Zuzenean

Elkarrizketa
Aitor Etxebarria, Ander Goitia, Mikel Bilbao eta Xabier Bilbao
TOC taldea

«Ideia zen diskoa entzutean entsegu lokalean gurekin zaudela sentitzea»

Mungian sortu zen TOC taldea 2016an eta hasieratik daude bertan Aitor Etxebarria, Mikel Bilbao eta Xabier Bilbao. Lehendabiziko lana kaleratu ostean batu zitzaien Ander Goitia eta harekin atera zuten ‘Zidazun’ diskoa 2021ean. Urtebete beranduago etorri da ‘Bat barik ez dauz bi’ disko laburra.

Audio_placeholder

«Ideia zen diskoa entzutean entsegu lokalean gurekin zaudela sentitzea»

Loading player...
Mungiako TOC taldeak baserri bat du beren gotorleku, handik ateratzen da egiten duten guztia.
Mungiako TOC taldeak baserri bat du beren gotorleku, handik ateratzen da egiten duten guztia. (TOC taldea)

Grabatzeko tokia ondo aprobetxaten ari zarete.

Xabier Bilbao: Eskerrak, ze ostantzean...

Ander Goitia: Baserri moduko bat da eta entseatzen ere bertan ematen dugu denbora eta eskerrak hori daukagula.

Ordu asko entseatzen?

Mikel Bilbao: Entseatzen ematen ditugunak eta bertan egoten garen denbora desberdina da, baina aprobetxatzen dugu bertan egoten garen tartea.

X.B.: Piña bat gara.

Disko sentimentalena denik esatera ez nintzateke ausartuko, baina sentikorrena akaso bai.

X.B.: Bai, disko hau gurea da, TOC egoera puruenean. Gure soinua ateratzea zen nahia, egunerokotasunean entzuten duguna edo entseatzerakoan entzuten duguna, diskoan sartzea. Letretara ere eraman dugu ideia hori eta azken produktuan nabaritzen da. Bideoak ere mimo handiz egin dira, diseinuak ere bai eta oso borobila geratu delakoan nago.

Zuen ingurua ere baliatu duzue bideoetarako, Maria Muriedas eta Ximon Agirre lagun dituzuela. Pieza guztiak oso desberdinak dira.

X.B.: Hiruak ere sekulako harrikadak dira. Landuena ‘Gau eternal bat’ kantuarena da eta hasieratik argi genuen haien esku utziko genuela. Bildu ginen egun batean eta sekulako bideoa osatu zuten.

Dena dela, diskoa ‘Nire loa’ kantuarekin hasten da. Soinu aldetik autentikotasuna bilatu duzuela garbia da, ez dakit hartualdiak nola izan diren, baina beste behin perfekziorik ez duzue bilatu.

Aitor Etxebarria: Kontrakoa. Denok batera jotzen grabatu dugu eta ideia zen diskoa entzutean entsegu lokalean gurekin zaudela sentitzea. Gordintasun eta inperfekzio hori bilatuta dago.

X.B.: Hartualdi asko egin ditugu, baina…

A.E.: Baina ez dago prozesatuta. Bilatu dugu borobiltasuna jotzeko momentuan egotea.

M.B.: Hartualdia hautatzeko garaian ere ere ez da perfektuena hartu, gehien gustatzen zaiguna baizik.

Hammond bat entzuten da abestiko zatiren batean?

X.B.: Ez, koroa hiru ahotsetara dago.

M.B.: Baina armonikoren bat sartzen zen.…

A.G.: Jabetu ginen elkarrekin abestean gitarraren frekuentziean genbiltzala. Bada, sokaren baten armonikoa sartu da grabaketan eta horregatik dirudi diozuna, efektu hori du.

Klaketarik gabe grabatuta dago ezta? Tenpo geldoetan jotzea ez da erraza izango.

M.B.: Jakina! Baina nahita egiten dugu, ‘Zidazun’ diskoa ere horrela grabatu genuen. Gauza da, konposatzerakoan, tenpoak gora eta behera egitea nahi dugula, eta klaketarekin bazoaz, hartualdia moztu egin behar izaten da. Hala, guk grabatzen dugun modurako, klaketarik ez da erabili behar.

