Iruñea
Elkarrizketa
Kiliki Frexko
Chill Mafia taldeko kidea

«Polemikak ez dakit on edo kalte egin digun, baina horretan geratu denak ez du ezer ulertu»

Chill Mafia taldekoek ‘Ezorregatik x Berpizkundea’ izeneko mixtapea atera zutenetik hilabete pasa da. Sareko polemikak baretu direnean MusikHaria saioan izan da Kiliki Frexko, egin duten lanaz eta beren proiektuaz hitz egiteko. Beren benetako aurpegia ezagutzeko aukera izan dugu.

Audio_placeholder

«Polemikak ez dakit on edo kalte egin digun, baina horretan geratu denak ez du ezer ulertu»

Loading player...
Iruñeko periferia auzoetako lagunen elkarketa batetik sortu zen Chill Mafia.
Iruñeko periferia auzoetako lagunen elkarketa batetik sortu zen Chill Mafia.

Urtarrilean izan genuen Chill Mafia taldekoen berri eta Tatxers punk taldearekin elkarlan bat kaleratu zuten. Kantua nondik hartu ez genekiela ibili ginen asko eta honela kontatu digu istorioa Kiliki Frexkok: «Tatxers taldekoak oso gertukoak ditugu eta Oi! talde bat izanda lehen kantuarekin jendea lekuz kanpo harrapatu nahi genuen; baina, era berean, ez du zertan kontrajarria izan estilo horretako talde batekin autotunea erabilita kolaborazio bat egiteak. Autotuneari 30 urte kosta zaio Euskal Herrira iristea eta geratzeko dator, bazen garaia!»

«Sexua ez da sexya baldin bada windows vistan» dio kantuaren zati batek eta Kilikik azaldu digu, «Tatxerseko Salinasek masturbatzeari buruz esandako hitzak» direla, «bizitzako esparru guztietan bezala sexuan ere errespetua izan behar da, eta gu saiatzen gara horretan nahiz eta batzuetan errespetua erakustea ahaztu egiten zaigun ». Kantuaren sorburua, ordea, oso bestelakoa da: «Tatxersekoak nire etxera etorri ziren grabatzera eta '21. menderako 21 aditz trinko' deituriko taularekin etorri zen Ion Salinas. Bertan, hainbat hitzen artean ‘dautsagu’ irakurri genuen eta hortik etorri zen gainerakoa. Flako Fonkik esan zuen, 'bua, dautsagu kotxean baina nik ez dut kotxerik' eta listo, hit-a egina zegoen». Hori izan da gainera Flako Fonki elkarrizketan ez egotearen arrazoia, gidabaimena ateratzeko klase praktikoa zuela.

‘Ezorregatik x Berpizkundea’ mixtapea atera aurretik sarean hainbat eztabaida piztu zituzten. Diskoarekin, ordea, irudi bat eman duten arren, musikaz jantziak direla erakutsi dute. «Beno, bai baina ez dugu nahi horren inguruan txapadarik eman, ez dugu Twitterren hari amaigabe bat osatu nahi gure eraginak zeintzuk diren azalduz eta abar, hori jendeak antzeman dezala». Guri ere deitu ziguten 'zaharruno' Hofe artista iruindarraren kantua sarean jarri genuenean traparekin lotura egin genuelako. Kantu hura techno abesti bat zen eta kontua da orain denari trap esaten zaiola eta ez da horrela. Espainiar estatuan duela 5 urte gauza bera gertatu zen eta kazetariek entzuten zutena entzuten zutela trapa zela zioten, eta ez. Erik Uranok duela hiruzpalau urte zera esan zuen eta arrazoi osoa duelakoan nago: 'A este paso le van a llamar trap a todo lo que no sean jotas'». 

Dena dela, traparen estetika eta gaiak jorratzen dituztela aipatuta onartu du hein batean Kilikik: «Gure inguruan dauden gaiak dira eta ezin ditugu ezkutatu. Bestalde, estetika horrek gure belaunaldian eragin zuzena izan duela esan dezakegulakoan nago, indie taldeko kideek ere estetika bera dute eta genero kontua baino belaunaldiaren estetika dela esan dezakegula uste dut». 

[Trapa] ... estetika horrek gure belaunaldian eragin zuzena izan du, indie taldeko kideek ere estetika bera dute eta genero kontua baino belaunaldiaren estetika dela esan dezakegula uste dut

Orain arte ez zegoen zerbait eskaintzera datozela entzun diegu behin baino gehiagotan, baina hori Gorpuzkingzekoek ere esaten zutela aipatuta, zera erantzun digu abeslari nafarrak: «Yung Beefek Sony-ri saldu zion diskoan esaten zuen: 'Gure aurretik ziur bazegoela halakorik, baina gure ondoren ziur ez dela berdina izango'. Bada, antzerako zerbait gertatu delakoan nago. Undergroundean baziren aurretik halakoak, eta guk ez genituen entzuten edota ez genituen sinesten. Gorpuzkingz adibide ona izan da. Gu ez gaude haiekin sintonian, baina bai esan beharra dagoela haiei esker guretzat errazagoa izan dela mundu honetan sartzea. Haiek era guztiz parodikoan hasi ziren musika egiten, baina noski, eurak atera eta gero askoz errazagoa da euskal gizartean gu bezalako talde bat onartua izatea».

