Zuzenean

Elkarrizketa
Iker Aginaga eta Andoni Ugalde
Lotura taldeko abeslaria eta gitarra-jotzailea

«Epe luzerako harremana sortuko baduzu kantu batekin, arlo guztietan landu behar duzu»

Lan berriarekin datoz Lotura taldekoak eta, egiari zor, aspaldian ez dugu MusikHaria saioan metal pisutsuko talde bat izan. ‘Erantzunaren zain’ diskoa kaleratu eta gutxira izan dira gurean Iker Aginaga eta Andoni Ugalde taldekideak; Aitor Abio, Pablo Bueno eta Antonio Suarezekin osatzen dute Lotura.

Audio_placeholder

«Epe luzerako harremana sortuko baduzu kantu batekin, arlo guztietan landu behar duzu»

Loading player...
EP honen ostean boskotea izatera pasa da Lotura talde bizkaitarra.
EP honen ostean boskotea izatera pasa da Lotura talde bizkaitarra. (Julio AGINAGA)

Zer moduz zaudete?

Iker Aginaga: Diskoari maitasuna hartzen lehen kontzertu hauetan eta pozik hemen tartetxo bat izanda.

Kontzeptu hori interesgarria da, diskoari maitasuna hartzearena.

I.A.: Bai, nolabait ere epe luzerako harremana sortuko baduzu kantu batekin, pertsona batekin bezalaxe, arlo guztietan landu behar duzu harreman on hori, hortaz, abestiek estudiotik eta lokaletik kanpora ere funtzionatzen dutela konturatu behar zara.

Esan daiteke oraingoan diskoaren aurkezpena nahi bezala hasi dela. Aurreko lana biziberritzeko egindakoa al da hau?

Andoni Ugalde: Garapen logiko bat daramagu. Askoz ere landuagoa da disko berria, kantu mardulagoak dira eta lan asko egin dugu horretan. Diskoaren lanketan askoz ere tarte zabalagoa hartu dugu.

Zu izan zara kantuen sortzaile, Andoni?

A.U.: Ez, aurrekoan neure buruan neukan guztia, baina oraingoan istorioa aldatu egin da eta igartzen da. Denon artean egin dugun garapen bat da, eta datorrenaren atariko modukoa bezala ere ulertu behar da.

‘Egunero’ kantuarekin hasten da EP hau. Intentzio guztia lehen unetik erakusten duzue. Hori bai, erritmo bitxia hautatu duzue metal musika izateko.

I.A.: Oso disko laburra da kantu kopuru aldetik eta lau kantuetatik bi argitaratuta ziren diskoa argitaratu genuenerako. Hortaz, norbaitek play eman eta, diskoa osorik ez badu entzungo ere, zerbait berriarekin egin dezala topo zen gure nahia. Hasieran hau zen singlea, baina atzetik etorri zirenekin asko kosta zen erabakitzea. Nire gurutzada pertsonala izan zen diskoa honekin hastea, estrofa potente eta itsaskorra duelako.

A.U.: Nik uste dut abesti hau aurreko diskotik hurbilen dagoena dela. Diskoa bukatu genuenerako abestia eginda zegoen, zuzenekoetara eramateko abestia zelako.

Ukitu industriala ematen die abestiei Aitor Abioren teklatuek.

I.A.: Oso kontuz ibili ginen lehen diskoan teklatuekin, gero, zuzenean, ez genituelako erabiliko. Baina kontua da Aitor taldekide bat gehiago dela lan honetan eta hor askatasun osoa izan du, zuzenekoetan ere presente izango delako. Horrek guztiak asko eman dio taldeari ausartagoak izateko.

Oinarri sendoa baxuak eta bateriak ezartzen dute, baina beste hiru elementuek erabateko askatasuna izan duzuela nabaria da. Nondik hasi dira oraingoan abestiak sortzen?

A.U.: Orokorrean gitarraren riff batetik abiatzen gara, baina igartzen da asko aldatu dela egiteko modua. Aurreko diskoan digitazio askoz ere gutxiago dago gitarretan, orain kordel batean digitazio asko dago, ia bosgarrenik ez, bederatzigarrenak ere badaude… baina guztia modu oso desberdinean sartuta.

‘Galdetzeari utzi genion’ kantua ez da musikara soilik mugatzen, ikus-entzunezko piezak ere badu bere garrantzia, baita mezuak ere.

I.A.: Kantu honen hitzak pertsonalenak direla esan daiteke. Gauza guztien erantzunak nahi ditugu eta hori gaitz endemiko bat dela uste dut. Batzuetan galdera onak falta dira eta batzuetan galderetan bakarrik geratu behar zara eta ez jakiteak ez dizu minik egin behar. Ez dakit, horrekin konformatzen ikasi behar da. Hori bai, galderak egin behar dira, baina taxuz. Beldurrak eraginda maiz ez ditugu hainbat kuestio planteatzen eta horren inguruan gabiltza, askotan galderak garrantzitsuagoak direlako erantzunak baino.