A.G.: Gainera, klaketarekin saiatu garenean, ez gara sgai izan soinu bera lortzeko, elkarrekin jota, sendotasun gehiago ematen diogu abestiei.

‘M.S.’ inizialak irakurri ditugu bi kantutan, zein da edo zer da?

X.B.: Momenturen batean iritsi da ez dakidala jarri dugun edo ez. Mikel Sotoren inizialak dira, ‘Gau eternal bat’ eta ‘Nire loa’ idazterako momentuan bere liburu bat, ‘Suak pizten direnean’, irakurtzen ari nintzen eta aitortza moduko bat da.

Bi kantu hauetan justu mina eta dolua dagoela nabaritu dut. ‘Nire loa’ kantuan, pertsona bat doluaren minez eta hotzaren aurrean bakarrik dagoela sentitu dut.

X.B.: Idazterakoan leku ilun, hotz eta humel bat irudikatzen nuen. Kanpoko estimulu negatiboak ez dituzunean ulertzen, gauzek gaina hartzen dizutenean, agobiatuta zauden unea… bada hori da kontatzen dena. Nahiz eta musika alaia daukagun eta denak oso polita dirudien, abesti honetan kolapso baten inguruan gaude hizketan.

Bideoa iluna da zinez, nahiz eta izan zitekeen diskoaren azala bezain argia.

X.B.: Abesti horren bideorako ideia bat bageneukan, arterako lan batetik abiatuta. Beti norbait hanketatik zintzilik jarri nahi izan dut eta marroi bat izan zen probak egiterakoan, mina egiten duelako. Nik ez nuen jasaten, baina Ander txapeldun bat izan zen. Nire anaiaren etxean dago grabatuta, quad baten argiak erabilita. Ander eskegita dagoen momentu batean hurbil ikusten da eta aurpegia puztuta du odolez. Hori benetakoa da. Gero espazioa hartzen du errepikan eta ederra geratu da. Anderrek gorriak ikusi zituen, baina dibertitu ginen.

Diskoaren izena ‘Gau eternal bat’-en aipatzen da, ahotsak indarra duen kantu batean. Nola sortzen da kantua?

A.E.: Lokalera eraman nuen lehenengo arpegio hori eta errepikarako akorde batzuk ere bai. Elementuak gehitzen joan ginen eta horrela atera zen.

X.B.: Konposatzerakoan normalean beti horrela eraikitzen dira kantuak. Aitorrek ekartzen du zerbait, gero instrumentala sortzen da, ahotsa segidan, gero letrak eta bukaeran xehetasunak.

A.E.: Disko honetan ez da egon itolarririk konposizio prozesuan, dena asko zaindu nahi izan dugu, baina patxadaz hartuta.

X.B.: Disko luze batetik gentozen, Urtzi Izarekin grabatuz, eta oso ondo pasa genuen baina gogorra zen. Oraingoan dena guk grabatu nahi izan dugu eta beste modu batetara bizi izan dugu. Beste modu batean gozatu dugu, patxadaz.

A.E.: Lehenengo aldia zenez dena guk egiten duguna, konposatzerakoan saiatu gara dena errazago egiten grabaketa guk geuk egin ahal izateko. Demoak eta guzti grabatu genituen bukaerako hartualdien aurretik.

M.B.: Grabatu dugun tokian entseatzea ere garrantzitsua da, bertako akustika ere gogoko izan dugulako.

A.G.: Eta gauza bakoitza bere tokian sartzea oso garrantzitsua izan da. Hau da, elementu bakoitzaren espazioa bilatzen saiatu gara. Freskotasuna eta dinamismoa galdu gabe hainbat elementuren aldaketa egin dugu eta beste era batera ikusi dugu guztia.

Kendu duzue, beraz, gauzak erdipurdi egiten dituzuenaren etiketa?

M.B.: Ez ez, eta intentziorik ere ez dugu horretarako!

Masteriazioa egin dizue oraingoan Urtzi Izak.

A.E.: Bai, beste diziplina bat eta beste teknika bat delako.

M.B.: Urtzi gure teknikaria ere bada eta emaitza berarekin partekatu eta bere ikuspuntua izatea ere garrantzitsua iruditzen zaigu.