Gure aurretik ziur bazegoela halakorik, baina gure ondoren ziur ez dela berdina izango

Chill Mafiaren jatorriaz galdetuta, koadrila moduan definitzen dira: «Kolektibo deitu gintezke, baina koadrila terminoak seriotasun karga hori kentzen dio eta guk musika egin aurretik ezagutzen dugu elkar. Gustu berdintsuak genituen eta sound system baten bueltan ezagutu genuen elkar, bafleen ondoan. Zaletasun antzekoak genituen komunean eta musika sortzen ere hasi ginen. Egun, lauzpabost musikagileak gara, beste batzuk skatea egiten dute, besteak graffitiak edota diseinatzaile grafikoren bat ere badabil Chill Mafiaren bueltan. Aurreko mixtapea kaleratzean Chill Mafia eta Flako Fonki bezala agertu ginen, baina estrategia komertzial hori ona ez zela ikusita Chill Mafia bakarrik uztea pentsatu dugu. Orain 31016 izatetik 31014ra pasa gara, proiektu hura Flako Fonkirena zelako eta hau, berriz, guztiona».

Kolektibo deitu gintezke, baina koadrila terminoak seriotasun karga hori kentzen dio eta guk musika egin aurretik ezagutzen dugu elkar

Estilo aniztasuna

Diskoko kantarik laburrena erritmo eta estiloz bereziena da, cha-cha-cha eta punk doinuak nahasten dituztelako ‘Hire mixeria’ abestian. Halako nahasketa bat egitearen ideia nondik sortzen den azaldu digu Kilikik: «Gure ekoizleetako batek, Tulipumpek, egin zuen oinarria eta bere etxera joan ginen kantua lantzera. Astebetez libre zegoenez, trap-house bihurtu genuen eta oinarriak jartzean lauzpabost barra sortu ziren segida samar. Onartu behar dut propio gaizki sartu nuela ergatiboa, puristei pixka bat izorratu nahian. Eta horrela sortu zen kantua, ez dauka misterio gehiagorik».

['Hire Mixeria'] Onartu behar dut propio gaizki sartu nuela ergatiboa, puristei pixka bat izorratu nahian. Eta horrela sortu zen kantua, ez dauka misterio gehiagorik

‘Cicatriz’ kantua taldeari egindako sampler batean oinarritzen da ‘Hay que joderse (qué bien se está tumbao)’ kantuaren riff bat da eta letra berriz tua botatzearen pareko zerbait izan dela esan digu Kilikik: «Itxialdian ginen eta Ben Yartekin egin genuen abestia, nire etxean pasa zuelako berrogeialdia. Iruñerriko rapeatzaile onena da bera. Hitzak idazterako garaian punkismo nihilistena atera zitzaigun barrutik, nola ginen ikustean; balkoietako txibatoak eta abar. Bada horrelako jendeak sortu zigun nazkatik sortutako tua dira abesti honen hitzak». Punk oinarria duen rap abestia beraz.

'Papi' abestian ere beste kolaborazio bat izan dute. «Koadrilako abeslari bat da, bere garaian ‘Scarface’ pelikula ikusi zuela uste dut eta Tony Montana dela sinisten duela. Koadrila denetan izaten da halako pieza bat, marroietan sartuta dabilena beti, bada hori da bera. Dena dela, azpimarratu nahi dut bera dela Iruñerriko gangster legitimo bakarra, zeren esan dezaket kantatzen duen guztia egia dela. Oinarria, berriz, Oskorriren Adela kantuaren sampler batean sortzen da». Drogen, arazo mentalen eta jokoak gazteengan eragin ditzakeen kalteen inguruan idatzitako benetako istorioa da, krudela bezain gordina. «Askok esan digu drogak goraipatzen ditugula, baina ez da horrela. Bizi dugunaren inguruan analisi oso latz bat egiten dugu abesti honetan eta inori desio ez diogun errealitate bat erakusten dugu. Zorionez, auzoa eraldatzen ezagutu dugu. Nire portalean, esaterako, pare bat banituen heroinan sartuta eta orain askoz ere lasaiago daude. Hori guztia pozgarria da», nabarmendu du Kilikik.

