Zuzenean

Oiartza Pampliega eta Marko Ganuza

Grimm anaien ipuinak, bidaiatzeko ipar izar

Gabon giroan murgilduta jarraitzen dugun aste honetan, merkatuekin, magiarekin eta ipuinekin gozatzeko unea da. Edurne Zuri eta zazpi ipotxak, Hänsel eta Gretel, Amelingo txirularia, Bremengo musikariak...Grimm anaien ipuinak aitzakia hartuta bidaiatuko dugu saio honetan.

Audio_placeholder

Grimm anaien ipuinak, bidaiatzeko ipar izar

Loading player...
'Otsoa eta zazpi antxumeak' ipuina oroitzeko iturria Wolfhangen herrian
'Otsoa eta zazpi antxumeak' ipuina oroitzeko iturria Wolfhangen herrian (Oiartza Pampliega)

Urteko edozein garaietan bidaiatzea maite dugu. Horregatik, negua estreinatu berri dugun aste honetan, furgoneta prestatu eta Alemaniarantz abiatuko gara Grimm anaien Ipuinetako Ibilbidearen sekretu guztiak ezagutzera. Ibilbide honek Jacob eta Wilhelm Grimm anaien bizitza gertuagotik ezagutzeko aukera ematen du, bai eta ipuin klasikoak idazteko eta biltzeko inspiratu zituzten tokiak ezagutzeko ere. Ipuinetako-bidaia baten bila bazabiltzate magiaz, elurrez eta Gabonetako usainez betea, gonbidatuta zaudete ederrenaz gozatuko duzue.

Alemaniako Ipuinen Ibilbidea Hanaun hasten da, Grimm anaiak jaio ziren hirian, eta Bremenen amaitzen da 600 km-ko bide luzea osatuta. Ibilbide honek Jacob eta Wilhelm Grimm anaiak bizi izan ziren, edota ipuinak bildu zituzten lekuak zeharkatzen ditu.
Hori gutxi balitz, Alemaniako Gabonetako azoka ikusgarrienak aurkituko ditugu gure bidean, Hamelin edo Bremen, esaterako.

Alemaniako ipuin klasikoen ibilbidera: Die Deutsche Märchenstrasse.

Steinau an der Strasse herria bidaia honen aurreneko geltokia da, Grimm anaien bizitza eta Alemaniako Hesse eskualdea ezagutzen hasteko abiapuntu bikaina. Herri txikia izanda ere, interesgune asko ditu.

Adibidez, Herrenmühle errota. XV. mendeko ongi kontserbatutako eraikina da. Errota zahar honek, jatorriz, alea ehotzen zuen Steinau gaztelurako. 1886. urte inguruan, berriz, errota diamanteak zorrozteko lantegi bihurtu zen; eta geroago, Burdinola izatera pasa zen.

Ondoren, herriko plazara hurbildu zaitezte, inguruan, Udaletxea edo Rathaus, Steinau gaztelua eta ipuinen iturria topatuko dituzu. Azken honek itxura landatarra izan arren, ez da zaharra. 1985ean, Jacob Grimm jaiotzaren bigarren mendeurrena zela eta, Wolfgang Finger-Rokitnitz eskultoreak maitagarrien ipuinen iturri hau sortu zuen Steinau herriarentzat, eta hareharrizko zutabe batean Frau Holle, Hänsel eta Gretel edo Rapuntzel ipuinen irudiak zizelkatu zituen.

Jarraian, hauxe duzue gomendioa: Steinau gazteluan barrena sartu eta dorrera igotzea  Kinzig haranaren ikuspegi ederrez gozatzeko.  Edota arma-patioan muntatzen diren Gabonetako etxolen artean galtzeko.

Bukatzeko, ez ahaztu Grimm anaien haurtzaroko museo-etxea bisitatzea, bitxia eta interesgarria da. Museoa bi gunetan banatuta dago: beheko solairua, Grimm anaien bizitzari eskainia dago, etxeko txokoak eta familiaren bitxikeriak ikusgai daudelarik. Bigarren solairuan, berriz, maitagarrien ipuinak, pertsonaiak eta horien ahozko istorioen bildumaz gozatu.

Schwalmstad herrira bisita azkarra egiteko proposamena egingo dizuegu jarraian. Alemaniako ahozko tradizioaren arabera, Txanogorritxo bizi izan zen lekua delako eta pertsonaia horrekiko lotura berezia duelako. Eskualde horretako janzkera tipikoaren zati diren txano gorriak Grimm anaien inspirazio-iturri izan ziren eta Schwalmstad museoan ikus daitezke.

Bad Wildungen ur-termalen eta bainuetxeengatik ezaguna izateaz gain, Grimm anaiak Edurne Zuriren ipuina idazteko inspiratu zituen herria da. Alde zaharretik paseatuz egurrezko arkitekturaz gozatu daiteke, Edurne Zuriri eskainitako ipuinen iturriaren aurrean herriko plazan liluratu edota Edurne Zuriren etxea bisitatu  daiteke ipuin honen zehaztasunak ezagutzeko.

Herriko muino batean, gainera, Friedrichstein jauregi misteriotsua dago. Diotenez, leku horretan inspiratu ziren Grimm anaiak Edurne Zuri eta zazpi ipotxen ipuina idazteko.

