Zuzenean

Ion GARATE

«Kirolari profesionalak ere etxean geratu behar gara», Imanol Rojo eta Maite Maiora Naiz irratian

Mendizalea eta naturazalea izanda, ez da erraza lau pareten artean sartuta egotea. Are gutxiago geldi egoteko ohiturarik ez duten kirolarien kasuan. Naiz irratian izan dira Maite Maiora, mendi lasterkaria, eta Imanol Rojo, iraupen eskiatzailea, eta biak argi utzi nahi izan dute guztiok etxean geratu behar garela.

Audio_placeholder

«Kirolari profesionalak ere etxean geratu behar gara», Imanol Rojo eta Maite Maiora Naiz irratian

Loading player...
Imanol Rojo eta Maite Maiora
Imanol Rojo eta Maite Maiora

Kirolari asko dira haien etxetan hala moduz entrenatzen saiatzen ari direnak. Guztiontzat zaila bada ere, mendian egotera ohituta dagoen kirolari batentzat badu zailtasun extra bat egoera honek. Naiz irratian izan dira Maite Maiora, mendi lasterkaria, eta Imanol Rojo, iraupen eskiatzailea, eta biak, geldirik egotekoak ez diren arren, argi utzi nahi izan dute guztiok etxean geratu behar garela, eta herrialde denetan horrela izan beharko lukela, hori litzatekeela justuena kirolari denak berdinatsunean lehiatzeko.

Imanol Rojok azaldu digu bere kasuan denboraldia amaitu duela, «hilabete bat lehenago izan bada ere». Faltan gehien botatzen duena «mendira joatea» dela azaldu du, eta orain etxean «zirkuitoak eginez» entrenatzen duela. Kirolari profesionalek neurri berezirik behar luketen galdetuta hauxe aipatu du Tolosarrak: «Nire ustez ez luke neurri berezirik egon behar kirolari profesionalentzako, denok etxean geratu behar dugu».

Rojok aipatu du Norvegiako beste eskiatzaileekin harremanetan dagoela: «Norvegian, esaterako, eskiatzaileek entrenatu ahal dute, baina haien izaera eta kultura ezberdina da. Entrenatzeaz amaitzean etxean pasatzen dute egun guztia» azaldu du. Lasterketei dagokionez ere, aipatu du herrialde guztietan bertan behera geratu direla txapelketak, eta aurrera begira hurrengo urtean egitekoak diren munduko txapelketak, eta hemendik bi urtera egingo diren joko olinpikoak ditu helburu.

 

Maite Maioraren kasuan, azaldu digu arrisku-taldea delakoan aurkitzen dela bera, eta beraz «beldur pixka bat» baduela, gehien bat ingurukoekiko. Imanolen antzera, «mendira irtetea» botatzen du faltan Maiorak. «Ez nago txapelketetan pentsatzen une honetan. Nire ustez denok geratu behar gara etxean. Kirolariak izan edo ez izan, denak pertsonak gara, beraz denak etxean geratu behar gara» azaldu du Mendaroarrak. 

Aipatu nahi izan du baita ere, jendeak «edozein aitzakia» jartzen duela etxetik ahalik eta gehienetan ateratzeko. «Jendeak aitzakiak jartzen ditu etxetik ateratzeko, eta horrelako jendearen jarreraren ondorioz, gizarte bezala neurri zorrotz hauek hartzera behartuta gaude» azaldu du. Aipatu du lasterketak atzeratu edo bertan behera geratu direla eta aurrera begira, «lasterketa batzuk egitea» espero duela aipatu du.

 

 

Jaurlaritza Logoa