Olatz BALDA

Eta zer moduz daude gazteak?

Konfinamendu egun hauetan umeek ezin dute kalera atera eta adinduak daude zurrunbiloaren erdigunean arrisku taldea izateagatik. Eta nor gogoratzen da gazteekin? Nola daramate gazteek etxean geratzea? lagunekin ezin egon eta familiarekin hainbeste ordu konpartitzea? Telematikoki ikastea? Idoia Eraso, Joana Halsouet, Leire Gezuraga eta Leire Andino gonbidatu ditugu gurera beraien errrealitateaz solasteko.

Audio_placeholder

Eta zer moduz daude gazteak?

Loading player...
Gazteak Olatz Balda tertulia
Gazteak Olatz Balda tertulia

Klase eta klase artean tarte bat atera dute gurekin hitz egiteko Donostiako Leire Andinok, Lekeitioko Leire Gezuragak, Urruñako Joanak eta Iruñeko Idoia Erasok. Laurak ikasleak badira ere oso errealitate ezberdina dute: batzuk unibertsitateko praktiketan, besteak batxilergoan, batzuk Emmanuel Macronek ezarritako neurriak jarraika eta bertzeak Sanchezek paratutakoetara.

Ikasketak etxetik nola daramatzaten galdetuta, Andinok ez du oso iritzi ona: «Lanen bidez bideratu dute dena, eta ez digute ematen zehaztasun handirik, gure esku dago nola antolatu eta hori zaila da hau noiz bukatuko den jakin gabe» dio.

Bestelakoa da Idoia Erasoren egoera, bigarren batxilergoko ikaslea da bera eta selektibitateko azterketa atzeratu egin da; «oporrak zapuztu zaizkigu» dio, eta badu desio bat ere: azterketa horren aurretik klase batzuk jasotzea.

Urruñan bizi da Joana Halsouet eta berak ere telematikoki ikasten du, baina badu abantaila bat solasaldiko beste hirurekin alderatuta, badu aukera kalera ateratzeko, kirola baimenduta baitago Estatu frantsesean. Arrauna praktikatzen du bere egunerokotasunean, eta horretan entrenatzeko makina batzuk eraman dizkiote etxera, baina nahiago du kalera atera, bakarrik bada ere, korrika pixka bat egitera.

Eraso ere kirolaria da, txirrindularia: «Zaila da, oso zaila! etxean txirrindula egitea gogorra da. Txirrindulak duen gauzarik politena da naturatik hurbil zaudela...». Lasterketak noiz hasten diren ez dakiten arren etxean entrenatzen du oraingoz.

Guraso eta anai-arrebekin hainbat ordu pasatzearena nola daramaten ere galdetu diegu. «Uste baino hobeto», esan digu Leire Geruzagak, eta baietz, hartu dutela parte sare sozialetan bolo-bolo dauden challenge horietan. «Txorakeria asko egin ditut», dio Idoiak, «oso zaila egiten zait niri etxean egotea». Aholku bana ere eskatu diegu NAIZ Irratia entzuten duten gazteentzako, eta hauek eman dizkigute: hartu denbora norberarentzako, sortzeko, bertsotarako, hausnartzeko, irakurtzeko, kantatzeko...