Zuzenean

«Lau urte, lau urtaro: 2021ean bai ala bai etorriko da ‘Uda’ diskoa»

Vivaldiren antzera lau urtaroen bueltan egin ditu bere azken konposaketak Iker Laurobak (Donostia, 1975). Hirugarren diskoa ‘Udaberria’ deiturikoa 2020an kaleratu eta gero, ‘Uda’ etorriko da 2021ean. Baina horrez gainera beste hainbat gauza ere egiten ditu eta guztiaz aritu gara MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

«Lau urte, lau urtaro: 2021ean bai ala bai etorriko da ‘Uda’ diskoa»

Loading player...
‘Udaberria’ lanarekin urtaro bakarra falta zaio zikloa ixteko Iker Laurobari. (Josu ODRIOZOLA)
‘Udaberria’ lanarekin urtaro bakarra falta zaio zikloa ixteko Iker Laurobari. (Josu ODRIOZOLA)

‘Udaberria’ kantuarekin aurkeztu zuen diskoa bazetorrela udazkenaren erdi erdian. Eta letrak nostalgia puntua badu ere, abestiari zein bideoklipari energia positiboa darie alde guztietatik. «Instrumentazioak ere sortzen du udaberri giro hori», Laurobaren aburuz. Imanol G. Gurrutxagak zuzendutako bideoklipa da eta aspalditik bere esku uzten du ikus-entzunekoen ardura Iker Laurobak, eta ez da gutxiagorako, «oso pozik» baitago. Aktore lanetan Miren Urbieta eta Koldo Olabarri aritu dira.

Negua, Udazkena eta Udaberria etorri ziren eta Uda falta da. Uda diskoa erdi eginda daukat, ez da momenturik onena diskoa egiteko ez giroak ez eguraldiak ez digulako laguntzen, hotzarekin abstrakzio puntua behar du kantuak egiteko. Udaberrian bezalaxe saiatu naiz nire esentzia mantenduz letra argiagoak bilatzen eta doinu alaiagoak, eta Udan areagotu egingo da.

Lau urtarotik hiruri disko bana eginda, azkena 2021ean «bai ala bai» ateratzeko asmoa du donostiarrak, bere buruari jarritako erronka betetzeko. «Lau urtean lau urtaroen diskoak egingo nituela esan nion nire buruari. Egia da batzuetan nire baitan zertan sartu naizen pentsatu izan dudala, baina tunelaren bukaeran argia ikusten dut orain», aipatu digu Laurobak. Hartara, ‘Uda’ diskoa erdi eginda daukala ere aurreratu du MusikHaria saiora egindako bisitan.

‘Gerra eta bakea’ kantuan Benito Lertxundi izan zitekeen abesten duena. Laurobak musika irlandarraren eta barrokoan entzun daitezkeen soinu eta akordeak jaso ditu ordea. «Akaso ez da udaberriko iruditeria jasotzen duen kantua, baina ez nuen diskoa bera guztiz tematikoa izatea nahi eta nire esentzia mantentzeko abesti batzuk atenporalak izateko erabakia hartu dut. Zeren, datorren diskoan, ‘Uda’ lanean, ez ditut 10 bossanova sartuko ezta? Gainera, batzuentzat udaberria kalera irten eta eguzkia ateratzen ikustea bada ere, beste batzuentzat udaberria alergia garaia da eta ez da oso atsegina izaten», aipatu digu Laurobak.

Ia beti lehendabizi musikatik sortzen ditu kantuak Iker Laurobak, baina disko honetan alderantzizko bidea ere hartu du. Leire Ugadiren poema bat musikatuta sortu baitu ‘Hain lurrun’ abestia. «Gauza da berez errazago egiten zaidala akorde batzuekin hasi, gero melodia sortu eta gainean letra idaztea», adierazi du Laurobak. ‘Irla txiki bat’ kantua, berriz, bossanova estiloan landu du: «Udaren atarian dagoen kantua da. Hitzak berriz Izaro irlari eta Izaro lagun eta musikariari idatzitakoak dira. Urte batzuk badira elkarrekin lanean gabiltzala eta oso laguna dut, gertukoa. Askotan maitasun erromantiko estereotipatuari egindako kantuak izaten dira. Baina hau idaztean nire buruari esan nion ea zergatik ez nuen idatziko lagun batenganako dugun maitasunari, eta pausoa eman nuen», azpimarratu du donostiarrak

