Zuzenean

«Nagi handia ematen dit pesimismo-biktimismo horrek, guk musika gozatzeko egiten dugu eta kito»

Unidad Alavesa lagunartean sortutako talde ataundarra da. 2017an atera zuten beren lehen lana eta bi urtean behin ari dira kaleratzen atzetik besteak. Aurten ‘Made in Germany’ deiturikoa kaleratu dute eta hura aurkezten izan da Haritz Artola MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

«Nagi handia ematen dit pesimismo-biktimismo horrek, guk musika gozatzeko egiten dugu eta kito»

Loading player...
Hirugarren diskoa kaleratu berritan, Ataun inguruan egin zuten argazki saioa Unidad Alavesakoek.
Hirugarren diskoa kaleratu berritan, Ataun inguruan egin zuten argazki saioa Unidad Alavesakoek.

Beren azken diskoko balada gozo bat entzunaz hasi dugu elkarrizketa Haritz Artola Unidad Alavesako kidearekin MusikHaria saioan. Berak ere gozoak ote diren galdetu diogu eta horrela erantzun digu: «Gu ere tarteka bagara gozoak, tipo normalak gara eta hori ez da gutxi. Nahiz eta geroz eta difusoagoa den normaltasunaren kontzeptua bera ere».

‘Nire Mauleko maitalea’ du izena aipatu dugun balada horrek eta, tituluari eta kanten hitzei jarraika, Zuberoa exotikoa irudikatu dugu. «Exotikoa Maule ez, iparralde osoa dela esan dezakegu. Nire inguruan Cadizen oporretan erosoago dago asko Baigorrin baino. Asimilazio hori pentsa nola dagoen, baino baita niretzat ere e? Arrakala hori larria dela iruditzen zait, propio barrutik sortzen den zerbait delako. Ez dut uste kontzientzia faltagatik soilik sortzen denik. Izan ere dena da politikoa goizean jaikitzen zarenetik oheratzen zaren arte. Iker Sarriegik esaten zuen, apolitikoa ezin da izan, apartidista akaso. Zuk goizetik gauera egiten duzun guztian ezingo duzu-eta politikarekin duzun loturatik ihes egin».

‘Etsipenez’ kantuan herri txikietatik handietara joateaz hitz egiten da. «Gaur egun, ‘modernitis’ edo halako gaixotasun batek eraginda, bere borondatez hirira joateko ohitura hartu du askok. Ni ez naiz joango, hiriek nazka ematen didatelako. Jendeak hiriaren gezurrezko aukerek liluratuta hara joateko hautua egiten du, dena garestiagoa denean eta bizitza duin bat edukitzea oso zaila denean. Pentsa, Donostian lan normal batekin ezin da bizi eta donostiarrak periferiara doaz. Baina Donostiara bere zeru partikular bila doanak, ez badu diru askorik, jai dauka. Kostatik barrura doanak, ordea, aukeraren bat izan dezake. Izan ere gehiegizko saturazioa dagoen tokietan ezinezkoa da bizimodu bat aurrera ateratzea. Hori bai, askatasunaren izenean dena posible den honetan, bakoitzak egin dezala nahi duena», dio ataundarrak.

Herri txiki bateko bizipenak
‘Zegama’ abestia single moduan aurkeztu zuten eta haren bideoklipa ere osatu dute gero. Herri txiki batean sortu den abestiak, beste herri txiki bat du protagonista. «Umetan askotan joaten nintzen asteburuetan, aita bertakoa dudalako. Abestia nostalgiatik idatzita dago, baina Zegamako herrian dena ez zen zoragarria, asperraldi asko pasatakoak gara. Ataunen aldean abantaila bat badute, ondo egindako igerileku bat dutela. Baina bertakoek orain esaten didatenean zeinen kantu polita den, esan beharra dago ez dela munduko tokirik onena e? Dena dela, oroitzapen on asko ditut barruan gordeak», dio Artolak. Iturri berezi bat ere badela aipatzen da kantuan eta berak bertako ura probatua du: «Aspaldian ez naiz bertan izan, eta aizue, gibelerako ona den zerbait gogokoa badut behintzat. Orain jendea bertara joaten hasten bada, Zegamako udalari plus bat eskatu beharko diogu. Akaso mendi korrikalariak ere gerturatuko dira horrela herrian kontsumitzera. Gorka eta Iñaki Urbizu ‘Pela’-k abesten dute bertan, eta aspaldiko lagun eta lagun onak diren arren, ez da hori berek bertan parte hartzearen arrazoia. Hori arrazoi merkea litzateke, eta ez dugu gogoko. Zegamarrak dira haien gurasoetako batzuk ere eta horregatik esan genien ea abestu nahi zuten, eta baiezkoa eman eta zuzenean ere abestu dute aurkezpen kontzertuan».

