Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Z-Erua: «Iruñerriko zenbait espaziotan beldurra sentitzera iritsi naiz euskara erabilteagatik»

Burlatan 1998an jaiotako laukote batek produktora bat sortu eta, haietako baten errimak musikatuz, ‘In crescendo’ diskoa kaleratu dute L'Kano eta Z-Eruaren artean. Iruñerriko eztandaren adibide bat gehiago dira eta MusikHaria saioan izan dira beren lana aurkezten.

Audio_placeholder

Z-Erua: «Iruñerriko zenbait espaziotan beldurra sentitzera iritsi naiz euskara erabilteagatik»

Loading player...
Z-Erua (Andoni) eta Galera (Alvaro) L'Kano produkzioak osatzen dutenetako bi kide. (L'KANO Produkzioak)
Z-Erua (Andoni) eta Galera (Alvaro) L'Kano produkzioak osatzen dutenetako bi kide. (L'KANO Produkzioak)

L'Kano produktore lanak egiteko Burlatan sortu zen talde bat da. Bai kantuak eta baita ikus-entzunekoak garatzeko sortua, 1998ko lau burlatarren eskutik: Andoni, Alvaro, Jon eta Maialen. «Lagunak gara musikariak baino gehiago, maite dugu garena eta kuadrilla berekoak ere bagara», kontatu digu Z-Eruak (Andoniren rapeatzaile goitizena).

Nafarrak izanagatik, beste tokietako euskarara ere jotzen du maiz Z-Eruak.‘Berrizbe’ kantua da horren adibide, eta azaldu digu nondik datorren hitz hori erabiltzaeren arrazoia errimagile burlatarrak: «Eibarren ikasi nuen eta ez dakit nolatan sartu zitzaidan kaskezurrean hitz hori, baina sorburua izan zen. Bertako hizkuntzak izan du eraginik nigan, baina, horrez gainera, euskalkien mixa maite dut».

TAU Cerámica ere, Baskonia saskibaloi taldeak duela urte batzuk izandako babeslea, aipatzen du, «talde gogorra zen garai hartakoa eta irudikatu nahi nuenerako eta errimarako bikain zetorren, saskibaloi zalea ere banaizen arren». Soinu zaharrei ere aipuren bat luzatu die Z-Eruak eta, egiari zor, 90. hamarkadako eraginak nabaritzen dira beren musikan: «Jonek eta biok haien eragina badugu. Ez dugu estilo hori kopiatu nahi, garai hartako doinuak berpiztu edota eraberritzea izan da gure nahia».

Ekologiaz arduratuta
Eibarren ikasi duela aipatu du Z-Eruak eta, ‘Feik’ kantua entzun ostean, konturatu gara energia berriztagarrien ingeniaritzako gradua ikasi zuela. «Idazten hasi nintzenean banituen ekologiaren bueltan gertatzen ari ziren hainbat gauza buruan. Baina ez nuen panfletarioa izan, ‘greenwashinga’ ere existitzen delako». Hala, fakultatean ekologiaren gainen sentsibilitate berezia ote duten galdetu diogu: «Denetarik dago, baina jendeak badu ekologismoaren borroka bere egiteko nahia eta kontzientzia. Dena dela, beste pausu bat eman beharra dagoelakoan nago, daukagun sistemari aurre egiteko eta kritika eginaz».

Madrilen duela pare bat urte izandako gailurraz aipamen bat egin du bere errimetan Z-eruak. Gauzak horrela, Greta Thumberg ere aipatu diogu: «Figura gazte baten beharra zuten boterea dutenek, gazteak sentsibilizatu nahian-edo, baina arazoa beste bat dela argi izan behar dugu. Ostiraletako manifestazioak bezala, gutako askok postureo bezala ikusten genituen, aurpegia garbitzeko, gauza batzuk esan baina gero hitz hutsetan geratzen direlako asko. Eguneroko hainbat gai, lauso samar daudenak, hartu eta mahai gainean jartzen ditu», esan digu Z-Eruak.

Napartheid-a salatuz
Nafarroako euskaldunek ere zailtasunak izaten dituztela salatu dute ‘In crescendo’ diskoan Z-Erua eta L'Kanoko kideek eta ‘Iritsi gara’ abestian azaldu dute hori, faxisten aurka sortutako kantuan. «Oihan eta biok sortutako kantua da eta gure pentsaera argi utzi nahi izan dugu, izan ere gure estilo honetan izaera antifaxista ez da plazaratzen askotan». Kartzelan daudenak ere gogoan izan dituzte, «preso bat gose greban dagoenean, lehendabizi pertsona» delako. Baina jendeak isildu nahi dituztela esan dute. Nork, ordea? «Jende asko bai Burlatan, Iruñean edota Nafarroan, gure hizkuntzaren kontra dago. Horrek indartsuago egiten gaitu. Nire pentsatzeko moduagatik eta nire hizkuntza mintzatzeagatik hemen inguruko zenbait espaziotan gaizki sentitu izan naiz, beldurra ere sentitzeraino. Iruñerriko eta Nafarroako errealitatearen zati ikusezina da hori, gu bazterrean sentitzen baigara hainbat tokitan», salatu du rapeatzaile burlatarrak.

