Zuzenean

«Bizi bakarra daukagu eta zergatik bizi behar dugu zazpi bizitza ditugula pentsatuz?»

Bermeo aldean harrobi emankorra dago musika urbanoaren bueltan eta tartean dago Xabier Gutierrez, Xsakara (Bermeo, 1997) abeslaria. Denbora luzez landu eta 2020aren bukaeran kaleratu du ‘Ilargiaren semea 1619’ lan luzea.

Audio_placeholder

«Bizi bakarra daukagu eta zergatik bizi behar dugu zazpi bizitza ditugula pentsatuz?»

Loading player...
Xsakarak bizitzak eman dion irakasgaia 10 kantutako disko bilakatu du.
Xsakarak bizitzak eman dion irakasgaia 10 kantutako disko bilakatu du.

Trapetik aparte bestelako musika ere landu du Xsakarak bere ibilbidean eta horren adierazle da diskoa bera ere. Ez da estilo konkretu batetara mugatzen. Baina estilo hauetan, normalean, album bat 10 singlek osatzen dute, hamar abesti soltek. Baina Xsakararena ez da horrela izan.

«2019an hasi nintzen diskoa lantzen eta disko kontzeptuala egin nahi izan nuen. ‘Ilargiaren semea 1619’ titulua gaua maite izatetik dator. Umetan beldurra nion iluntasunari eta gauari. 12-13 urterekin, ordea, gaua maitatzen hasi nintzen. Hortik nire buruari ‘Ilargiaren semea’ goitizena jartzearena. Tituluaren beste erdia adinaren kontua da. Lehenengo abestian 16 urteko Xabier nolakoa zen kontatzen du diskoak eta 19 urteko Xabier ezagutzen bukatzen dugu», kontatu digu abeslari bermeotarrak.

Hala, adin buelta horretan dabiltzan gazteentzat helduleku ere izan nahi du bere diskoak. Izan ere, adin horretan dauden eta antzerako gertaerak bizi dituztenek Xsakararen kantuetan beren burua islatuta ikusi dezakete.

‘Deabrua bihurtu naiz’ kantuarekin hasten du diskoa, bertan deskribatzen du zer nolako pertsona zen adin horretan. Gustuko dituen argi urdin bakarrak diskotekatakoak direla aipatzen du. Aldaketa handia izan zuen bere bizitzan eta poliziarekin arazoren bat edo beste izandakoa da kalean egindako trastekeriagatik. Horregatik diskotekako argi urdinak baino ez maitatzerena.

Nerabezaroko beste gai tipiko bat ere landu du: lagunena. Bizitzan batzuk badatozela eta beste batzuk badoazela kontatzen du ‘Trankil’ kantuan. Laguntasuna zerbait betiereko bezala ulertzen du nolabait ere Xsakarak: «Txikitako lagunak badoaz kanpora ikastera, erlazioak aldatzen dira… Eta konturatzen zara bizpahiru lagun beti egongo direla zure alboan eta hori hartu nuen abiapuntu bezala kantu hau idazterakoan».

Kolaborazio asko eta onak izan ditu. Diskoa irekitzeko, gainera, Jone Izaolaren ahotsa entzuten da eta propio bilatutako zerbait izan da. Bere zatiak grabatu eta besteen tokia utzita osatu zuen diskoa Xsakarak. Hartara, neska baten ahotsarekin ireki eta itxi nahi izan du ‘Ilargiaren semea 1619’. Izaolak ireki eta NAZ hirukoak itxi. Izaolaren ahotsaz galdetuta, «harrituta» gelditu zela kontatu digu. «Nik autotunea erabiltzen dut topera eta Jonek autotunerik gabe hobeto egin zuen, erretiroa hartzeko moduan nintzen», nabarmendu du Gutierrezek. Kantu berean Aritz Lertxundi entzun daiteke gitarra jotzen, Insomnia taldean elkarrekin aritzen dira. Gainera, 16-19 urte zitueneko tarte horretan presente egon den pertsona dela kontatu digu.

Perre eta Urgatzekoek ere diskoan parte hartu dute. «Bermeon denetarik daukagu, punka, rocka, trapa… ‘Bakarrik” kantuan Unai Perrek gitarra sartu du eta Urgatzeko kideek, haien artean Asier Renteria bere ekoizlea eta estudioko teknikaria denak, gainerako instrumentuak», esan digu abeslari bermeotarrak.

Parranda eta plazera
‘Jairik jai’ kantuan Gorpuzkingz taldekoen kolaborazioa izan du. «Parrandero fama dute, eta kanpora begira hala saltzen dute beren burua. Ikusi nahiko nuke elkarrekin parranda bat egitean ea nork nor harritzen duen, kar kar. Baina itxura horretatik aparte, sekulako pertsonak direla esan beharra dago», aipatu digu Xsakarak.

Parrandaren une gorena, ordea, ‘7AM’ kantuan dator. Burua guztiz galtzen den festa deskribatzen du bertan eta plazeraren esklabo garela aipatu. «Goizeko 7etan ez dakizu zenekin zauden eta begietatik sartzen bazaizu… ba aurrera. Bizi bakarra daukagu eta zergatik bizi behar dugu zazpi bizitza ditugula pentsatuz? 50, 60, 70 urte biziko naiz? Gaztea naiz eta topera bizi nahi dut», aldarrikatzen du Xsakarak.

Duplakoekin ere gora etorri da ‘Sua’ izeneko kantuarekin. «Gure kultura honetan, euskal musikaren bueltan, kate asko daude lotzen gaituztenak. Bai musikalki eta baita erabiltzen diren mezuekin ere. Hortaz, Duplakoekin batera ordubetean kantu hau sortu zen. Sexuari buruz hitz egiteko ez gara mozten, asko gustatzen zaigun zerbait dela uste dut eta horri buruz ere kantatu beharra dago. Nik ulertzen dut denei dena ez gustatzea, baina bakoitzari merezi duen lekua ematea nahiko nuke. Errespetua izatea elkarri. Asko dira nire aurretik ere gure eszenan tokia egin nahian dabilena eta haiek egindako lanak ez du errekonozimendu nahikorik izan», salatu du Xsakarak.

Atzera begirada
Bere lehen kontzertua Bermeotik Gernikara trenean eman zuen bozgorailu eramangarri batekin. «Tren gidariak bota egin ninduen bidaia horretan. Eta bost urte beranduago, Don Patriciorekin oholtza eta kartela partekatzea sekulakoa izan da. Nire jendeaz harro egoteko moduko zerbait. Euskal Herritik kanpoko jendea sareetatik eta hizketan hasi zitzaidan eta horretarako ere balio izan dit Don Patriciorekin izandako kontzertuak», kontatu digu Xsakarak.

Bermeon dauka momentuz aurrera begira kontzertu bakarra eta hura eta gero ez dauka besterik. Neurri berriak direla-eta, gainera, Bermeokoa ere akaso atzeratu egin daiteke. Bitartean ‘Ilargiaren semea 1619’ diskoa berari sareen bitartez zuzenean eskatu eta lortu daiteke. Xsakarak esan digun moduan, «bukatu dadila broma hau guztia eta zuzenekoak itzuli daitezela. Musika egin, plataformetara igo eta erantzuna ikustea ederra da, baina zuzenekorik gabe… Gogorra da. Ni oso positiboa naiz eta kontzertu berriak etortzen direnera arte energia gorde eta datozen emanaldietan hustuko dut guztia oholtzan».

Jarrera ona behintzat ez zaio falta.

Jaurlaritza Logoa