Maria Redondo eta Ander Lacalle aktoreak jan eta jan ikusi ditugu bideoan.

I.A.: Askotan erantzunak jan eta jan pasatzen dugu eguna, zer ari garen jaten jakin gabe. Informazio hori dena irensten dugu galderarik egin gabe. Informazio gehiegi izatea gaitza dela uste dugu askotan, baina, informazioa bera egotea baino, hori kuestionatu gabe hartzea da benetako gaitza.

Estrofetan mezuari lehen planoa emateko musika baretzen da. Ideia, hitzak edo musika etorri da lehendabizi hemen?

I.A.: Hemen dena paraleloan joan dela esango nuke. Aurreko diskoan Andoniren ideien gainean egiten nituen hitzak, baina oraingoan kantua sortzen hasten zenerako lehen ideia edo esaldia mahai gainean jartzen nuen, nahiz eta gero aldatu. Hori bai, behin letra guztia eduki eta abestia sortuta izatean, dinamikekin asko jolastu dugu, frekuentziatan ere dena ondo joan zedin. Teknikoki pauso horiek eman nahi ditugu, elementu bakoitzari bere espazioa emateko.

Aldaketa bortitza du abestiak azken zatian, bai musikan baita mezuan ere. Hor antzematen dira kordel baten gainean egindako lan guzti horiek.

A.U.: Bai, notarik lodienak hemen entzuten dira. Si notan dropeatuta daukagu gitarra eta la# bat da entzuten den nota. Baina kantua oso armonikoa da eta horrekin oso ondo ezkontzen du guztiak, indar handia hartzen du.

Euskal Herrian Drop C zen orain arte entzun nuen afinazio lodiena.

I.A.: Eta Loturak baxuagoak onartuko ditu.

A.U.: Aurrekoan afinazio hori geneukan, baina garrantzitsua ez da tonoa, baizik eta inguruan duen beste guztia. Drop B, Drop A edo nahi duzuna egin dezakezu, baina ingurua da inporta duena. Machine Head taldeak Drop Brekin afinatzen zuen bere disko garrantzitsuetan, 440Hzetan ordez 420Hzeko frekuentziatan agian, baina armonia gutxi zuen eta semitonoetan jolasten zuen, horregatik dute duten efektua.

Soka lodiagoak ere beharko dira, hortaz.

A.U.: Bai, 11-56 joku bat erabiltzen dut, baina 56aren tokian 62ko bat erabiltzen dut lodiena. Baina ari gara beste gauza batzuetan lanean ere. Normalean 46-52 tarteko sokak erabiltzen dira lodienaren kasuan, baina oso desberdin jotzen dut orain eta horregatik 62a ez da batere deserosoa jotzerako garaian.

Sampler bat ere badu kantuak.

I.A.: «Crime» eta «Unstability of society» kontzeptuak esaten dituzte Donald Trump eta George W. Bush AEBtako presidenteek.

Iparra galtzearena non ikusten duzue bada?

I.A.: Ukrainako gerra hasi zenean elkartasun eredu polita bezala ikusi nuen Europako mugak zabaltzearena. Baina gero Libia, Siria eta halakoak etorri zitzaizkidan burura, tiroka hartu zituelako Europak. Horregatik diot «beldurrari aurpegirik ez», zifra huts bihurtzen ditugulako zuriak ez diren migrante horiek guztiak, izenik ere ez diegu jarri. Horrek guztiak nahikoa sumindu ninduen, Europan eta Euskal Herrian etxe asko ireki dira Ukrainako errefuxiatuentzat eta gero Saharako haurrei udan ez diegu behar beste aukera ematen, adibidez. Ez dut ulertzen zergatik batzuei bai eta besteei ez.

Armonia ere aipatu duzue, hor Aitor Abiok badu eraginik, eta ‘Iparra galdu’ abestian bere π.L.T. garaiak ekartzen dizkigu gogora momentu batetik aurrera teklatuarekin egiten duena entzunda.

A.U.: Bai, oso argi dago.

I.A.: Guztiari eman diogu espazioa disko honetan, horregatik dute abesti gehienek bost minutu baino gehiagoko iraupena. Ez da irrati formuletarako egokiena, ez da erraza izango entzuteko, baina gustoz aritu gara eta zentzuz luzatu ditugu kantuak, elementu bakoitzari bere tokia emanaz.

A.U.: Lehen diskoan halako gauzak egiteko gogoz geratu ginen eta disko honetan nabaritzen da patxadaz hartu dugula dena.

Screamoa dago topera hemen.

I.A.: Master bat egin nuen hilabete horietan. Kantu bat betetzeko baino, xehetasuneetarako erabili nahi izan nituen kantu guturalak. Melodikoekin jarraitzen dut askotan eta lokalean ordu askotako lana izan da hori. Jakin nahiko nuke nire gorputzak nola lortu duen hori egitea, biziraute kontua izan da. Astean hiru egun, errepertorioari bi buelta eman eta azken kantuetara iritsi ezinda nintzela, gorputzak erantzun egin du buruak ezin zuenean. Esijentzia handia izan da, baina zuzenekoetarako ere prest egon behar zen eta pozik nago emaitzarekin.

