Gasteiz

Lotsak albo batera utzita atera du Kai Nakaik ‘Baimenik gabe’ lana

Iazko Durangoko Azokan sormen beka eskuratu zuen Iratxe Aguilerak bere buruan bueltaka zuen Kai Nakai proiektuari forma emateko. Urtebete beranduago, ‘Baimenik gabe’ lanak argia ikusi du. Euskal musikan orain arte gutxi landu den genero bati ikuspegi berria ematen dion diskoa.

Audio_placeholder

Lotsak albo batera utzita atera du Kai Nakaik ‘Baimenik gabe’ lana

Loading player...
Iratxe Aguilera gasteiztarra da Kai Nakai proiektuaren ahots eta arima.
Iratxe Aguilera gasteiztarra da Kai Nakai proiektuaren ahots eta arima.

«Urte beteko masterra egite bezala izan da» kontatu digu MusikHaria saioan Iratxe Aguilera gasteiztarrak ‘Baimenik gabe’ diskoaren sortze prozesuaz galdetuta. «Jende ona izan dut inguruan eta horrek dena errazten du, izan ere nik ez nekien ia ezer honetan sartu nintzenean» aipatu du Aguilerak.

Konplexuak albo batera utzi eta reggaetoia bezalako musika estiloari heltzeko grina sentitu zuen Iratxe Aguilerak. Hartara, proposamena Durangoko Azokako sormen bekarako hautagaitzara aurkeztu eta hura izan zen hautatutako proiektua. Reggaetoia, euskaraz eta ikuspegi feminista batetik lantzeko urtebete izan du hartara. «Hasieran denborarekin nenbilen eta lasai aurkitzen nintzen, baina irailean ikusten nuen data gainera zetorrela eta oraindik kantuak grabatu gabe nituela. Hor pixka bat estresatu nintzen egia esanda», kontatu digu gasteiztarrak.

Kantuen doinuak David ‘Chickjuarez’ eta Iratxe Aguileraren eskutik etorri dira. Letrak ontzen, berriz, Jon Maia izan du bidelagun Kai Nakai proiektuak. «Erraza izan da berarekin lana egitea. Nik azkenean ideiak banituen, baina ez nintzen kantuen hitzak sortzeko bezain trebea ikusten, hartara, Jon Maiaren laguntza sekulakoa izan da, jakina». Baina ez da izan proiektuan bere alea jarri duen bakarra. Aurretik ere «euskal musikaren olatu berria» zirela aldarrikatu zuten Xsakara, Dupla edota STRko kideen kolaborazioak izan ditu Kai Nakaik. «Denok ere estilo antzekoan aritzen gara eta elkarri laguntzen saiatzen gara gure proiektuei kolore gehiago emateko». Hala, Duplaren edota STRren bideoklipetan batzuetako eta besteetako artistak ikusi ahal izan dira kameraren aurrean.

Baina gehien harritu gaituen kolaborazioa beste bat izan da. «Gasteiztarra eta beste belaunaldi batekoa zen abeslari bat nahi nuen kantu honetarako, eta Koldo Uriarterekin grabatzen ari nintzenez, Mikel Urdangarinekin egitea bururatu eta erraztasunak izan ditugu, berak ere estudio berean grabatu duelako», aipatu digu Aguilerak. «XVIII. mendeko bertso batzuk ditu oinarri ‘Denboraren atea’ kantuak. Hartara, duela 200 urte nola ligatzen zen erakutsi nahi izan dugu dagoeneko galduta dagoen Arabako euskalkian idatzitako bertso hauek musikatuta. Baina, aldi berean, gaur egungo neska batek nola ikusten duen hori ere azaldu nahi izan dugu kantuan», nabarmendu du Aguilerak.

Indonesiako pantera nebulosa bat darama azalean ‘Baimenik gabe’ diskoak. «Gozoa eta lasaia da kanpotik animalia hori, baina despistatuz gero hozka egiten duena. Horixe da erakutsi nahi izan duguna Kai Nakairen irudi moduan. Hori baita gure esentzia. Iruditeria lantzen eta identitate bat sortzen lan handia egin dugu eta lortu dugulakoan nago», aipatzen du Gasteizko abeslariak.

Kantu gozoagoak batzuk eta beroak, oso beroak eta esplizituak ere badira tartean. Guztira bederatzi kantuz osatzen den kolore berde deigarrian kaleratutako diskoa da  ‘Baimenik gabe’. Zuzenekoak ere hasi da ematen eta bertan alboan duen Ambrock DJa egoiliarra den Gasteizko Kubik aretoan izango da hurrengo emanaldia. Aldakak mugituz aulkian eseri eta eserlekua apurtzeko moduko erritmoa izango da beraz Kai Nakairen eskutik.