X.B.: Eta esan arrastorik ere ez dugula masterra egitea zer den. Pista ematen diozu, nonbaitetik pasatzen da, eta badator.

A.G.: Nik oraindik ez dut ulertu zer den! Kar-kar!

A.E.: Inork ere ez! Kar-kar!

‘Hutsa bezain hotza’ kantuaren bideoklipean lagunen artean eta ondo pasatzen ikusi zaituztegu, kolaborazioak ere badituelako, baina lanean serio aritzen zaretela nabari da abestia entzutean.

X.B.: Juerga eta lana batzuetan bateragarriak direla uste dut hala ere, eta hori da politena. Egia da gero egun horretan juerga egin genuela, baina egiten duguna egiten dugu nahi dugulako, eta emaitza ona izatea nahi dugu, intentzio batekin dago eginda dena. Balantza horretan batzuetan alde batera goaz eta besteetan beste batera.

M.B.: Iritsi eta esan ziguten lehenengo gauza izan zen bezperan ez zirela irten eta serio egin behar zela dena.

X.B.: Egun berean egin behar zen dena, bideoa, melodia, hitzak… Eta denon agendak ezkontzea ez zen erreza izan. Josuk beste egun batean grabatu zituen gero bere teklatuak. Guretzako presio moduko zerbait zen beren lan egiteko moduan egitea gauzak, baina hori nola egin behar zen ikusi nahi genuen eta horrela irten zen.

A.G.: Kilikik 10 minutuan ulertu zuen guztia.

M.B.: Hor jarri zen txoko batean, bere munduan gauzak idazten eta pentsatzen eta sekulako bertutea duela erakutsi du.

X.B.: Nik uste dut abesti honetan zailena lortu genuela, parte hartzen duen bakoitzak dituen bertuteak nabaritzea eta TOC izaten jarraitzea.

Hitzak nola daude idatzita?

X.B.: Abesti hau batera egingo genuela adostu genuenean, melodia eta letra grabaketa egunera arte ezingo zela sortu zen kondizio bakarra. Instrumentala bidali genien eta egun oso batetarako geratu ginen. Goiz batez etorri ziren Juanjo Berasain eta Beñat Rodrigo eta oso naturala izan zen dena. Lehenengo gauza izan zen Beñatek errepika atera zuela, ahotsak atera genituen horren gainean eta bere barrak idatzi zituen. Nik nire zatia egin nuen, Juanjori idatzi genizkion beste gauzatxo batzuk eta dena oso organiko irten zen.

Beñatek idatzitakoa da errepika, ezta?

X.B.: Bai, nik nafarreraz abestea eta Juanjo bizkaieraz abesten entzutea ederra zela esaten zuen Beñatek eta arrazoi du.

Bukaerarako utzi duzue diskoko tenpo azkarreneko abestia. Beldurrak albora uztea aldarrikatzen duen kantua da, norbera dela oztopo esaten duzue, gainera.

X.B.: Mikel Goirineak bidali zidan letra hau argazki batetan eta esan zidan edo zerbait egiteko edota Lukieki emango ziola. Hitz eginda geneukan zerbait egingo genula elkarrekin eta aldaketa pare bat eginda moldatu nuen, eta justu aipatu duzuna idatzi nuen nik. Instrumentalak eta letrak ezkontzen zuela ikustean, aurrera egin genuen. Arte munduan sentitzen diren presio eta pisuak gainetik kentzeaz ari naiz, hori bizi dugulako askotan, nahikoa kaka bizitzen dugu, hortaz, gainetik kendu beharra dago ahal den guztia.

Kontzertuak non eta noiz izango dira?

A.G.: Urtarrilaren 19an Arrasateko gaztetxean eman genuen azkena eta, atzetik, otsailaren 4an Legution izango gara. Gero Berrizen, Elorrion, Orion, Topagunean… Eta maiatzean zerbait oso dotorea dator, baina ezin dugu esan.

X.B.: Pozik gaude, jendeak deitzen gaituelako, gu desastre samarrak baigara horretarako. Ez dugu sekula jakin nola bilatzen diren kontzertuak.

M.B.: Eta oso pozik gaude deitzen digutelako.

X.B.: Inoiz ez dugu jakin sekula nola bideratu hori, hortaz, mesedez, segi gu deitzen!

Jaurlaritza Logoa