Gitarran ere badago halako efektu berezi bat abesti honetan.

A.U.: Azken tartean dagoenaz ariko zara. Lehenetik laugarrena bitarteko sokak 12. trastean muteatuta, puarekin eta ‘rasgatu’ baten moduan jota lortzen den soinua da.

Aldatuz, Gaua estudioa ere aipatu beharko dugu, ezta?

I.A.: Bai, ematen digun askatasunagatik. Gure etxea da eta behar dugun denbora guztia hartu dugu bai lokalean eta baita estudioan ere hartualdi bakoitzak behar zuen soinua izateko. Baita nahasketan ere elementu bakoitzari behar duen tokia emateko. Ez dugu data mugarik izan eta horrek asko ematen digu diskoak behar duen lanketa izan dezan. Horregatik, lan egiteko moduak ere asko lagundu du disko honetan.

A.U.: Produkzioan igartzen da disko batetik besterako saltoa eta Asier Zubelzurekin egin dugun lan guztia sekulakoa izan da. Armonietan frekuentzia beretan elementu asko batzen dira eta horiek guztiak ondo jartzen-eta lan pila bat eginda dago.

Iker Villa eta Julen De La Serna ere aipatu gabe ezin utzi, bi bideoklipetan zuekin izan direlako. Bigarrenaren kasuan, taldea nola agertzen den dotorea da.

A.U.: Oso pozik geratu ginen.

I.A.: Oso bisuala izan da, Barakaldoko Munoa jauregian dago grabatuta, hiriko dotoretasunaren elementu garbiena izango da eta ziur nago Europako ateak zabaltzen dituena halako batean bizi dela. Mezua bezain oldarkorra da bideoklipa ere.

Diskoaren azala norena da?

I.A.: Aitor Abiok duen denbora libre gutxian argazkiak egitea maite du eta diseinuan pentsatzen hasi ginenean Aitorren argazkiak baliatu ditugu. Azalekoaz gainera, lau lamina egin ditugu abesti bakoitzerako eta guztiak ere bereak dira. Eraikin baten ertza da azalekoa, gabonetako argiak eta guzti ikusten dira ondo begiratuz gero.

Diskoa bera nola eskuratu daiteke?

I.A.: Bada kontzertuetan bai, eta baita sare sozialen bidez harremanetan jarrita ere, edonora bidaltzeko prest gaude.

A.U.: Baina kontzertuetara etorri dadila jendea, besterik ez bada diskoa erostera.

I.A.: Kontzertua ikusten duenak 2x1 bat egin dezake, sari moduan erosi dezake diskoa, taldeari babesa emateko modu bat ere badelako, nahiz eta jakitun garen kopia askorik ez dugula salduko.

Kontzertuak aipatu dituzuenez, non dituzue hurrengoak?

A.U.: Ostiral honetan, apirilaren 21ean, Rodeorekin izango gara Zorrotzan. Maiatzaren 5ean Rö taldearekin Bergarako kartzela zaharrean eta maiatzaren 13an Lizarrako La Botan Irkaiarekin, hauen agur birako lehen kontzertua izango da gainera. Gero, ekainaren 9an Bilboko Kafe Antzokian ere izango gara.

I.A.: Zuzenekoetan jotzea da behar duguna eta otsailean Parral tabernan hasi ginen Gasteizen, sekulakoa izan zen hura, ia bete zelako.

Eta hori astearte batean izanik.

I.A.: Hor meritua akaso Parralekoena da, urteak daramatzatelako asteartero euskal kulturako eskaintza ematen eta 20:30ean joaten bazara badakizu edononon jasoko ez duzun zerbait eskuratuko duzula eta 22:30erako etxean zaudela. Gero, Tolosako Bonberenean ere izan ginen eta orain hauek datoz, hortaz, zorionez horiek lortu ditugu eta espero dezagun gehiago iragartzeko aukera ere izatea.

‘Hemendik ez’ kantuan diozuen irtenbidea horra irteteko da, oholtzetara?

I.A.: Gai sozialak presenteen hemen izan ditut. Gizarteak ezin du beti aurrera egin, mundu finitu batean bizi garelako. Aurrera egingo dugula esaten da beti, baina zorionez bada korronte bat mundua bukatu egingo dela diona eta akaso bide zuzena zentzu batzuetan 50 urte atzera egitea dela diote. Garapenak ezin du izan lurraren baliabideak etengabe esplotatzearen ondorioz. Mezu ekologikoa da, ezkorra, baina errealista. Zientziak askotan esan digu zer datorren horrela jarraituz gero eta horrek ezin du izan bidea. Amildegi ertz horretara uste baino lehenago iritsiko gara.

Bada, erantzunaren zain, bakoitzak atera ditzala kontuak hemendik aurrera. Mila esker!

I.A.: Mila esker zuri, ez baita erraza lanak lasai aurkezteko halako txokoekin topo egite gaur egun.

Jaurlaritza Logoa