Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

‘Esku hutsik’ datozela diote Don Inorrezekoek kaleratu berri duten disko berrian

Bigarren lan luzea kaleratu berri dute Don Inorrez taldekoek. ‘Esku hutsik’ deitu diote lanari, baina rockez beteta dator diskoa. Rockez, eta beste gauza gehiagoz ere bai 10 kantuz osatu duten lan honetan. MusikHaria saioan izan dira Karlos Aranzegi eta Imanol Ubeda taldekideak.

Audio_placeholder

‘Esku hutsik’ datozela diote Don Inorrezekoek kaleratu berri duten disko berrian

Loading player...
Bigarren lan luzea kaleratu berri du Don Inorrez taldeak eta kontzertuak iritsi zain daude egun.
Bigarren lan luzea kaleratu berri du Don Inorrez taldeak eta kontzertuak iritsi zain daude egun.

«Pozik gaude aspalditik kantu hauek plazaratu eta jendeari aurkezteko gogoz ginelako», ekin dio Imanol Ubedak elkarrizketari zer moduz dauden galdetuta. Tolosarra da eta herrikidea eta taldekidea duen Karlos Aranceguirekin batera izan da MusikHaria saioan eskuartean duten Don Inorrez proiektuaren ‘Esku hutsik’ lan berria aurkezten. Bide ertzean taldean elkartu eta atseden mugagabea iragarri ostean, elkarrekin dabiltza duela 3 urtetatik Don Inorrez moduan. Elkarrekin sortutako kantuak, ordea, Paco Locoren estudian grabatu dituzte. Locok gitarra eta teklatuak ere jo ditu diskoan eta baxua, berriz, Jacob Reguilonek grabatu du. «2020ko udan grabatu genuen Paco Locoren estudioan ia dena eta udazkena aurretik bukatu Jonan Ordorikarekin Mamia estudioan, Azkaraten», kontatu digu Ubedak.

Urte aldrebes honetan erabakiak hartzea ez da erraza izan musikarientzat, eta antzeko egoeran izan ziren Don Inorrezekoak ere: «Baloratzen ibili ginen grabatzearena, eta, horretan genbiltzala, bat-batean ireki zen abuztuan grabatzeko aukera eta bitan pentsatu gabe harrapatu genuen. Itxaron zitekeen beste egoera baten zain eta gauzak normaltzeko, baina era berean kantak zahartzeko arriskua ere bazen eta aurrera egin genuen».

El Puerto de Santa Marian, Cadizen, du estudioa Paco Locok eta bigarrenez bertan grabatzeko erabakia hartu dute. Abuztuan izaki, ea oporretarako aprobetxatu duten galdetu diegu eta Aranceguik barre eginaz argi erantzun digu: «Cadizera joan bai, baina Paco Locorekin eguzkitik eguzkira egiten da lan. Goizeko 9:00etan hasi, ordubetez edo bazkalatzeko geratu eta gaueko 22:00ak arte berriz ere estudiora. Cadizera goazenaren denak inbidiatan bezala esaten digute zortedunak garela, oporretara joateko toki ederra delako, baina sentsazio bera edukiko genukeen Usurbilgo poligono batean». Aurreko diskoan bai, baina «oraingo honetan ez ginen hondartzara iritsi ere egin!», gaineratu du Ubedak.

Disko rockeroagoa
«Kantuak rockeroagoak izan daitezke, aurreko diskoan tempo erdiko kantu gehiago zeudelako», esan digu Ubedak ‘Mugiro bila’ diskoarekin alderatuta, gitarrak eta rock klasikotik hurbilago daudenaren ustean. «Disko honetan noise kutsu horretatik gehiago jo dugu, bai gitarrak grabatzerakoan eta baita dauden sintetizadore eta zaratekin ere. Gainera, lehen aldiz generoko bi kanta egin ditugu, rock and roll estandar pare bat, baina gurera ekarriz eta gure egin nahian; hortaz, bai, esan daiteke diskoa rockeroagoa dela». Chuck Berry edota Little Richardi erreferentzia garbia egin diete ‘Chuck eta Little’ kantuan: «Rock and rollaren muinera joz gero ezinbesteko erreferentzia dira Chuck eta Little, bada keinu hori hor dago, nahiz eta rock and rollak eboluzioa izan hauek beti egongo direlako esentzian», dio Ubedak.