Country eta bluegrass ukituak dituen kantu parea ere jaso ditu ‘Udaberria’ diskoan: ‘Astiro’ eta ‘Akrobaziak’. Bigarrenak gainera badu halako gaurkotasuna, nahiz eta horretan pentsatu gabe idatzia izan pandemiako hainbat irudi sortzen dituelako. «Musikariok edozein aitzakia erabiltzen dugu kantuak idazteko. Kasu honetan maitasun istorio labur bat izan nuen eta pertsona harekin pasatako egun bat kontatzen dut. 2019an gertatu zen istorio hori eta orain 2020ko perspektibatik entzuteko ariketa egingo dut», dio umorez Laurobak. Banjoa, cavaquinhoa edota dobroa bezalako instrumentuek mendebalde urrunera eramaten gaituzte. Laurobaren ustez Urbil Artolak ematen dio ukitu berezi hori eta nabarmendu du Artolak duen bluegrass taldearen kalitatea sekulakoa dela: «Howdy dute izena eta diskoa egiteko asmotan dira laster. Kanturen bat egin dute euskaraz eta ea disko berrian gehiago etortzen diren».

Aurretik aipatu dugun ‘Hain lurrun’ eta ‘Kaleidoskopioa’ kantuetan sokek eta kantu koralak dute pisu gehiago. Ahots ederrez inguratuta dago Iker Lauroba eta aipatu digu aurrekoan DOKAn pentsatzen egon zela «a zer nolako banda» duen alboan. «Izan ere, Lauroba ezaguna dela uste du askok edota izen ezaguna egiten zaio askori. Baina orokorrean jendeak ez daki zer nolako borrokak egin behar izaten ditudan kontzertuak lortzeko eta jendea bertaratzeko. Taldean ditudan musikariei ez dizkiet baldintza onenak eskaintzen eta hala ere sekulako lana egiten dute. Horren adibide da Mariak, Andonik, Urbilek, Olaiak eta Leirek bikain abesten dutela eta hori asko landu dugun zerbait da. Hartara, kantuak nik sortu arren askotan ez naiz ni abeslaria, hiru edo lau abeslari dituen kantuak dira. Oso eskertua nago berei», nabarmendu du Laurobak.

Lan ikusiezina
Lau estudio desberdinetan aritzeaz gainera bere etxean ere grabatu du ‘Udaberria’ Iker Laurobak. «Egun teknikak baimentzen du estudioen arteko koordinazioa eta elkarrekin egon gabe lan egiteko aukera daukagu. Hori batzuetan sekulako abantaila da eta zer esanik ez konfinamendu garaian. Gero nahasketa gehienak nik egin ditut eta beste batzuk Axular Arizmendik egin ditu, prestu agertu baitzen itxialdi garaian estudioa hutsik eduki duenean. Egia esan da nahasketak egitearena ez dut oso gogoko, baina halabeharrez ikasi dudan zerbait da. Ez dut oso gogoko eta gutxiago nire kantuak direnean. Pentsa, ehunka aldiz entzun behar dira kantuak nahasterakoan eta zure kantuez gogaitzea gertatu daiteke diskoa bukatzerako. Hori ez da sanoa gero aurkeztu behar denean. Horregatik Axularri eskertu beharrean nago eman didan laguntza guztiagatik», aipatu du Laurobak.

Hamar musikari elkartu dira disko honetarako. Pisu handia dute beste urtaroak proiektuan dabiltzan eta aurretik aipatu ditugun musikariek, baina diskoetan aniztasun handiagoa egon dadin saiatzen da Lauroba, nahiz eta gero zuzenekotarako kantuak moldatu beharra dagoen. Mikel Maniego, Xabier Zeberio, Josu Erviti, Garazi Esnaola edota Nerea Alberdik hartu dute parte diskoan. Zuzenekoetan ordea, ez dira sokak edota haizezko instrumentuak entzungo. «Zuzenekoetan musika disparatuta zergatik sartu eskuek egin dezaketenean? Beste estilo batzuetan zentzu gehiago du, baina gurean eskuekin moldatu daiteke diskoan entzuten dena eta ez diot zentzurik ikusten biolinak edota tronpetak disparatzeari. Moldagarria den bitartean, izan dadila dena zuzenekoa», aldarrikatu du Laurobak.


Bere musika ibilbidean Sara Azurza, Leire Leturia, Olaia Inziarte, Fariba Sheikhan… emakume talentudun ugarirekin aritu da elkarlanean Iker Lauroba eta kasualitatez eman dira askorekin elkarketak. «Leirerekin Villabonako ongintza kontzertu batetarako hasi nintzen kantuak prestatzen. Atzetik hainbat taberna pasa genituen, etxeko salako kontzertuak egin eta orain taldean gabiltza. Olaiarekin ere antzerako zerbait gertatu zen; Berriaren ekitaldi batetarako kontzertu bat prestatu genuen eta gero batu zen taldera. Olaiak duen talentua sekulakoa da, abesten, gitarrarekin, pianoarekin, konposaketan… Etorkizun handia du aurretik. Urbilen kasuan, berriz, lapsteel-pedal deituriko instrumentua diskoan sartzeko deitu nion lagun baten bitartez eta egiten nuen musika gogoko zuela esanda, proiektura batu zen. Nolabait ere garaian garaiko beharrek eskatuta joan gara gehitzen musikariak proiektura», kontatu digu Laurobak. Etxeko salako kontzertuak berreskuratzea askotan pentsatu duten zerbait dela ere aitortu digu, baina egun ez da posible: «Bereziak ziren eta espero dut epe motzean errepikatzeko aukera izatea».

