IRRATIA

«Ez dakigu zeri begira ari garen entrenatzen ere», Jon Moreno eta Irene Usabiaga

Beste bi goi mailako euskal kirolarien testigantzak jaso ditugu, fisioaterapeutak ere badira biak. Jon Moreno piraguista eta Irene Usabiaga txirrindularia gonbidatu ditugu Naiz Irratira. Biek azaldu dute ezjakintasun asko dagoela, ez dakitela «zeri begira ari diren entrenatzen».

Irene Usabiaga txirrindularia eta Jon Moreno piraguista

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Inpotentzia eta ezjakintasuna hainbat kirolarik konfinazio egoera honetan. Inpotentzia aurredenboraldiko lan guztia pikutara joan delako, eta ezjakintasuna aurrera begira zer gertatuko den ere ez dakitelako. Gurean izan ditugu Jon Moreno piraguista eta Irene Usabiaga Eustrak Euskadiko txirrindularia. Biek aipatu dute ez dakitela ze helbururekin ari diren entrenatzen.

Irene Usabiagak aipatu duenez, «maiatza arte behintzat dena bertan behera geratu da», hortik aurrera ez dakite ezer. Usabiagak azaldu du beraien kasuan pistako txirrindularitzan «momentu onean» tokatu zaiela hau, izan ere, otsaileko azken astean amaitu zuten denboraldia. 

Etxetik entrenatzeari dagokionez ere hauxe aipatu du Eustrak Euskadiko txirrindulariak: «Gure kasuan behintzat rodilloa egin ahal dugu etxean. Egunero bi edo hiru sesio egiten ditut. Eguna ahalik eta okupatuen izaten saiatzen naiz denbora azkar pasatzeko». Azaldu du baita ere ez dakitela zer helbururekin ari diren entrenatzen, «ezjakintasun handia» baitago.

Usabiagak gaineratu du internazionalki ez daudela «maila berdinean», herrialde batzuetan entrenatu ahal dutelako. Bestetik, azaldu du egoera hau «zerbait eszepzionala» dela. «Osasuna dago jokoan, beraz etxean geratu behar bada etxean geratuko gara» azaldu du. Neurriei dagokionez, «kontrol gehiago» jarriko lukeela azaldu du.

Jon Morenoren kasuan, azaldu du «nahiko ustekabean» harrapatu zituela egoera honek. «Kluba egun batetik bestera itxi ziguten» azaldu du. «Apirilean eta maiatzean egin beharreko txapelketak bertan behera geratu dira eta aurrera begira ez dakigu, ezjakintasun asko dago» azaldu du Irundarrak.

Hauxe aipatu du Morenok: «Gure aurredenboraldia orain arte izan da, orain hasten ginen txapelketetan. Lehenengoa Espainiako txapelketa Sevillan genuena, baina bertan behera geratu zena». Azaldu du Sevillako Espainiako txapelketa horretan ikusi zutela benetan ze egoeraren aurrean zeuden.

Entrenatzeari dagokionez, Irundarrak aipatu du «garajean» ibiltzen dela korrika eta bestelako ariketak ere egiten dituela. «Entrenamenduen planifikazioa egitea oso zaila da, ez dakizu zertarako ari zaren entrenatzen» azaldu du. Gaineratu du, berriro normaltasunera itzultzean, «ia hasieratik» hasi beharko direla berriro. Neurriei dagokionez ere Ireneren antzera, «kontrol gehiago» jarriko lukeela aipatu du.