Apustu-etxeen aferari buruz ere kritika egiten du Z-Eruak: «Inguruan ludopatia arazoak eta abar ezagutu ditut. Kasino baten gainean bizi naiz ni eta, apustu-etxeak zabaldu diren honetan, arazoa asko larritu da eta kontatu beharra dago. Halako lokalak langileen herri eta auzoetan jarri dituzte, atzerritar eta gazte asko dauden tokietan, dirurik ez dutenen inguruan eta modu horretara beste pentsamendu batzuk neutralizatzen dituzte, pobreak pobreago bihurtuz».

Bere artelana gaztelerara bultzatzen saiatu izan direla ere kontatu digu Z-Eruak eta horrek mindu egiten du, ‘Me preguntan’ abestian txukun azaladu duenez: «Inork ez dit sekulan ere galdetu ea zergatik egiten dudan euskaraz, baina bai zergatik ez dudan gazteleraz egiten. Euskaraz ikasi dut, euskaraz idazten dut eta euskaraz abestu, horrela bizi naizelako. Abestian argi eta garbi utzi nahi izan dut hori».

Euskal rap eszena erreferente
Erreferenteen inguruko aipamen inplizituren bat edo beste ere egiten du Z-Eruak bere errimetan, baina erreferenteez harago, egun Iruñea inguruan dagoen mugimenduaz ere mintzatu zaigu: «Raperos de Emaus taldeko Ritx erreferente garbia da niretza, baina, horrez gainera, Selekta Kolektibokoak izan dira iparrorratz garrantzitsuena. Iruñerrian orain eztanda bat gertatu da. Eztanda horren parte den jendea jai giroan elkartzen ginen Akelarren, Aitzina edota Garazi bezalako tokietan. Denok giro berean hazi eta mugitu gara eta polita da belaunaldi bereko jendeak, bakoitzak bere bidetik, musikari zer nolako ekarpena egin dion ikustea. Etxean geneukan material minimoarekin hasi gara guztiak eta mugimendu berri eta polita sortu dela esan dezakegu, eta aurrera begira oso ‘totxoa’ izango da».

Beren sorkuntzarako duten pasioa garrantzitsuagoa dela ere argi geratu zaigu, azpiegitura gutxirekin sortu baitute ‘In crescendo’ albuma: «Ni samplerren maitalea izan naiz beti eta material gutxirekin osatu da diskoa. Mikro sinple bat, soinu-txartel bat, eta mahai bat. Horrekin egin dugu guztia. Tira, eta trikitia ere sartu dut, instrumentua ikasteari utzi nion arren, oraindik ere jotzen dudalako».

Burlatako alde zaharreko irudiak ikusten dira ‘Ez du trukoa’ abestiaren bideoklipean: «Justu oraintxe bota dituzte bertan ikusten diren etxeak, gure herriko historiaren parte direnak. Ilustrazioak berriz Maialenek egin ditu, bai bideoklipean ikusten diren guztiak eta baita diskoaren azalean eta gainerako kontuetan erabili ditugun irudi eta marrazkiak ere. Irudi iheskorretan zer dagoen ikusi nahi duenak badaki zer egin, YouTuben abiadura geldotu eta ikus dezala zer dagoen ezkutuko frame horietan».

Ibilbide luze baten desioa
Diskoari izena ematen dion kantuaren sorreraz ere eman digu azalpena Z-Eruak: «Non ginen, zer egiten garen eta zer egingo dugun galdetzen genion gure buruari diskoa sortzen ari ginela. Ikasten ari gara eta hemendik gora egin nahi dugu, hau abiapuntua izan delako. Orain dena goranzko bidean egitea da gure desioa».

Lehendabiziko kontzertua irailean eman zuten, diskoa kaleratu aurretik. «Guretzat oso berezia izan zen, Burlatan eman nahi genuelako gure lehen kontzertua. Bertan erakutsi nahi genuen gure proiektua serioa dela eta, gazteak izanik ere, gauzak txukun egin ditzakegula. Gaztetxean izan behar zen hasiera batean emanaldiak, baina udaletxeko plazan egitera behartu gintuzten eta ez genuen aukera galdu. Gauzak lotu nahian gabiltza orain, badauzkagu pare bat ideia potolo eta, kontatu daitezkeen momentuan, sareetan iragarriko ditugu. Ea uzten diguten nahi ditugun gauza horiek egiten», dio Z-Eruak.

Diskoa fisikoan laster izango da kalean eta Sorgin Kale banaketaken bidez aterako dute: «Hemendik egun batzutara iragarriko dugu, baina jendeak eros dezan nahikoa merkeak izango direla aurreratu dezakegu. Hala ere bizi ibili beharko da, tirada laburra izango baita».

Dub musika, rap-a eta halakoen artean, azken kantuak deskolokatu egin gaitu, flamenkoa eta tech-housea uztartu direlako, eta helburua bete dutenaren sentsazioa transmititu digu Z-Eruak: «Ni reggae mundutik nator eta Galera berriz tech-house mundutik. Hortaz, zerbait oso desberdina egin nahi genuen eta rap diskotik urrundu nahi izan dugu, denetarik egiteko gai garela erakutsi nahi izan dugu eta bazen diskoa ixteko modu berezia». Dantzarako abesti bikaina ‘Nola?’ deiturikoa.

Jaurlaritza Logoa