Ahotsetan koroei garrantzia berezia eman diote Don Inorrezekoek eta Pablo Errearen laguntza ere izan dute horretarako: «Harmoniak bilatu ditugu koroetan eta abar, hori Pacoren istorioa da. Euskal Herrian ez gaude hain ohituta halakoetara eta pena ematen digu, akaso ez garelako hain abilak-edo izango da. Egia da, gero zuzenean beste gauza bat izango dela, baina grabatutako disko baten bila joan gara, diskoa borobiltzera, eta hor garrantzitsuak ziren koroak».

Diskorako soinu geruza asko metatu dituzte eta jakitun dira kantuak zuzenean desberdin izango direla. Laukote formatuan joango dira eta aurreko formazio berean, Arancegui eta Ubedaren ondoan izango dira Ruben Caballero gitarrarekin eta Fernando Neira baxuan. Dena dela Aranceguik argi utzi du, formazioa baino kantuen nolakotasuna dela garrantzitsuena: «Imanolek gitarrarekin eta ahotsarekin kantuaren muinari eusten die eta horrekin nahikoa da. Kantu hori bakar-bakarrik defendatu daitekeenean, berdin du bakarka, binaka, hirunaka edo launaka egon oholtzan. Soinua ez da diskoko bera izango, baina zuzenean edonora joan zaitezke gitarra batekin defendatu daitekeen abestiak badituzu.

Urte askotako lanaren emaitza bada hori ere, baina Ubedak dio ez dakiela zer den soinu propioa izatea: «Ni ez naiz gitarra-jotzaile, abeslari ez musikari sentitzen, kantu egile sentitzen naiz. Urte asko daramatzagu honetan eta kantuak egiteko molde bat badut, ez soinu konkretu bat. Eta zuzenekoei begira, egia da kantuetan Pacok sekulako artelanak egin dituela gitarrarekin, baina badakit Ruben Caballerok zuzenean ederki defendatuko dituela abesti guztiak».

‘Ezpainak ezpainekin’ kantuko esaldi batek atentzioa eman digu eta azaltzeko eskatu diogu. Kantuak horrela dio: «Garai zailak begi bistan, mundu hau badoa. Ireki xanpaina». Baina kantuak zentzua du, izan ere istorio bat du atzetik: «Pandemiaren bueltan idatzia dago abestia eta, jakina, pandemiak berak krak bat egiten du gu guztiongan. Abuztua zen eta kanta eginda neukan baina letra osatu gabe zegoen eta estudiora sartzeko ez zen askorik falta. Bikotearekin eta alabarekin Lyonen ginela oporretan, bikotearen urtebetetzea zen eta umea lokartu zenean, eta Lyonen egonda, xanpain botila bat oparitu nion bikoteari. Biharamunean etorri zitzaidan kantua osatzeko behar nuen guztia eta pozik nago transzendentzia duelako eta ospakizun bate ere barnebiltzen duelako kantuak», kontatu digu Ubedak.