Erramun Martikorenaren sampler bat ere gehitu dute diskora eta Kilikik uste du Erramunek entzun duela. «Garaian esan genuen Baigorrin grabatu genuela etabar, baina Orhiko Xoria kantua sampleatu dugu. Estrategia komertziala izan zen aurretik kontatu genuen gezur hori, baina egia da Erramun guretzako eragin oso garrantzitsua dela. Herri bakarra gara, euskara bat da eta horrez gainera iparraldearen eta Nafarroaren artean, ahaztuen arteko lotura berezi bat badagoela uste dut», azaldu digu iruindarrak.

... egia da Erramun guretzako eragin oso garrantzitsua dela. Herri bakarra gara, euskara bat da eta horrez gainera iparraldearen eta Nafarroaren artean, ahaztuen arteko lotura berezi bat badagoela uste dut

Emakumearen ahotsean kantu bakarra egin dute. Sarean irakurritakoen ostean, sumisioaren ideiarekin lotzea probokazioa ote den esanda zera esan digu Kilikik: «Irene etxera etorri zen, oinarria jarri nion eta segituan hasi zen bera 'Písame la cara' abestuz. Berez hori ez zen ideia nagusia, baina hori atera zitzaion momentuan. Gainera, dominazioaren kontua gaizki ikustea oso atzerakoia dela esan nahi dut. Niri batzuetan dominatzea gustatzen zait eta besteetan dominatua izatea eta rol aldaketa hori izugarri gogoko dut eta sexua gozatzeko da. Hortik hirugarren irakurketa bat egiten hasten bada norbait eta Sigmun Freud dela uste badu, bada sinetsi dezala hori; baina ni ez naiz Freud, gazte soil bat naiz. Niri lotu nazaten gustatzen zait, aizu», aldarrikatu du Kilikik.

Bizardunak taldearen kantu bat ere aipatu du Kilikik elkarrizketan eta ea 2021eko Bizardunak ez ote diren galdetuta, «haiek erreferente garbi» izan zituztela kontatu digu. «Bizardunakek utzi zuenetik kantugile guztiak esperantzari eta positibismoari abestu izan diote eta ongi dago, baina gure belaunaldiak ezin du beti horrela egon. Gure etorkizuna oso beltza da eta ezin diogu esperantzari eta argiari kantatu», aipatu du abeslariak.

Euskara, polemikak eta marketina

Bizardunakek Esne Beltzarekin egin bezala, Chill Mafiakoek polemika sortu dute Kai Nakairekin eta Durangoko Azokak emandako sormen bekarekin: «Ni pozten naiz benetan Kai Nakaik sari hori lortu duelako, baina Durango Azokak 15.000 euro ematea genero honetako disko bat ekoizteko, guk 50 euroko mikrofono batekin egin dugunean, gogorra da. Guk diru horrekin diskoetxe oso bat aterako genuke aurrera. Egia da bekaren berri ez genuela eta berandu jakin genuela. Orain akaso emango ziguten beka hori, baina ezagunak garelako. Aurretik egin dugunarekin ez genuke jasoko, euskararen kupoagatik. Guk euskara ez dugu merkatuko nitxo bezala tratatu nahi, guretzat euskarak naturala den zerbait izan behar du, Sarrionandiak dioen moduan, hori da gure eremu libre bakarra. Euskara erabiltzen dugu euskaraz bizitzen saiatzen garelako edota bi txakur agertzen direnean haiek gu ez ulertzeko».

Guk euskara ez dugu merkatuko nitxo bezala tratatu nahi, guretzat euskarak naturala den zerbait izan behar du, Sarrionandiak dioen moduan, hori da gure eremu libre bakarra. Euskara erabiltzen dugu euskaraz bizitzen saiatzen garelako edota bi txakur agertzen direnean haiek gu ez ulertzeko

Euskara erabili duten modua ikusita garbizaleen tokian ere jarri da Kiliki: «Gazte arruntaren koplak egitean errazagoa zen purista izatea, eta metrika errespetatu eta errima asko errespetatu ditugu. Baina oso erraza da Gipuzkoako Goierrin edota Bizkaiko hainbat tokitan purista izatea. Niri Xabi Solano etortzen bazait euskaraz bizi nahi duela esaten, zera pentsatzen dut: 'Aizu, zu dagoeneko bizi zara euskaraz eta nik bai bizi nahi dudala euskaraz'. Guretzat askoz ere zailagoa da, bizi naizen tokitik 20 kilometrora ordaindu egin behar da euskara ikasteko eta guk barrakoietan ikasi genuen. Eta ulertzen dut purismo hori eta niri ere eragiten dit zuzenean, baina horrekin apurtu beharra daukagu, gutxienez, Nafarroan bizi garenok».

