zuela, hortaz, animatu eta sartu da. Ingelesez abestu du, gainera, telesailari beste keinu bat egiteko», kontatu digu Uriartek.

Erreferentzia bat aipatuta, musika inguruan zer nolako tendentziei jarraika dabiltzan jakin nahi izan dugu. «Gehien entzun ditudanak azkenaldian Ezpalak, Biffy Clyro, Thrice edota Weezer dira. Hortaz haien eraginak akaso entzun daitezke abestietan». Diskoari izena ematen dion ‘Antiheroiak’ abestia power pop kantu bat da baina sekulako ekoizpena duena: «Fender jaguar bat da gitarra printzipala, efektu ugarirekin, baina horrez gainera akustika bat, sintetizagailuen koltxoi bat ere badu, ahotsak ere bai, Urtzik kaxa-erdiko gitarra batekin eta pedal arraro batzuekin geruza batzuk ere sartu zituen… Abesti honetan sekulako ekoizpena dago. Kantuek estudioan berez beste maila bat hartzen dute, baina honek hartu duen dimentsioa sekulakoa da. Urtzik ere kantuen egituratan lagundu du eta salto handia eman du diskoak. Aurreko lanean ere elkarrekin aritu ginen eta gure onena ateratzen dakiela esan dezakegu eta ziur etorkizunean ere elkarrekin lanean jarraituko dugula».

Urtzi Iza azkenaldian bogan dagoen teknikari horietakoa da, ikusi besterik ez dago zeintzuk sartu diren bere estudioan edota zuzenekoetan noren teknikari lanak egiten dituen. Baina hasi, Zeinke proiektua abian jarri zeneko garaian hasi zen teknikari lanetan. «2016an Urtzi ere hasiberria zen grabaketa kontuetan. Enkore taldean egiten ari zena ikusi nuen, beren taldeko ekoizpenean ere eskua sartzen ari zela ikusi nuen. Estudioa ireki zuela jakitean, berarekin harremanetan jarri nintzen. Ideia pila bat botatzen ditu eta aurretik sortutako lana hobetzeko izaten diraa, hortaz, ekoizle lana ere egiten du eta taldea hobetzen laguntzen du», nabarmendu du Uriartek.

Taxi Driver gogoan
‘Antiheroia’ izenarekin bataiatu dute diskoa, baina zein da antiheroi perfektua Jokin Uriarterentzat? «Zinema munduko erreferentzia asko egiten ditut abestian, baina Taxi Driver pelikulako Travis izan daiteke antiheroi perfektua». Umetan ipuinetan ikasitakoa zentzua orain artzen duela aipatzen dute eta horrela azaldu digu Uriartek esaldi hori: «Heroi perfektuaren ereduarekin apurtu eta antiheroiaren figura aurrera ekarri nahi izan dugu, denok pixka bat antiheroi bagarelako egunerokoan. Entzuleak errazago ikusten du bere burua antiheroi horren paperean, gainera».

Kontraesanekin bizi edo aurre egitea zer ote den bidea galdetu diogu Uriarteri, diskoko pasarte batean kontraesanekin bizitzen ikasi behar dela aipatzen duelako: «Kritika bat da eta autokritika baita. Denok iritziz aldatzen dugu, gaur pentsatzen dugun hori ez dugu zertan bihar pentsatu eta hori ere sanoa delakoan nago. Ez naiz gehiegi filosofatzen hasiko». Stoner kutsua duen abestia da ‘Kontraesanak’. «Esan dezakegu abesti hau dela aurreko diskotik lotura gehien duena. Gitarra pisutsuak, ilunagoak, gogorragoak… Kantu hau ere nire kontraesanen barruan sartzen da», esan digu irribarrez Uriartek.

Minari ekintzekin erantzuteko esaten du, ordea, ‘Estatu kolpea’ abestian, disko barruan aurkitu dezakegun kontraesana bihurtuz. «Barne gatazkei aurre egitea eta zu eroso sentiarazten zaituen horrekin egotea eta eroso sentiarazten zaituen hori egitea aldarrikatzen dugu abesti horrekin», dio Uriartek. ‘Itzalean’ kantuak ere mina aipatzen du, lehorte batean izan direlako. Baina lehortean oasirik ez begien bistan: «Diskoak harrera ona izan du momentuz, argia ikusi eta bizpahiru astetara. Baina ez dugu hiru hilabeteko birarik iragartzeko. Lemoan eman genuen kontzertu bat eta orain Ahotsenean egotea da gure nahia. Gure moduko taldeak ez dira aretoen ez eta udalen ekintzen parte izaten. Txosna-gune, gune autogestionatu, asanblada, gaztetxe… halakoak dira gure espazioak eta badirudi martxan hasiko direla, baina itxaron egin behar».

Kobazulotik plazara
Disko labur honetako kanturik zuzenena ‘Galdu denbora’ deiturikoa da, kritika ugari barnebiltzen dituena Uriartek kontatu digunez: «Kantu gordinena da eta zuzenena. Zenbat denbora galtzen dugun sare sozialekin, telebistekin… finean, garrantzirik ez duten gauzekin eta bitartean Altsasukoak kartzelan. Guk ere jakina ematen diogula garrantzia sare sozialetan egoteari, ikusgarritasun handia ematen diotelako gureari bezalako taldeei. Baina ez dut uste sareetan egon gabe ez zarenik existitzen; hori bai, duela 10-15 urte eduki ez genezakeen erakusleiho bat dira guretzat. Eta ez dugu halako arrakastarik haietan e? Baina gure musika ezagutarazteko modu bat da eta ikusita inguruko komunikabideetan zein den tendentzia, sare sozialik gabe kondenatuta egongo zen gure taldea, tamalez», salatu du Uriartek.

Diskoak euskarri fisikoan kaleratu dituzte eta hurrengo kontzertuetan, eta Durangoko Azokan egoteko modurik badute, eskuratu ahal izango da, aurrez-aurreko salmentan sinisten dutelako. «Azalean Erika Barrenetxearen artelan bat ikusi daiteke. Akuarelak erabilita egindako diseinu bat da, gero digitalizatu duena. Guk kobazuloaren eta antiheroiaren ideia eman genion eta berak maisulan hori egin du», aipatu du Zeinke taldeko abeslariak.

Kobazulotik irten da ‘Antiheroia’, orain barruan duen musika plazara eramatea baino ez zaio falta.