Zuzenean 15:00h - 16:00h
Beste Bat
16:00h - 17:00h
Otea lili
17:00h - 19:00h
MusikHaria
«Greba honen benetako erantzulea Jose Ramon Garai da, ez beste inor»
Mungian ez da palarik ostiral honetan, bai ordea Innpala enpresako palisten greba. «Pena handiz», Iñaki Urrutiak dioenez, Mungian «profesional sentitzen» direlako. Enpresarekin duten gatazka dela-eta, 19.00etan «pala maite duen oro» biltzeko gonbita egin du: «Hau da partidarik garrantzitsuena».

«Greba honen benetako erantzulea Jose Ramon Garai da, ez beste inor»

Innpalako kudeatzaile berriekin, Dan Necol eta Iñaki Urkijorekin, aurreneko bilera egin arren, ez da akordiorik izan. Beraz, grebari eutsi diozue.
Hori da, bai. Necol eta Urkijorekin batzartu gara –ostegunean–, baina beraiek inolako proposamenik gabe etorri dira batzarrera. Hori horrela, greba ezin dugu edonola altxatu eta greba egunak indarrean jarraitzen du, noski.
Greba eta elkarretaratzea Mungiako pilotalekuaren aurrean dagoen Matxin enparantzan.
Hala da, bai. Azaltzeko deitzen diegu palaren zale guztiei eta baita pala maite duen orori ere. Espero dugu jendea joango dela eta bertan gure eskubideak aldarrikatzea eta batez ere, palaren etorkizunari begira, babesa ematea.
Bertan inolako azalpenik emateko intentziorik duzue; hau da, prentsaurreko antzeko zerbait?
Printzipioz ez. Jakina, hedabideak etortzen badira, hitz egingo dugu, baina prentsaurrekorik ez dugu antolatu. Nolanahi, gure eskubideak aldarrikatuko ditugu eta, esan bezala, zaleak bertan egotea espero dugu, azkenean, partidarik garrantzitsuena horixe delako guretzat.
Greba dela-eta jokatzekoa zen Urrezko Pala Pro-ko bosgarren jardunaldi hori bertan behera geratzen da. Nola joan da batzarra eta zergatik ez da adostasunik egon?
Asteartean batzar bat eduki genuen Jose Ramon Garai, enpresako aurreko buruzagiarekin, eta berak bost minutuko batzar batean enpresa saldu egin zuela esan zigun, Dan Necol eta Josu Urkijok zituztela enpresaren partizipazio guztiak, eta ondoren atzeko atetik, bera den moduan, joan zen.
Ondoren Josu Urkijorekin egon ginen berbetan; 20 bat minutu egin genituen. Berak esan zigun egun batzuek behar zituela [enpresaren inguruko] dena ikusteko. Guk kontratuei eta gure lan baldintzei buruz zer pentsatzen genuen aipatu genion, baina berak beti egun batzuek behar zituela erantzun zigun, ez zekielako enpresaren egoera zein zen. Egia esateko, mesfidantza nabarmena utzi zigun horrek guri. Azken baten, nola erosiko duzu enpresa bat nola dagoen ez dakizunean? Are gehiago bere langileekin gaur egun dituen arazoak kontuan hartuta.
Ostegun honetan izan dugun batzarra ere ildo horretatik joan da. Urkijo eta Necol inolako proposamenik gabe etorri dira eta, beraz, ez gara akordio batera heldu.
Zuek hitzarmen bat helarazi zenieten, hiru orrialdeko kontu bat, baina antza denez, edo ez dute irakurri edo irakurrita ere, ez dute ezer proposatu.
Halaxe da, bai. Josuk «buruan gauza asko» izan dituela esan digu eta pentsa nola izan den kontua, hiru orrialdeko proposamen bat ezin izan duela irakurri. Ondorioz, negoziaziorako duen puntua ez dela egokiena uste dugu.
Badira kontratuak, badira lan baldintzak... Zein da greba egitera bultzatu zaituzten arrazoi nagusia?
Hain zuzen kontu horiek biak dira; hau da, kontratuen luzapena lizitazioak bukatu arte. Ez dakigu lizitazioak zenbat iraungo duen; pentsa, abuztuan hasi zen lizitazioa eta luzapen batean murgilduta gaude eta ez dakigu nola joatekoa den ere; hau da, ez dakigula zein izango den gure etorkizuna, helegiteak eta... ere badaudelako.
Gero, lan baldintzak hobetzea dator. Azkenean, horiek biak dira gure bi aldarrikapen argienak eta bi galdera horiei erantzun bat eman behar zaie enpresaren aldetik.
Kontratuei dagokienez, Ibai Perezi martxoaren 30ean amaitzen zaio, Gordon eta Gaubekari apirilean, eta printzipioz ez dute beraiei berritzeko asmorik.
