Zuzenean

‘Kaosaren ondorio’, buruhausteek disko bat sortzeko beste eskaintzen dutenean

Z-erua eta L'Kano ez dira berriak gurean, aurreko lanarekin ere, ‘In crescendo’ diskoarekin, pasa zirelako MusikHaria saioko mikrofonoaren aurreti. Hiru urte pasa dira eta makina bat buruhauste ere egon dira tartean, baina horrek guztiari esker etorri da lan berria, ‘Kaosaren ondorio’.

Audio_placeholder

‘Kaosaren ondorio’, buruhausteek disko bat sortzeko beste eskaintzen dutenean

Loading player...
Z-erua eta L'Kano ‘Kaosaren ondorio’ lan berria aurkezteko biran murgilduta dabiltza.
Z-erua eta L'Kano ‘Kaosaren ondorio’ lan berria aurkezteko biran murgilduta dabiltza. (LEMON MILK)

Andoni Zazpe (Z-erua) eta Alvaro Galera (L'Kano) dira ‘Kaosaren ondorio’ diskoa sortu duten burlatarrak. Z-eruak barrak idatzi eta ahotsa jarri die kantuei eta L'Kano ekoizpenaz arduratu da. Salto bat ere eman dute Chill Mix & Master estudioan lan egin baitute diskorako. Halaber, 31 Giltza-ren artelana daraman diseinuarekin are dotoreago utzi dute guztia. 

Zortzi abestiz osatutako diskoa da ‘Kaosaren ondorio’. Zalantza asko izan zituzten proiektuarekin aurrera jarraitu edo ez erabakitzerakoan, baina ezbai horren guztiaren ondorioa dira abesti hauek. Sarreratik esaten dute ez dutela presarik izan diskoa sortzerakoan eta eskerrak. Lehen unetik nabari da beste maila bateko ekoizpena egon dela disko honetan eta ahotsaren trataeratik hasi eta nahasketaraino xehetasun ugari ditu abestiak.

Emakume ahotsa, 808 indartsua, bongoak, hi-hat lasaia… reggae kutsua duen kantua da ‘Kaos’, diskoaren izenburura eraman dutena. Pazientziaren arteaz hitz egiten digute ‘Fruitua’ abestian, ukitu latino nabarmenak dituena, bachata baten eskala entzun ahal izan dugulako giro hip-hopero batean. Erreugiñak izan dituzte kolaboratzen abesti honetan.

Kritika ugari jaso eta presioa sentitzera iritsi dira Z-erua eta L'Kano, esan dugun moduan horrek proiektuarekin jarraitzeko zalantzak ere sortu dizkiete, baina, horren ordez, ‘Bakean’ bezalako kantuekin erantzun diete kritika eta presio horri. Instrumental espaziotsu bat, baketsu bat, sortu du horretarko L'Kanok.

Sistema ere kritikatu dute ‘Beti azkenak’ kantuan. Balloon Frame ordiziarrarekin kolaboratu dute abesti honetan, edukiz bete-betea dagoen abestia da eta sonikoki berezia, gitarra klasikoaren ukituak eragindakoa ziur asko. Drum & Bass goxo batekin segitzen du diskoak, ‘Harriz harri’ kantuan. Une zail batean idatzita dagoela nabari da, baina bidea harriz harri osatzen dela gogorarazten digu abestiak.

Kaleko arteari gorazarre egiten dio ‘No querer oir’ abestiak. Artearen inguruan dagoen ezjakintasunari kritika bat egiten zaio eta esprai soinuekin graffittia bezalako arteei keinu ederra eginaz. Bukatzeko ‘Eroak’ kantuarekin egiten dugu topo, Sakanako jendeari luztatutako beef bezala ulertu daitekeen arren, ez dago halakorik. Nostalgia dosi batekin bukatzen dute D'Gloriasekin batera.

‘Patata Errioxa’ Tour

Horrela deitu diote aurkezpen kontzertu birari L'Kano eta Z-eruak. Apirilean eta maiatzean hiru saio eskaini dituzte, Zuian, Txantrean eta Besainen, baina ekainean gehiago ere izango dira. Ekainaren 8an Arrotxapeko jaietan izango dira, 28an Tafallan, uztailaren 9an Iruñeko sanferminetan, eta, abuztuaren 14an, show berezia eskainiko dute Burlatako gaztetxean. Ea gehiago ere izaten diren.

Jaurlaritza Logoa