Kai Nakairi egindako kritikaren aurrean, gasteiztarrak musikari merezi duen balioa ematen ez ote den galdetuta, argi erantzun digu: «Zalantzarik gabe bai. Baina tira, lasai, guk diru hori beste nonbaitetik lortuko dugula ziur gaude-eta». Eta momentuz ondo doakiela esan dezakegu, izan ere, bi garagardo marka eta arropa marka bat ere gerturatu zaizkie. «Nik uste dut, eta akaso oker nabil, markekin elkarlanean gabiltzan lehen euskal taldea garela. Rap munduan espainiar estatuan ere eman dira halako mugimendu eta kolaborazioak. Gauza da marken ikuspegitik ere normala dela, lehen telebistan agertzeko ordaintzen zuten eta gaur egun gazteek ez dute telebistarik ikusten. Hortaz, askoz hobea da haientzat gure bideoklip batean egotea», dio Kilikik. Izan ere, bideoklipekin ikustaldi asko pilatu ditu Chill Mafiak gaurdaino. «Egia da, hala ere, mixtapea atera osteko bideoklipek ez dutela horrelako ‘punch’-ik lortu, hortaz guk ere neurtu eta baloratu behar dugu aurrerantzean erabiliko dugun estrategia zein izango den».

Baina gaurko zoriona noiz arte luza daitekeen ezin da jakin: «Izan daiteke eferbeszentzia puntu hori edukitzea, baina daukagun koltxoiarekin eta Euskal Herrian eta estatu espainiarrean pilatu ditugun zaleekin, lasaiago kaleratuko ditugu gauzak. Gu saiatuko gara gauzak ongi eta txukun egiten, gure produktuarekin oso kritikoak garelako. Hasieran polemika sortu nahi genuen, atentzioa erakarri, ‘Gazte arruntaren koplak’ kaleratuta. Atzetik, negar egitekoa zen ‘31014’ kantua erakustea zen helburua. Parodia etiketa jarri ziguten hasiera batean eta polemikak ez dakit on edo kalte egin digun. Dena dela, horretan geratu denak ez du ezer ulertu eta ez du ezagutzen gurea bezalako auzo batean dagoen errealitatea», dio Kilikik.

Diskoa fisikoan?

‘Ezorregatik x Berpizkundea’ mixtapea digitalean bakarrik kaleratuko zutela esan zuten arren, enpresaren batek kopia fisikoak kaleratzeko nahia azaldu duela aurreratu digu Kilikik baina ezin izan digu ezer baieztatu, hortaz adi segi beharko diegu sareetan etorri daitezkeen berrikuntzak jakiteko. Azala forma geometriko batzuekin osatu dute, eta erdian Oteizari egindako omenaldia dago, hutsune batekin lauki bat osatu dutelako: «Berez, Mikel Jara meme batean oinarritu da azala egiteko. Forma geometrikoak erabili zituen eta meme hori ikusi zuen berak. Erdiko hutsunea, berriz, nik eskatu nion propio, Oteizari omenaldia egiteko.

[Mixtapearen azala] Berez, Mikel Jara meme batean oinarritu da azala egiteko. Forma geometrikoak erabili zituen eta meme hori ikusi zuen berak. Erdiko hutsunea, berriz, nik eskatu nion propio, Oteizari omenaldia egiteko

Aurreratu digu baita ere laster kolaborazio berriekin kantu berriak etorriko direla. «Euskal Herriko rap abeslaririk onena dela uste dut Arrano Pertxa eta konfirmatu zidan zerbait egingo dugula elkarrekin. Halaber, ohore handia da baita ere esatea Xabier Silveirarekin ere kolaborazio bat egingo dugula».

Kontzertuak ere badatoz, gertuena martxoaren 27an izango da, Donostiako DabaDaban eta dena salduta dute. Tolosako Ernairen Topagunean ere egongo direla baieztatu digu Kilikik eta Gasteizen, Bergaran, Tafallan edota Bilbon zerbait lotu nahian dabiltzala, bira osatu nahian. Apirilean, berriz, Iruñeko Katakraken ere izango dira. Aurrera begira, Ipar Euskal Herrian ere egin nahi dute zerbait: «Ipar Euskal Herria raparen bueltan erreferente eta abangoardia izan dira gurean».

Euskal Herriko rap abeslaririk onena dela uste dut Arrano Pertxa eta konfirmatu zidan zerbait egingo dugula elkarrekin. Halaber, ohore handia da baita ere esatea Xabier Silveirarekin ere kolaborazio bat egingo dugula 

Orain arte zuzenekotik gertuen egon den emanaldia ETBko telebista saio batean egin zuten: «Eskorbutoren omenez gaizki egin nahi genuen playback hura, baina jatorregiak gara eta ongi atera zitzaigun». Hemendik aurrera, ordea, ez da playbackik izango. Edo bai, batek daki.