Bai. Galdera egin diegu eta erantzuna betikoa izan da: «ikusi egin behar, ez dakigu enpresa nola doan...» Ez dugu inolako konpromisorik ikusi, baina guk ea greba deialdia altxatzea posible ote dugun esan digute. Horren aurrean esan diegu inolako konpromiso zehatzik eta bermerik gabe ezin dugula grebarik altxatu.
Harritzekoa da egoera bera, eta baita punta puntako palistei buruz ari garela. Alegia, ez dela errendimenduan oinarrituriko erabakia.
Argi dago! Pentsa Ibai Perez eta Esteban Gaubeka nolako palistak diren! Ibai gaur egungo atzelari onenetariko bat da. Baina dena dela, hau badakigu zergatik etorri den. Jose Ramon Garairi pala ez zaio inoiz ere inporta izan. Eta gu gure lan baldintzak hobetzeko ELA sindikatuarekin antolatu ginela ikusi zuenean, erantzuna hau izan da.
Lan baldintzei dagokienez, ez dakit zeintzuk diren zuen eskaera nagusienak.
Xehetasun askotan sartu gabe, baina orokorrean gutxieneko soldata bat eskatzen dugu, orain baino altuagoa, materialaren zati bat enpresak berak ordaintzea, osasunari dagokionez, partidetan profesionalak izatea; esaterako, anbulantzia bat egon dadila, zerbait gertatuta ere.
Gero, badaude beste kontu batzuek ere. Adibidez, parkingaren kontua; hau da, Miribillako frontoian jokatzen ditugu gure partiden %80a eta entrenamenduak ere, baina parkinga erabiltzen ez digute uzten.
Dan Necol eta Josu Urkijo dira arduradun berriak, baina Jose Ramon Garairen izena errepikatzen da beti.
Argi dago! Enpresatik ikusarazi nahi da greba gure erantzukizuna dela, baina benetako erantzulea Jose Ramon Garai da, baita gaur egun enpresa erosi duten Necol eta Urkijo, bigarren maila baten. Beraiek dute adostasun batera hau eramateko ardura eta azken hitza. Guk, beti esan dugun bezala, negoziatzeko borondatea dugu. Asteazkenean beste batzar bat dugu eta espero dugu bertara proposamen batekin azaltzea.
Josu Urkijok adierazi duenez, zuen «jarrera» ikusita, «zaila» ikusten duela akordio batera iristea.
Ez nau ezustean harrapatzen. Azkenean, beraien –Necol eta Urkijoren– jarrera horrelakoa da. Beraiek beren mezua helarazi nahi dute, guk geurea, baina hemen argi dago azken hitza beraiek daukatela. Gaur egungo egoera ez da palista profesionalen erantzukizuna, hori argi utzi nahi nuke. Nik neuk kristoren pena daukat ostiralean Mungian ez delako partidarik izango, gugatik baina batez ere zaleengatik.
Badakigu palarentzat egoera hau oso zaila dela, baina ez dugu beste aukerarik eduki. Azkenean, hilabete bateko prozesua izan da. Batzartzeko eskatu diogu enpresari. Josu Urkijo enpresako intendentea zen Jose Ramon Garai buru zen sasoian eta badaki nolakoa izan den prozesu guztia. Ondorioz, hau ez zaio ezustean iritsi eta bere erantzuna... bere erantzuna izan da ez digula inolako erantzunik eman. Beraz, ez zaigu grebara joatea baino beste aukerarik geratu.
Garbi dagoena da pilotariak jokatu egin nahi duela.
Horixe! Hori garbi utzi nahi dut. Pilotarioi jokatzea gustatzen zaigu eta badakigu Mungiakoa zer-nolako txapelketa den guretzat eta palarentzat, txapelketa garrantzitsuena delako. Bertan profesional sentitzen gara jende asko etortzen delako, ETB atzean dagoelako... eta txapelketa kontu honengatik bertan behera uztea guretzat ez da batere kontu erraza izan, baina hala eta guztiz ere, ez dugu beste aukerarik izan.
Datorren asteazkenean biltzekoak zarete berriro. Baikor izateko motiborik ba al duzue?
Orain arte gauzak nola joan diren eta atzetik nor dagoen ikusita, astearteko batzarra eta gaurkoa –ostegunekoa– ikusita, nahiko ilun ikusten dut etorkizuna. Baina era berean, beraiek egun batzuek izanda, eta enpresako kontuak ikusi eta gero, espero dut proposamen batekin etorriko direla, hori da eskatzen duguna. Argi daukagu kontratuak berritu behar direla eta akordio batera iritsi behar garela hitzarmen baten bidez.