«Denok %100a eman dugu, ezingo bagenu horrela egin, ez zuen zentzurik izango diskoa grabatzeak»

Lotura talde bizkaitarrak urte askotako lanaren emaitza kaleratu du aurten, ‘Automatak izan’ (Gaua Records) diskoa. Laukotea diren arren, Andoni Ugalde izan da proiektuaren sustatzaile nagusia. Bera eta Iker Aginaga izan dira MusikHaria saioan taldea eta diskoa aurkeztu asmoz.

Audio_placeholder

«Denok %100a eman dugu, ezingo bagenu horrela egin, ez zuen zentzurik izango diskoa grabatzeak»

Loading player...
Derioko Baserri antzokian aurkeztu zuen ‘Automatak izan’ diskoa Lotura taldeak.
Derioko Baserri antzokian aurkeztu zuen ‘Automatak izan’ diskoa Lotura taldeak.

Telesailen bateko hasierako kantua dirudi Lotura taldearen estreinako diskoa irekitzen duen ‘Automatak’ abestiak. «Urte asko lantzen gabiltzan proiektua da, denetarik duena eta pozik gaude emaitzarekin», esan digu Andoni Ugalde taldeko alma materrak. Atzetik Antonio Suarez bateria-jotzailea eta Pablo Bueno baxu-jotzailea gehitu ziren eta Iker Aginaga izan zen taldean sartzen azkena: «Deitu zidatenean ez nintzen ziur erantzun behar nuenarekin, Revolta Permanetekin nenbilen, Gaua estudioan lanean eta horri guztiari beste talde batean sartzeak eskatzen duen konpromisoa handia zen. Baina 15-16 urterekin entzuten nuen musika estiloa da jorratzen duguna, oholtzan gozatzeko aukera ematen didana eta gainera letrak idazteko aukera ere eman didate, hortaz baietz esan nuen. Orain etxeko lanak eginda, kalean dago diskoa».

Aitor Abio izan da zuzendari artistikoa disko honetan. «Abio eta biok aspalditik ezagutzen genuen elkar eta argi neukan berak bultzatu behar zuela disko hau. Pi.L.T aspalditik segitzen dut eta asko maite dut gainera, hortaz ukitu hori ere nahi genuen. Elektronikaren kutsuak koltxoi garrantzitsua ematen dio diskoari eta magia hori nahi nuen diskoan. Aitor Abiori esan nion berak egiteko eta probak eta berak sortutako horretatik atera dira hainbat gauza, sarrerako kantua barne», esan digu Ugaldek.

Erreferentetik, diskoan kolaboratzera
«Diskoa ez da pandemiaren umea, baina erreferentzia asko ditu bere baitan. ‘Borreroa eta urkatua’ kantuan alemaniar filosofo batek eskailera mekanikoen inguruan egindako metafora jasotzen da, sistemaren gurpilean sartuta gaudelako eta hor gabiltzalako bueltaka etengabe, horregatik borrero eta urkatua aldi berean izatearena. Berri Txarrak taldeari bi erreferentzia egin dizkiot hitzetan, talde hori nire bizitzan pisu handia izan duena delako eta Gorka Urbizu letragile onenetariko bat iruditzen zaidalako. Baina horrez gainera, «makinak piztu» esaten duenean, berez «piztia piztu» esan nahi nuen, Kuraiari keinu bat egiteko, baina ebidenteegia zela eta aldatu genuen», azaldu digu Aginagak.

Kuraia aipatuta, Mikel Kazalisen kolaborazioa izan dute ‘Berriro’ abestian. «Urte batzuk ditut dagoeneko eta gaztetan zuzenean gehien entzun nuen taldea Anestesia izan zen zalantzarik gabe. Gero 2000. bueltan Kuraia etorri zen eta guretzako haize freskoa ekarri zuen talde hark. Mikel gainetik ezagutzen nuen eta orain esan dezaket oso jatorra dela eta kristoren tipoa», nabarmendu du Ugaldek. Aginaga, gazteago denez, beste modu batetara ezagutu du nor den Mikel Kazalis: «Nik spotifyn entzun ditut Andonik aipatu dituen talde hauek. Aitor Abioren eskutik, Matxuran nola elkarrekin dauden Kazalis eta biak, ezagutu nuen bai Kuraia, bai Estricalla eta baita Anestesia ere. Hortaz, Kuraiaren bolorik ezin izan dudanez disfrutatu, itzul daitezela arren!».