‘Apokalipsiaren profetak’ kantuaren erritmoan badirudi zaldun apokaliptikoak datozela, bateriako danborren erritmora. Baina Aranceguik onartu digu kasualitatez gertu dela hori: «Imanol eta biok elkartzen garenean, niri segituan etortzen zaitu burura zer bateria erritmo behar izaten duen abesti bakoitzak eta hemen kasualitate moduan gertatuko zen hori. Nik bateriarekin ez dut pentsatzen zerbaiti garrantzia ematearena ez ezer, segituan ikusten dut zer erritmo behar dituen Imanolek ekarritako soinuek eta aurrera egiten dugu». Ubedak gaineratu du zortekoa sentitzen dela, musikari abilez inguratuta egon delako bere ibilbidean: «Jacob Reguilon, Paco Loco eta Karlos Arancegui ditut orain ondoan eta aurretik ere beti egon naiz ongi inguratuta. Hauek dena oso erraz egiten dute, pasio eta dedikazio handia dago horren guztiaren atzean. Gaueko musikariaren bizitza mitifikatzen da askotan, baina, fede onez badakit hauek zer nolako lana egiten duten eta hor dago dena hain erraz egitearen sekretua».

‘Chuck eta Little’ dituzte esan bezala kantu batean, baina beste batean ‘Otis eta Maeve’ aipatzen dituzte. Rockarekin lotura izanda, askok usteko du Ottis Redding handiari egindako erreferentzia dela, baina ez da horrela. Gainera kantua bera ere oso berezia da: «Berez pop kantu sinplea da, estrofa eta leloa. In crescendo bat egin nahi genuen letrarekin bat datorren zerbait da hori. Ekaitza lehertzear da, baina ez da erabat lehertzen. Pacok oso ongi ulertu du, baina hurakan sonikoa ez ote den handiegia eta kantua ez ote dugun estali da nire zalantza, hori distantzia hartzean ikusiko dugu. Otis eta Maeve izena du kantuak eta ‘Sex education’ telesailari keinu bat da. Ez ditugu ez telesaila ez ezer azaltzen, eta batzuetan ez da azaldu beharrik izaten. Maitasun kantu bat da eta kitto. Telesaila ikusita dutenek, hartzen dute sorpresa hori. Esango duguna da bigarren denboraldiko momentu baten irudi batetik sortzen dela dena; gainera, pertsonaia hauek maitagarriak dira fikzioan. Zaletuek segituan iragarriko dute zein unez ari garen», dio Ubedak.

Pello Lizarralderen hitzak dira ‘Esku hutsik’ izeneko kantuarenak: «e-mail batekin eskuratu ditugu kantu eder baten hitzak eta baita diskoaren izenburua ere», kontatu digute tolosarrek. Horrez gainera, Eugenio Montaleren hitzekin beste bi kantu osatu dituzte eta Garbiñe Ubedarenekin beste bat. Gainerakoak, Imanol Ubedarenak dira.

Zuzenekoen zain
Zuzenekoez galdetuta Karlos Aranceguik «Aiba» batekin erantzun du natural-natural eta Imanol Ubedak egoera oso gaizki dagoela kontatu digu: «Lehen ere ez gara asko jotzen dugun talde bat, baina, diskoa atera orduko, ateratzen ziren aurkezpen kontzertuak eta bira bukaeran emanaldi sorta bat izaten genuen. Oraingoan gauzak erdi-hitz eginda bai, baina ezer gehiagorik ez daukagu aurreratzeko. Zuzenekoen gose gara eta kantu hauek zuzenean aurkeztea da gure nahia. Ea egoera hobetzen den eta aukerak sortzen diren».

Elkar dendetan, Fnac dendetan edota Merchandroll webgunean eskuratu daiteke. «Eta ez bada asmatzen, sare sozialen bitartez lortuko dugu», gaineratu du Ubedak. ‘Esku hutsik’ diskoaren azalean Imanol Ubeda bakardadean agertzen da: «Bikoteak egindako argazki bat da. Duela hainbat urte Brooklynen, New Yorken, ginela, apartamentuari argazkia egitera jaitsi nintzen eta apartamentutik mugikorrarekin egindako argazkia da». Bakardade hori kontzertuak emanaz arinduko dute ziur, aukera sortzen zaien orduko. Eta, gogoratu, ‘Esku hutsik’ deitzen den arren, 10 kantuz beteta datorrela Don Inorrezen azken diskoa.

Jaurlaritza Logoa