Iñaki Urbizu ‘Pela’ da diskoko kantu baten protagonista, ‘Pelaren itzala’ deiturikoarena. «Orain dela 20 urtetik gora Gramones taldearen kontzertu bat ikustera joan ginen Mendozara eta ordutik hona laguna dugu. Bere kantatzeko era, jarrera, nolakoa den… Dena gustatzen zaigu. Bere neska, Aran, ere ondo erortzen zaigu. Gurekin pazientzia eduki beharra duelako, baina ‘mekaguendios’ bat azkar botatzen duen horietakoa da. Txantxak txantxa, lagun handia eta erreferentea ere bada Pela».

Lehendabiziko single moduan ‘Arima zartatua’ abestia kaleratu zuten Unidad Alavesakoek. Rock doinu azkarrekin agertu ziren, askok akaso bestelako zerbait espero izan arren. Mende berriarekin batera dena azkarrago doala salatzen dute hein batean kantu horretan. Haritz Artolak horrela azaldu digu abestiaren letra: «Etorri da eta ea ez den tsunamia bihurtzen mende honetako olatua. Elkarrizketa hau bera posible da orain teknologia berriei esker, baina nik aurrez-aurrekoak nahiago ditut. Tradizionala bihurtu nahiz halabeharrez, nire burua ez dago diseinatuta mende honetan bizitzeko. Nire andreak esaten dit duela ehun urte jaio beharko nukeela, eta nik esaten diot lehen karlistadaren garaian biziko nintzatekeela pozik, bederatzi umeko familia batean jaiota. Izan ere, nire burua ikusten dut duela 200 urteko bizimoduan, baina ez hemendik 100 urte barru».

Fredi Pelaez eta Mikel Gonzalez kolaboratzaileen artean
Kantuak berek eginak dira orokorrean, baina ‘Nire Mauleko maitalea’ Fredi Pelaezen izenean sinatua dago. «Estudiora sartu ginenean aldaketa handia eman zion Fredik eta halako eragin bereziak sartu nahi zizkiola esan zigun, Nina Simone eta abar. Guretzako eragin horiek oso urrunekoak dira eta kantua berriz entzutean ez genuenez ia gurekin identifikatzen, berak sinatzeko esan genion. Erregistroa ordea, gure izenean egingo dugu e? Aberasten bagara ere, guk kobratzeko. Afariren bat ordainduko diogu eta aurrera. Gainerakoak, berriz, denen artean banatu ditugu, nahiz eta denon izenean erregistratuko ditugun kantuak. Bueno, edo hori egingo duela esan dit Enekok», kontatu digu taldeko abeslariak. Pelaezekin grabatu dute diskoa Beasaingo Pottoko estudioan.

Letrak Artolak berak eginak dira eta haietako bat gazteleraz dago idatzia, ‘Gregorio XVII.’, eta Haritz Artolak Mikel Gonzalezen laguntza izan du horretarako, «futbolari ilustratua bera, Realean jokatu ostean orain Txipren dabilena. Disko bakoitzean abestiren bat idazten hartu du parte Mikelek. Hasierako audioa ‘El Palmar de Troya’ serietik aterata dago eta nik ez neukan egia esanda ideiarik ere zer zen. Jesukristorengan sinistea legezkoa eta batzuentzat onuragarria dela iruditzen zait, hori bai, niretzako gero Clementek eskubide bera du Aita Santu izateko Juan Pablo II.ak izan zuen bezalaxe. Hau da, sekta edo erlijio bakoitzak bere eskubideak dituela eta ez dela hobea edo okerragoa dituen jarraitzaile kopuruarengatik. Zeren, horrela balitz, Shakirak guk baino musika hobea egiten duela onartu beharko genuke», esan digu umoretsu Artolak.

Diskoaren azaleko argazkiak lotura zuzena du ‘Made in Germany’ izenburuarekin eta badu bere istorioa atzetik. «Lazkaoko taberna batean aterata dago, gure bi lagun eta Ataunen ‘Alemana’ deitzen zaion pertsonaia bat agertzen dira bertan. Goizeko 4etan edo ateratako argazkia da eta egin eta astebetera ikusi genuen. Orduan bertan erabaki genuen diskoko azalerako argazkia bageneukala eta horregatik darama izenburu hori», esplikatu digu ataundarrak.

Artolaren beraren etxe atarian egindako argazkia bidali dute promozio argazkia bezala, elurra ere ikusten da argazkiko mendian eta baita Maradonaren elastiko bat ere, hari buruz honakoa kontatu digu: «Maradonaren kamiseta ez dago propio jantzita, gaur bertan ere jantzi nezakeen, dezente ditudalako. Ni edozein polemikatan, printzipioz, Maradonaren alde, nahiz eta jakin azken 30 urtean gaixo pasa zituela. Zer nolako bizia eduki duen, zer jende inguratu zaion, akusazio oportunistak… Hau da, egin zuena oso gaizki dago eta salatu behar da. Baina 26 urteko neska gazte bat, 1,60 neurtzen duen eta 120 kiloko gaixo batengana gerturatzea ere ez dakit ba oso fidagarria den. Bakoitzak erabakitzen du non sartzen den, baina horrek ere badu usain txarra, ezta?».