«Rapeatzeko tartetxoa» eskatu zien Iker Aginagak Loturako gainerako kideei eta eman zioten, Revolta Permanenten aurretik ere rapeatzen baitzuen abeslariak. «Bazegoen horretarako nahia, Downset edota Helmet bezalako taldeak genituen erreferente eta, hemen, Euskal Herrian, egiten ez zen zerbait zen sortu nahi genuena. Lortu dugulakoan gaude eta pozik horrekin», dio Ugaldek.

Gitarra-jotzaile baten ikuspegitik sortutako lana
Andoni Ugalderen etxean sortzen dira Lotura taldearen abesti ia denak: «Riff batzuk grabatzen nituen, asko ezabatu eta batzuk gorde, eta horren gainean hasten ginen sortzen gainerako guztia. Ahotsak garrantzia handia du eta base erritmikoak, berriz, agindu egiten du gero kantua nolakoa izango den. Hortaz, nik sortu nuenetik azken emaitzara aldea dago. Hasi ginenetik hona, geroz eta gehiago izan da guztion lana eta horrekin oso pozik nago. Kantak gitarra-jotzaile batek idazten dituenean, askotan ez da kanta bat, da gitarreo bat eta hor egon da aldaketa nabarmenenetako bat. Aitorrek ere moldaketak egiten asko lagun du, nabari da haren eskua».

Iker Aginagak badaki zer den berarekin lan egitea eta gogotsu ikusi du lanean lehen unetik Abio: «Aitorrek entseatzeko lokaleko giltza ere bazuen, entseguetara etortzen zen eta horrek dena errazten du. Ez da hotzean hartu eta aldaketak egitea egin duen lana. Hark kantuak lokalean entzuten zituen, eta gero, akaso, esaten zigun kantuaren zati bat, bukaeran zegoena, hasierara eramateko, edota gitarraren efektuen frekuentzia batzuk zaintzeko ahotsari tokia egiteko eta halako kontuak. Gainera nabaritzen da erlazio ona egon dela, ekoizlearekin konektatzen ez denean disko soil bat egiten duelako eta ez diskorik onena. Guk ezagutzen dugu nola egiten duen lan eta dena eman duela badakigu».

‘Zaunka’ abestiarekin ezagutu genuen Lotura taldea, hura atera zutenean, aste batzuetara diskoa zetorrela iragarri baitzuten: «Aurkezpen txartelik onena dela uste dut. Ahots hauskorra, gitarra pisutsuak, sintetizadoreak… Diskoko elementu guztiak entzun daitezke abesti honetan. Gaur egungo Lotura hau da, hilabete batzuk barru ikusi beharko dugu. Balkoiko poliziari idatzitako abestia da gainera. Hemen pandemia garaia oso presente dago. Zaintzak asko irabazi du, baina ez gara gizarte hobea eta hau da adibide. Zaintza ez da bakoitzari zer egin behar duen esatea. Arriskutsua da batetik horrela jardutea, ez dakizulako zein den bestearen errealitatea, eta, bestetik, ez delako beharrezkoa, nahikoa etsai eta polizia badugulako elkarri ‘mierdaka’ ibiltzeko. Duela 30 urte izango zuen zentzua abestiak eta orain ere bai».

Adin tartea nabarmena da Aginaga eta Ugalderen artean. Belaunaldien arteko tarte horri buruz galdetuta, Ikerrek inbidia ematen diola kontatu digu Andonik: «Euskal Herria estatuko lekurik onena izan da musika egiteko eta Ikerren adinarekin sortu izan bagenuen Lotura, nik uste eztanda handia eragingo zuela. Ikerrek sekulako jarrera du eta taldearekin bikain ezkontzen du bere ahotsak eta lanak, hortaz, zorionekoak gu. Lanean jarraitu behar orain».

