Zuzenean
Txapelketa guztiak bertan behera geratu dira baita errugbian ere. Egoeraren berri izateko Naiz irratian izan da Julen Goia, AMPO Ordiziako kapitaina. Aipatu du osasuna dagoela guztiaren gainetik.
Julen Goiak azaldu du momentuz txapelketak bertan behera geratu direla, baina datorren Apirilaren 30era arte zintzilik dagoela dena. «Taldeen asoziaziotik ohar bat zabaldu zen, non klubek, egoera ikusita, argi utzi zuten ez dutela gehiago jolastu nahi. Presidenteak, berriz, hurrengo hilabeteko 30era arte ez dagoela ezer garbi esan du» azaldu du. Bestetik, nazioartean ere «dena bertan behera» geratu dela aipatu du Goiak.
Entrenamenduei dagokionez hauxe aipatu du AMPO Ordiziako kapitainak: «Orain goiz eta arratsaldez entrenatzen dugu etxean. Goizean indar saioak gehiago, arratsaldean crossfit edo kardio saioak». Taldeari dagokionez azaldu du fisikoki momentu onean aurkitzen zirela, «baina mentalki ez horrenbeste». «Atsedenalditxo bat ondo etortzen da, baina hain luzea ez». adierazi du.
Hartu diren neurriei dagokionez, Goiak azaldu du, agian lehenago hartu behar zirela neurriak, baina hartu direnekin «konforme» dagoela. «Nire ustez, osasuna gauza guztien aurretik dago, beraz denak etxean geratu beharko ginateke. Ez dut uste neurri berezirik egon behar lukeenik profesionalentzat» azaldu du.
Goiak aipatu du, orokorrean jokalarien artean kontratuekin «ezjakintasun asko» dagoela. Hauxe aipatu du kapitainak: «Klub bakoitza mundu bat da. Guri behintzat garbi esan digute hitzartutakoa beteko dutela kontratuei dagokionez. Errespetatuko dutela hitzartutakoa, beraz alde horretatik, nahiko lasai gaude».