Karlismoa eta XXI. mendeko negartiak
Nahikoa rockabilly estiloan egindako abestia da ‘Osaba Tomas’. Karlisten buruzagia izan dute gogoan, beste batzuen artean, abesti honetan. Karlismoaren gorazarrea eta Chill Mafia lotu ditugu guk, errekete berriak ote diren galdetuta eta ea karlismoaren aldekoak ote dagoen esanda: «Alde ez, baina ez gaude karlismoaren kontra, gainera intuizioz idazten ditut halako abestiak. Karlismoa oso tradizionalista, espainolista, jainkoaren aldekoa eta abar dira, baina desobedientzia moduko bat zen garai hartan eta kontuan izan ez zegoela besterik. Chill Mafiakoak nik ere horrela ikusten ditut, errekete berri moduan, eta konbentzionalismotik atera nahi badugu, halako gehiago beharko ditugu gurean. Gu dagoeneko zaharrak gara, hortaz har dezatela erreleboa. Zaharrak izan eta gazte itxura mantendu nahi izatea, naturalki ez bada egiten, patetikoa da. Era bakarra gazte mantentzekoa, lanera ez joatea da. Gurutzek, gure gitarra-jotzaileak, modu naturalean darama hartara gaztetasuna».

Gurutz ‘Oh cryer’ momentuan ote dagoen galdetu diogu segidan. Izan ere musikatik bizi nahi eta fabrikako lana ezagutzen ez duten musikari kexatiei idatzitako kantua da: «Gurutz ez da ‘cryer’ bat, ez da sekulan ere kexu agertzen. Gurutz ‘survivor’ bat da. Gurean asko ikusten ditut ordea ‘cryer’ moduan. Ekoizten den bezain beste jaso nahi da bueltan eta ezinezkoa da askotan. Jendeak ez badizu kasurik egiten batean edo bestean jota, ez da jendearen errua. Zenbat kobratu du hori dionak? Itzuli dezala dirua ez bada ordezkatua sentitu edota jendeak kasurik ez badio egin. Bestela, ez dadila kexatu, kobratu duena kobratu duelako. Ez du balio jende gutxi mugitu eta diru-laguntza publikoetatik bizita gero jotzeko aretorik ez dagoela kexatzea. Hemen areto asko dago jotzeko, baina asko kobratu nahi bada, dena ezin da. Guk ez dugu halakorik inoiz bilatu eta asumitu beharra dago euskaraz abestuta BBCtik ez digutela deituko. Hori nahi duenak, ingelesez abestu dezala eta joan dadila Londresera bizitzera, egin dezala benetako apustua. Nagi handia ematen dit pesimismo-biktimismo horrek, guk musika gozatzeko egiten dugu eta kito. Ez gara hortik sekulan ere bizi izan, nahiz eta kontzertu asko emandakoak garen».

Kontzertu ugari datozen asteetan
Unidad Alavesakoek zerrenda luzea osatu dute aurkezpen kontzertuekin. Ataunen, Mañarian eta Iruñean izan ostean, Donostian, Zaldibian, Gernikan, Deban, Gasteizen, Lazkaon eta Zumaian izango dituzte datozenak. Ez dira kontzertu gutxi, «nahikoa dira. Gustatzen zaigu beste gauzak egitea, lagunekin sagardotegira joan, bainutxoren bat hartu… Halakoak ere egin nahi izaten ditugu guk ere», dio Artolak. Entseatzeko ez dute arazo berezirik izan, «baina ez gara asko entseatzekoak gu. Garbi geneukan abestiak grabatu eta segidan atera egin behar genituela, nahiz eta pandemiak bi urte gehiago iraun. Orain oso polita dena, aurrerago akaso ez zen hain polita izango eta abestiak hil egin daitezke. Hartara, atera, ahal den moduan jo eta aurrea egin nahi dugu», kontatu digu taldeko abeslariak.

Artza Records zigiluarekin kaleratu dute diskoa eta fisikoki distribuzio guztia tabernetan eta lagunen bidez egin dute, baina dagoeneko lehendabiziko tiradako kopia guztiak saldu dituzte. «Bidean dira kopia berriak, baina orokorrean kontzertuetan saltzen ditugu eta bestela, nik uste, e-posta bidez ere eskatu eta bidaltzen dugula. Hori horrela dela pentsatzen dut, ni ez naizelako gai e-posta bat irakurtzeko, akaso ke seinale bidez eskatu beharko didazue niri diskoa», dio Artolak. «Egun 1.000 disko formatu fisikoan saltzea sekulakoa da. Zegaman, esaterako, gazteak egoten diren tabernan ia diskorik ez omen da saldu eta zaharrak egoten diren tabernan, berriz, guztiak», gaineratu du ataundarrak.

Digitalean bi singleak baino ezin dira entzun. Hortaz, zuzenekoren batean edota diskoa eskuratuta gozatu beharko da ‘Made in Germany’ lanaz.

Jaurlaritza Logoa