Zuzenean
Hamar abestiz osatutako diskoa da ‘Motoki, Zakurreki, Egurreki…’, berriz ere Fredi Pelaezen gidaritzapean Pottoko estudioan grabatuta. Dagoeneko hainbat tokitan aurkeztu dute lana, Bilboko Nave 9n, Arrasateko gaztetxean, Gasteizko Helldoradon edota Atarrabiko Totemen, esaterako, eta harrera oso ona izaten ari da publikoaren baitan. Diskoa kaleratu berritan aurkeztu zuten NAIZ Irratiko MusikHaria saioan eta goian duzue hori entzuteko aukera.
Titulu esanguratsua daraman abesti batek irekitzen du diskoa: ‘Posmodernismoaren aurka’. Desert rock ukitu bat du, tempo lasaia eta trikitiaren soinuak badu halako protagonismo bat. Bidenabar, taldekideak ez dira aldatu, Haritz Artola, Iker Artza, Gurutz Bikuña, Eneko Dorronsoro eta Unai Munduate baitira disko honetan aritu direnak ere. «Noraino garamatza tren honen abiada biziak eta bere argi ‘ekogreen’ guztiak?», egiten dute galdera, erantzuna norberak emateko.
Fredi Pelaezek sintetizadoreak jo ditu diskorako eta rock gozoagoa den kantu batean agertu dira lehendabizikoz diskoan, ‘Mesias berri bat’ abestian, single moduan aurkeztu zutena. Mesias horrek «esklusibo eta garbia» izan behar du, iraganeko motxilarik ez duen horietakoa. Berriz ere ironia nagusi hitzetan.
‘Entre De Prada y Stoichkov’ kantuan ere umorea nagusi, mestizaje berezi samarra egin dute futbol kontuak tartean sartuta. Eta, futbolari eutsiz, ‘Morir en Argentina’ kantua dator. «Ulertzeko zaila den miresmen bat diot Argentinari betidanik, eta bertan sekula ez naiz izan. Egia da erreferentzia asko futbolaren ingurutik datozela, baina, tira, hori da dakiguna», aipatu digu Haritz Artola taldeko abeslari eta letren egileak. Tango zati bat eta guzti duen kantua, ezin zuen bestela izan.
Dorronsorok saxoari heltzen dio ‘Bi mundu batean’ abestian, teklatu jostariak dituena, naif puntu batekin. Hortik country abesti batetara pasatzen gara, Jon Miranderen 1951eko hitzak musikatu dituzten abestira, ‘Paris Beuret (Bulego sucks)’. «73 urte pasa dira Mirandek hau idatzi zuenetik eta gaur egungo argazkia ez da oso desberdina», aipatzen du Artolak.
Mirande soilik ez, Pierre Topet ‘Etxahun’ ere gogoan izan dute ‘Hauts eta ke’ kantuan. Hitzak, kasu honetan, Mikel Gonzalezenak dira, «laguna dugu aspalditik eta hortik haren hitz hauek musikatzearena». Country rock gozo bat da, aurretik ‘Jainkoa lagun’ abestia baretzen duena, hori southern rock eta hard rockaren giroan mugitzen baita.
Israelen genozidioa ere izan dute hizketagai hard rockeroagoa den ‘Tranquilo en mi Kibutz’ abestian. «Milicias carlistas del Hamas» dio kantuak, erritmo altuko eta distortsio dezente duten doinuen artean. Gerra egoera batetik beste batetara pasatzen gara azken abestian, emotiboagoa, trikitia modu malenkoniatsuan darabilten kantua. ‘Gabiriko seiak’ deitzen da abestia, 1937an, 36ko Gerraren batian, Bizkargin hil zituzten Amaiur batailoiko sei gudariren inguruan hitz egiten duen kantua. Memoria historikoa, kritika eta satira, beraz, ‘Motoki, Zakurreki, Egurreki…’ diskoan.
Zuzenekoak martxan
Udaberrian kontzertu asko eta asko eman ditu Unidad Alavesa taldeak diskoa aurkezteko. Datorrena bihar izango da, Altsasun, Elkar Mugi jaialdian eta sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko. Diskoa biniloan eskuratzeko aukerarik ere bada Artza Records zigiluaren eskutik eta CDak, berriz, hainbat salmenta puntutan jarri dituzte eskuratzeko moduan. Informazio guztia beren sareetan daukazue.