En direct

Oiartza Pampliega eta Marko Ganuza

Errumanian dago Europako azken lurrunezko trena: Mocanita

Trena izan da ‘Bidaiari’ saioko protagonista. Errumaniako Mocanita tren turistikoan igo gara, Europako azken lurrunezko trenean, Valea Vaserului harana zeharkatu dugu. Euskal Herrian badugu tren berezirik; Larrungo kremailera trenarekin gailurrera igo eta bertako ikusmira zoragarriekin gozatu dugu.

Audio_placeholder

Errumanian dago Europako azken lurrunezko trena: Mocanita

Loading player...
Maramuresko (Errumania) Mocanita lurrun-trena bakarra da Europan
Maramuresko (Errumania) Mocanita lurrun-trena bakarra da Europan (Marko Ganuza )

Trena bidaiatzeko garraiobide erromantikoa izan da betidanik, horregatik, ‘Bidaiari’ honetan, trenaz baliatuz, oso bereziak diren bi bidaia egin ditugu. Aurreneko tren bidaia egiteko Errumaniako ipar-mendebaldeko Maramures eskualderaino joan gara. Bertan, martxan dago Europako azken baso-lurrunezko trena. Trenaren aitzakian Errumaniako basoak eta egurrezko arkitektura ezagutuko ditugu. Baina Euskal Herrian ere badugu tren berezirik, Larrungo kremailera trena. Eskualdean hainbat parada egin ditugu gainera, Sara eta Etxalarko herriak ezagutu ditugu, eta uso garaia izanda, sare bidez ehizatzen duten Usategiak ezagutu ditugu. Baztan Bidasoa Turismoak antolatu duen XXXII. Ehiza jardunaldi Gastronomikoetara egin dugu bisita.

Errumania turismo gutxi jasotzen duen herrialdea da, bisitatzera animatzen diren turista apurrak hegazkinez iristen dira Bukarest hiriburura eta handik Transilvaniara. Baina herrialdeak aukera asko ematen ditu, orografia menditsua dauka, Karpatoetan mendi txango ederrak egin daitezke, hori bai, kasu hartzarekin, 9.000 inguru daude herrialdean. Bestetik, Danubio ibai-ahoaren natur erreserbak txundituta geratzeko pasaia ederrak ditu; han, beste espezie hegazti askoren artean, pelikano zuria behatu daiteke.

Arkitektura ez da atzean gelditzen, ondare interesgarri eta zabala du. Besteak beste, egurrezko arkitektura tipikoa ezagutuko dugu eta arreta berezia eskainiko diogu egurrez, goitik behera, eraikitako eliza ortodoxoei. Eskualde honetan eta Errumanian zehar barreiaturik dauden guztien artean zortzi dira ikusi beharrekoak Gizateriaren Ondarearen izendapena jaso dutelako: Rogoz, Poplis, Surdesti, Budesti, Barsana, Poienile Izei, Leud eta Desesti.

Elizez gain, Maramures eskualdeko landa paisaiak eta hauen belar-metak postal guztietan agertzen dira, horregatik, paisaia horien edertasunaz gozatzeko, zer aproposagorik Mocanita Trenean bidaiatzea baino? Viseu de Sus herriko geltokitik abiatu gara azken mendiko lurrun trenean eta triki-traka, Valea Vaserului harana zeharkatu dugu.

Euskal Herrian, Larruneko kremailera trena

Errumaniatik Euskal Herrira itzuli gara gure bigarren bidaiaren bila. Lapurdiko kremailera tren ezagunenaren egurrezko eserlekuetan eseriko gara eta trenaren historia eta xehetasunak ezagutzen ditugun bitartean, Larrun mendi tontorreraino igo gara eta bertako ikusmira zabalaz gozatu dugu.

Trenetik jaitsi eta asteburu osoa inguru horietan pasatzeko plana egin dugu. Sara herria bisitatu dugu lehendabizi. Leze ikusgarria dute bertan; handik abiatuta, Barandiaran antropologo eta arkeologo euskaldun ospetsuak egindako aurkikuntzak hizpide izan ditugu. Ondoren, Sarako karriketan zehar ibilbide interesgarria egin dugu eta herrian oraindik mantentzen den uso harrapaketa tradizioaz ezagutzeko plana egingo dugu. Horretarako, ordea, Etxalarrera, mugaren beste aldera, joan gara eta Laura Elizagoienekin egin dugu hitzordua.

Edi Arotik gaurdaino, udazkenero, praktikatu den sare bidezko uso harrapaketari buruz solastu dugu harekin, kontatu digu nondik datorren tradizio hau eta, batez ere, nola ehizatzen den usoa sare bidez. Etxalar herrira jaitsiko gara ondoren, bertako etxeen istorioak ezagutzeko Patxikurekin paseatuko gara karriketan zehar. Asko dira jabe ospetsuak izan dituzten etxeak, haien artean, Jose María Aznar espainiar presidente ohiaren aitona edo Miguel de La Quadra Salcedo.

Amaitzeko, uso harrapaketa garaian gaudenez, Baztan Bidasoa Turismoak antolatu dituen XXXII. Ehiza jardunaldi Gastronomikoetan parte hartzen duten jatetxeren batean bazkaldu dugu.

Amaietzko, ‘Bidaiari’ aldizkarian hurrengo txangoetarako inspirazio bila ibiliko gara eta azaroko aleak dakarren Monument Valley haranaren inguruko artikulua aztertuko dugu balizko proposamen gisa, izan ere, oso leku egokia baita autoz nahiz autokarabanaz bidaiatzeko. Horrela, harrizko paisaien xarma nabajoen gune historikoekin tartekatuz lotu daiteke ibilbidea, Arizona eta Utah estatuetako mugetan sartu-irtenak eginez.

Jaurlaritza Logoa