Kontzientziei eragin asmoz kaleratu du 'Amorru bizia' lana Izatefaltsua taldeak

Disko asko publikatu gabe, baina dagoeneko 15 urte baino gehiago pasa dira Izatefaltsua taldea sortu zenetik. Amurrioko taldeak 2015ean atera zuen beren lehenengo lan luzea eta, bost urte beranduago, 'Amorru bizia' lanarekin datoz. Bidean, kontzertu asko eta talde potoloekin elkarbanatu dute oholtza. Ibilbideaz eta disko berriaz hitz egiteko gonbidatu ditugu MusikHaria saiora.

Loading player...
Iker GURRUTXAGA|2020/07/06
Izatefaltsua
izatefaltsua Amurrioko taldeak 15 urte baino gehiago darama musika egiten

Metal musikaren harrobiak agorrezina dirudi Euskal Herrian. Amurrioko taldea da Izatefaltsua eta etxean, Burubio elkartean, grabatu dute beren azken lana 'Amorru bizia'.

Beren lehen kontzertua aipatu dugu Sagurekin, bateria jotzailearekin: «Nerbioi Garaiko maketa lehiaketakoa izan zen gure lehen kontzertua, eta irabazteko zortea eduki genuen. Ate asko zabaltzea ekarri zuen horrek eta dena nahikoa azkar joan zen hasiera haietan».

Trash musika lantzen badute ere taldearen nahia zen «metalaren adar asko nahastea» eta ez izatea «planoa» aurrekoa bezala. Horretarako Egoitz Palacios izan dute teknikari lanetan: «gure zuzeneko teknikaria da, laguna da eta iritziak partekatu dizkigu, nolabait ere ekoizle lana ere egin du», kontatu digu Saguk.

Bizitzan aurkitzen ditugun ohiko gorabeherez hitz egiten dute kantuetan, baina jendearen kontzientzian eragin asmoz zabaldu dituzte mezuak. Diskoari izena ematen dion kantuan, 'Amorru bizia' kantuan, faxismoaren gorakada salatzen dute. «Kalean dagoen zerbait da. Kantuetan egunerokotasunean aurkitzen ditugun arazoen inguruko kritika egiten dugu, ez zaigu ezer esaten ez duten kantuak egitea», adierazi du Saguk.

Ilustrazio dotorea egin dute diskoaren azalerako Izatefaltsua taldekoek. «Rubi abeslariak tatuaje estudio bat dauka eta bera izan da irudia egin duena. Amorruaren irudia tigrearekin irudikatu du, japoniar estiloko irudi bat eginda. Kamisetak ere egin ditugu, bide batez» esan digu Saguk.

Autoekoizpena den arren, Gor diskoetxearen bitartez egingo dute diskoaren banaketa eta Euskal Herriko txoko desberdinetara iritsiko dira modu horretan. Baina, zuzenean taldekideei mezua helarazita ere badago diskoa zein kamiseta eskuratzeko modurik.

Screamo estiloan, oihukatuz alegia, erraz ulertzeko moduan abestutako mezu gordinekin etorri da Izatefaltsua taldea.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia