Zuzenean
Lau kidek osatzen dute ‘Beldurrak Marrazten’ diskoa osatu duen Laukatu talde gernikarra eta beren burua bi abizenekin aurkeztu dute, gurasoei dagokien omenaldi xumea egin nahian. Xabier Bengoa Bilbao (gitarra, pianoa eta koroak), Ander Lizarraga Navarro (bateria), Estanislao Martin Garcia (baxua) eta Aritz Mendiola Ardanza (ahotsa) dira taldea osatzen dutenak. Bost urte daramatzate elkarrekin musika egiten eta betiko lagunak dira. Aritz Mendiola ‘Izarrak kalean’ telebista saioan agertu zenean aipatu zuen lehenengoz Laukatu taldea, garai horretan sortu zelako. Estatu Batuetatik etorri berri, «American lover» itxuran agertu zen Mendiola. Institutu garaiak ziren orduan haientzat eta oinarrian talde «garajeroa» dela esan digute.
Izenaren inguruan galdetuta, aldaketa asko izan zituztela aipatu digute. Hartara, denek hasieran onartutako izenarekin geratu zen taldea: «Ez zen inor etortzen gu ikustera. Hortaz, beti genion lau katu etortzen zirela. Bada, beti lau katu gora eta behera… taldeari izen hori jartzea erabaki genuen azkenean».
Galdutako uneak kantuarekin aurkeztu zuten ‘Beldurrak Marrazten’ diskoa. Pianoa eta ahotsa baino ez dituen kantu batekin. Hartara, disko rockero bat osatu zutela esan zutenean, sorpresan harrapatu gintuen aurkezpen eskutitz honek. Xabi Bengoak sortutako kantua hartu eta gainerakoek beren aletxoak gehituta borobildu zuten abestia.
Duela bi urte egin zuten maketa eta ordurako argi zuten diskoa grabatuko zutela. Baina pazientzia askorekin eta patxadaz hartzeko hautua egin zuten, ahalik eta kalitate oneneko emaitza lortzeko. «Askori esaten genien dataren bat eta sekula ez zen etortzen diskoa. Orain inori abisurik eman gabe kaleratzeko erabakia hartu dugu. Aurretiko iragarpenik gabe, plataformetan jarri genuela esan eta kitto. Ez genekien ondo irtengo zen bide horretatik joanda edo ez, baina harrera ona izan du estatistikak ikusita. Konexio bereziak ere sortu dira; Poloniatik edota Arabiar Emirerrietatik entzun dute gure musika. Gainera, Spotifyk bere radarrean gehitu du gure musika eta horrekin jende askorengana iristeko aukera ere eman digu», kontatu digute taldekideek.
Emozioz betetako diskoa
‘Amaiera’ izeneko kantuarekin hasten dute diskoa eta ‘Hasiera’ izenekoarekin bukatu. Lehen kantua EMO estilotik nahikoa gertu dagoen abestia da, eta hor beren eraginak garbiak direla aipatu dute: Ken Zazpi edota Tokio Hotel bezalako taldeak aipatu dituzte Laukatukoek. Pop musika asko kontsumitzen duten arren Gatibu, The Clash taldearen edota Nu Metalaren eta Hard Rockaren zantzuak ditu Laukatu taldeak bere doinuetan. Berek entzuten eta gogoko dutenaren nahasketa bezala definitu dute, «errusiar mendi bat» sortu nahi izan dute diskoarekin.
Glaukoma taldearen eragina ere aipatu du Mendiolak: «‘Euri tanten atzean’ kantua idatzi genuenean, duela 5 urte inguru, 24/7 Glaukoma entzuten nuen eta hortik sortzen da kantuaren hitzak idazteko forma eta erdi-rapeatzen abesteko modua». Sentimenduz jositako hitzak dira kantuetan biltzen direnak. Bizitza baten ziklo desberdinetan batek izan ditzakeen beldurren inguruan eta haien inguruko gogoetatik abiatzen dira abestietan kontatzen direnak. ‘Musika ez da hil’ izeneko kantuan, esaterako, gutxienez musika badugula ospatu nahi izan dute: «Bizi izan dugun guztia eta gero, gauza bat bada beti bizirik dagoena: musika. Hori nabarmen utzi nahi izan dugu kantuarekin». Gainera kantuak badu Gatibu taldearen ukitu bat eta paralelismo bat ere sortzen da, bi taldeak Gernikarrak izanik, Gatibukoek ‘Musikak salbatuko gaitu’ diskoa atera zutelako. Hartara, Gernikako euskarari ere tartea egin diete Laukatukoek, ‘Txakurrek’ kantuan.
Baxuak eta bateriak presentzia berezia hartzen dute, soinu grabeek sekulako presentzia dutelako. Taldekideek aipatu digutenez, «grabatzerako garaian eta antzematen zen loditasun hori, kantuak bete-beteta entzuten zirelako, nahiz eta instrumentu bakoitzari eman zaion bere garrantzia. Elementu bakoitzaren puntu gorenak bilatu ditugu ahal den guztietan, baina bai egia dela grabeek pisu dezente dutela ‘Beldurrak Marrazten’ diskoan.