Metala, sintetizadoreak eta samplerrak
Sintetizadoreak eta gitarra pisutsuak aipatu ditugu, baina samplerrekin ere ausartu dira ‘Ispiluaren bestaldean’ abestian. «Revolta Permanentekin sampler asko sartu izan ditugu, hip-hopean oso ohikoa den zerbait baita. Aitor Abioren eskua dago hor ere, lan handia egiten baitu samplerrekin. ‘Mr. Robot’ telesaileko esaldi batzuk dira eta akaso kantuaren mezuarekin ez du lotura zuzenena, baina jainkoari eta erlijioari buruz esaten dituenak sekulakoak iruditzen zaizkidanez, Aitorrek lan zikina egin, moztu eta efektuak jarri, eta sartu dugu pasartetxo hori ere», aipatu du Iker Aginagak.

Masterizazio eta nahasketak ere gaua estudioan egin dira, baina presente izan da uneoro Andoni Ugalde: «Aitorrengan neukan jarrita konfiantza guztia, baina nahasketetan eta masterizazioan gainean egon naiz. Azkenean denbora asko eskaini diodan zerbait denez, azken emaitzaren gainean egotea gogoko dut. Diskoa fabrikara bidali arte egon naiz hori lantzen. Orain kantuak berriz entzuten ditudanean, flipatu egiten dut. Musika asko entzun dut eta ez da gurea delako, baina oso ondo dagoen zerbait da». Iker Aginagak errespetu handia erakutsi dio urte hauetan guztietan Ugaldek egindako lanari: «Argi geneukan masterra bukatzean diskoak ezin zuela izan «ondo dago, balio dezake» batek. Lehen bateriako tokeen aldaketatik hasi eta bukaeraraino Aitorrek egin duen lana ikusita, «ondo dago, ezin dezaket hobeto egin» izan behar zuen. Denok %100a eman dugu, Andoniren urteetako lanak hori merezi zuen. Ezingo bagenu horrela egin, ez zuen zentzurik izango diskoa grabatzeak».

Zuzenekoaren zirrara berriz ere azalean sentituta
Baserri Antzokian aurkeztu zuten diskoa. «Bukaera baten modukoa izan da, berriz ere hasiera bat sentitzeko. Diskoa grabatu eta zirkulu hori ixteko bukaera izan da kontzertua», dio Ugaldek. Aginagari berriz, zuzenekoen zirrara hori berriz sentitzeko balio izan dio Derioko emanaldiak: «Zuzenean, diskoa aurkeztu eta publikoaren eskuetan uzten duzu dagoeneko proiektua. Batzuk apurtu arte entzungo dute eta beste batzuk tiraderan gordeko dute. Dagoeneko kantu berriak aurkezten hasi ginen eta ari gara kantu berri gehiago sortzen, bigarren etapa bati hasiera emanaz. Kontzertua berriz hasteko modu bat izan zen niretzat, Revoltarekin 250 kontzertu ematetik nentorren eta hor nabaritu dut pandemia. Oholtzara igo aurretik eztarria itxita neukan, urduritasunak gaina hartuta… Urte eta erdi pasa da, ez dugu kontzerturik eman eta ia ezin izan dugu besteen emanaldirik ikusi, eta 100 ikusle horien aurrean agertzeko grina eta urduritasuna zer den sentitzea lortu genuen. Orain data berriak lotzen gabiltza».

Hainbeste denboraren ostean, atseden beharra ere bazuela kontatu digu Andoni Ugaldek: «Diskoa prestatzeko lanak 6 hilabete gogor eskatu ditu, gero zuzenekoa osatzeko kantu berriak prestatzeak ere lan handia eman du. Denbora gutxian kanta on asko sortzeak estresa sortzen du. Orain atseden moduko bat hartu dugu, baina topera gaude lokalean. Gero, gainera, kontuan hartu behar da egiten duguna ez dela unplugged bat, hau metala da eta jendea behar dugu. Hortaz, lasai hartzen ari gara zuzenekoen kontua».

Diskoa zuzeneko hartan egon zirenek eskuratzeko moduan izan zuten eta laster banatuko dute batean eta bestean. ‘Sareetan isolaturik’ ez, harremanetan egoteko beharra dute eta laster elkar konektatzeko gogoz dira Lotura taldekoak.