Proiektu pertsonalez harago
Beste musikari batzuentzako konponketak, konposaketak, diskoetarako grabaketak eta abar luzea egiten ditu Iker Laurobak. Nabarmenenen artean, ‘Go!azen’ telesailerako kantuak sortzen ditu, udan telesailaren aurkezpena egiteko erabiltzen duten kantu originalak. «Nerea Alberdi da kantuen moldaketak egiten dituena eta hortik ezagutu ginen eta diskorako saltoa eman. Normalean nik udako abesti originalak sortzen ditut eta umeek ez dakite atzetik nor dagoen ere. Moldaketa batzuk ere egin ditut, nahiz eta esanda bezala Nereak egiten dituen ia denak. Hartara, lan oso polita egiten du telesailak euskal musikari bultzada bat ematen diolako, beste toki batzuetara iristeko aukera ematen du. Baina bitxikeriak ere sortzen dira. Nik orain gitarra klaseak ere ematen ditut eta, noski, umeek abesti batzuk ezagutu berri dituzte eta horiek jo nahi dituzte. Hartara, azkenekoetako batean, Modus Operandiren ‘Gora gure bihotzak’ abestia eskatu zidaten. Akordeak ateratzerakoan kantua jarri eta hori ez zela esan zidaten. Jakina, telesaileko kantua guztiz desberdina zen. Baina, begira, orain originala ere badakite», kontatu digu Laurobak.

Izarok oholtzan duen taldean eta diskoetan ere parte hartzen du Iker Laurobak eta harekin egindako ibilbideari «oso eskertua» dago. «Kursaalera joan eta beteta ikustea, sarrerak agortzea… Hori zer den ezagutu dut Izarori esker. Pentsa zeinen desberdina den egoera, ni astuna jarri behar izaten naiz jendea gure musika entzutera etortzeko. Eta Izaroren fenomenoa bada begira, guztiz desberdina da eta Mexikoko bira bezalako kontuak egin ditut. Baina batez ere beti babestu nau eta horri nago oso eskertuta», azpimarratu du donostiarrak.

«Gauza da nekatu eta etsi egiten dela bat psikologikoki kontzertuak lortu nahi izate horretan. Baldintza duin minimo batzuk eskatzen ditugu kontzertuetarako, gure kasuan sei gara eta aurrekontu umila dugu. Jendeak ezagutu ezagutzen gaitu, baina gero kontzertuetara etortzeko ohiturarik ez duela dirudi. Azken emanaldian, DOKAn esaterako 80 lagun etorri ziren bi txandatan, eta ez dago gaizki, baina Donostian zen eta 55 ikuslekoa zen gehieneko kopurua. Hortaz, Euskal Herrian edo festetako girora zoaz edota 300-400 laguneko antzokiak ditugu gehienak. Gauzak horrela, aantzokietara jendea ez baduzu ekartzen, ez zaituzte programatu nahi. Guk jakina, gustu handiz egingo genuke halako antzokietako bira bat, baina ezinezkoa zaigu eta hori etsigarria egiten da. Disko salmentarekin ere antzeko zerbait gertatzen da, dena nire patrikatik ordaindua izaten da eta ez da erraza saltzea. Nahiz eta etxean grabatzen dudan guztia, gastuei aurre egiteko gutxieneko kopuru bat saldu behar da. Estudioak, musikariak, diseinua… dena ordaindu behar delako. Eta marketin kanpaina xelebreak eginagatik ere, sareetan jarraitzen nauenak hasieratik ez badu eskuratu, gerora ez zaila da eskaera egitea», esan du Laurobak.

Diseinuak aipatuta, Nøgen taldeko Markel Idigorasek egin dizkio urtaroen proiektuko diskoen azalak eta azken takadan 25 disko edo saldu ostean, hilabete barru berriz ere abisua sareetan pasako duela esan digu. Bitartean eskuratzeko modurik onena zuzenekoetan da, nahiz eta otsailean bakarra duten. ‘Uda’ iritsi zain, eskatu eta gozatu beste hiru urtaroez.

Jaurlaritza Logoa