Kantuetan asko jolastu dute bai jotzerakoan eta baita soinu bilaketan ere. Diskoaren grabaketaren hasieran aurre ekoizpena egiteko hiru egun izan zituzten Gaua estudioan bertan eta hori bukaerako emaitzan asko nabaritu dela diote. «Jonan Zubelzu eta Guille Peña ekoizleak laguntzen izan genituen grabaketa hasi aurreko egunetan. Kantuak jo genituen haien aurrean, gomendioak egin zizkiguten, gauzak aldatu… eta hor emaitza solidoago bat lortu dugula uste dugu», azpimarratu dute Laukatukoek.
Bi ekoizleak gainera bateria-jotzaileak izanda, Lizarragak asko disfrutatu zuen grabaketa prozesuan; asko gustatzen baitzaio bateriarekin jolasean aritzea. «Dena den, gogorra egin zitzaidan. 10 ordu grabatzen eman ondoren unibertsitateko lanak egin behar nituen eta hori guztia. Ez zen oporraldian grabatua izan, baina gozatu nuen», dio Lizarragak. Atzetik Estanis Martinen txanda izan zen baxuarekin eta soinu bilaketan lan asko egin zuela aipatu digu: «kolpeak nola eman, zein nota jo tarteetan… gauza asko ikasi dut grabaketan».
Xabi Bilbaok, berriz, geruza asko egin zituen gitarrarekin: «Pedalak probatu, instrumentu eta anplifikadore desberdinekin jo eta proba askoren ostean, lasai-lasai, grabatu. Horrela egiten nuen eta, ondorioz, gustatzen zitzaidan gauza bakoitza geruza batean gehitzen nuen nahiz eta gauza bera jo». Azkena Mendiola izan zen ahotsa grabatzen: «Gaua estudioak berez duen erreberberazio naturala asko gustatzen zait eta horri efektuetatik pixka bat gehiago sartuta horrela grabatu nuen. Izan ere abestiak grabatzerakoan horrela gustatzen zait entzutea. Esan beharra dagoena da gero atzetik, postprodukzioan, askorik ez dugula tratatu ahotsa, zuzenketarik ez genuelako nahi. Natural egitea nahi izan dugu. Autotunea erabiltzekotan modu esajeratuan egitea gustatzen zait eta horretarako beste proiektu bat badut; S.T.R.».
Disko guztian horretan saiatu direla kontatu digute, ahalik eta modu analogikoenean grabatzen saiatu dira eta edizio programa ia-ia grabatzeko soilik erabili dutela esan dezakete. «Gaua estudioak ematen duen aukera zabalarekin, hori nahi izan dugu, eta zorrotzak izan gara gure buruarekin edizioko tentazioei eusteko. Gainera, modu horretara, gauza berriak probatu eta ikasteko aukera izan dugu eta ausardia gehiagoz aritu gara», kontatu digute Laukatukoek.
Ander Lizarraga bateria jotzaileak berak egin du diskoaren azala, okrearekin eta beltzarekin jolastuz marraztutako arrosa bat. «Bizitzaren zoriontasuna bera da arrosa hori. Beldurren onartzearen errepresentazio fisikoa hori dela iruditzen zait», dio Lizarragak. Horri erromatarrez bat zenbakia ere jarri diote, lehenengoa dela gogoratzeko eta hurrengoetan zenbakitzen jarraitzeko.
Kontzertuen esperoan
‘Borroka’ da haien kantu bat eta orain borroka kontzertuak lortzearena izaten ari da Laukatu taldearentzat ere. «Esango genuke buruhauste horrek bere motibazioa duela eta ondo dagoela, baina dagoeneko gogaituta gaude eta kokoteraino egoeraz. Guk Lekuek zikloan kontzertua eman behar genuen, baina egun horretan hasi zen itxialdia. Garai horretan Gauakoekin hizketan ari ginen eta diskoa grabatzera salto egiteko erabakia hartu genuen egoera ikusta. Pixka bat itxaron genuen hala ere, Gaua estudioa Mungiatik Fruizera mugitu zelako eta zerbait interesgarria zetorrelako», aipatu dute gernikarrek.
«Zeppelin tabernan eman behar genuen kontzertu hura eta berriz ere bertan jo nahiko genuke zalantzarik gabe. Nahiz eta toki txikia izan, jendeari komunera joateko tokia egiteko gitarra alboratu behar eta halako gauzak, Zeppelinen emango genuke pozarren kontzerturen bat, haiei esker baikara garena. Gure aldeko apustua egin zuten hasieratik eta eskertuta gaude», bukatu dute Laukatu taldekoek.
Lagunarteko taldea dira, 22 urte baino ez dituzte taldekideek eta bost urte daramate elkarrekin ilusioz lanean. Nerabezaroan sortutako proiektuari eutsi diote, zailtasunak zailtasun, eta lehen diskoa kaleratu dute. Orain merezi duten bezala aurkeztea falta zaie.