Handik kilometro batzuetara Wolfhangen herrixka dago. Alde zahar eta polita du honek ere eta otsoaren eta zazpi antxumeen ipuina du gai nagusi. Herritik gertu dagoen Weidelsburg gazteluko hondakinen artean paseatzeak Hesseko Erdi Aroko gaztelurik handiena eta garrantzitsuena ezagutzeko aukera ematen du. Ondoren, azokako plaza, antzinako udaletxea eta ipuinen iturria bisitatu daitezke.

Antzinako udaletxea eraikin berezi samarra da, hiru solairuko egurrezko egitura trinkoa eta 222 bitxilorez apaindutako habeak ditu. Mendeetan zehar, hiria eraikin honetatik gobernatua izan da, baina orain hotel eta jatetxe bezala erabiltzen da. Bere sotoan maitagarrien ipuinen upategia dago, Grimm anaien koadro bilduma bat ikusgai dagoelarik.

Plazatxoa oso fotogenikoa da, batez ere erdi-erdian maitagarrien ipuinen iturria dagoelako. Honen inguruan, gainera, tamaina naturaleko brontzezko otso bate sabela harriz beteta eta iturriaren ertzean zazpigarren antxumea dantzan ikus daitezke, 'Otsoa eta 7 antxumeak' ipuina irudikatuz.

Egurrezko habedun etxez betetako herrigune historikoa duen beste herrixka ikusgarri batean murgilduko gara hurrengoan: Hofgeismar.

Bertako zurezko arkitektura xarmagarriaz gozatzeaz gain,  Printzea eta loti ederra irudikatzen dituzten bi irudi aurkituko ditugu merkatuko plazan. Argi dago, modu horretan,  Hofgeismar herriak ipuin klasiko honen inspirazioa bere buruari egozten diola. Baina horretaz gain, herritik gertu dagoen Reinhardswald baso bikaina eta naturagune babestua bisitatzea gomendatuko dizuegu. Han dago Sababurg gotorlekua eta hura da Grimm anaien Loti Ederra ipuina inspiratu zuen benetako lekua.  Gotorlekuak 675 urte ditu eta gaur egun hotel nahiz jatetxe ederrak, Erregistro Zibila eta Sababurg antzokia barne hartzen ditu.

Sababurg gotorlekuan lo sakonean erori omen zen neska gaztea printze dotoreak musu batez esnatu zuen arte. Baina... Gure Bidaiari saioa entzun beharko duzu ipuin klasiko honen jatorrizko bertsioa ezagutzeko.

Ondoren, handik gertu dagoen Urwald baso birjin ederra zeharkatzen duen neguko ibilaldi ederra egin dezakezue, naturgune babestuan zehar murgilduz eta tipi-tapa elur zuria zanpantzen. Edota ibilbideari jarraitu Trendelburg gazteluraino iristeko. Dorreko leihotik zintzilik dagoen txirikorda ilehori luzea ikusteak harrituko zaitu, baina berehala ulertuko duzu zergatik Trendelburg herriko gazteluko dorre luzea inspirazio iturri izan zen Grimm anaientzat Rapuntzel ipuina idazteko.

 



Weser ibaiaren haranari jarraituz kilometro mordoa egingo dugu Polle herrira iritsi arte. Bertan  Errauskinek zapata galdu zuen gaztelua dago, edo hori diote Grimm anaiek.Gaztelua guztiz hondatua badago ere, kokatuta dagoen muineraino igotzea gomendatuko dizuegu Weser eta bailara osoko bistaz gozatzeko.

Weser ibaiari jarraituko diogu hurrengo kilometroetan eta gure ibilbidearen bukaera arte Bremen hirian. Nabarmendu behar da, ibilbide paisajistikoa izateaz gain, Alemanian gidatuz zeharkatu daitekeen biderik ederrenetarikoa da.

Hamelingo txirularia

Zapata galduta Hamelin hirira iritsiko gara, hau da, Hamelingo txirularia ipuina idazteko Grimm anaiak inspiratu zituen hirira. Baina, adi!  Alemanezko jatorrizko izenburua, "Der Rattenfänger von Hameln", hau da, Hamelingo arratoi ehiztaria, askoz gordinagoa da beste hizkuntzetan aurkeztu zaiguna baino. Gainera, ipuina laburtze aldera, arratoi-ehiztariaren eta hitza betetzen ez duen alkate zeken baten arteko kontu-garbitze baten zorigaiztoko amaiera dramatikoa duen istorioa da.

Hamelin hirigune historikoa egun erdian ikusten da, eta leku turistiko eta ikusgarrienak ezagutzeko arratoien aztarnak dituen harrizko bide bati baino ez zaio jarraitu behar. Hamelingo erdigune historikoa Weser estiloko Berpizkunde garaiko etxe bilduma ederra da, baina guztien artean bi eraikin nabarmentzen dira: Txirulariaren Etxea edo Rattenfängerhaus eta  Eztei-etxea edo Hochzeitshaus. Xirulariaren etxearen ondoan, gainera, Bungelosenstrasse dago.

Ba al zenekiten kale hau  Hamelin hiriko haurrak desagertzen ikusi zituzten kalea dela? 'Danborrik gabeko kalea' esan nahi du haren izenak eta bertan, desagertutako haurren omenez, musika jotzea debekatuta dago.

Bremen da ipuin klasikoak ezagutzeko ibilbide honen azken geltokia: Musikarien Hiria.
Bremen, hiri Hanseatikoa, zirraragarri eta atsegina da, bidaiariak lehen unetik erakartzen dakien horietakoa. Jarduera kultural, merkatu eta kontzertuz betetako kultur agenda dauka eta amaiera ezin hobea da Ipuin klasikoen Ibilbide honetarako.

Argi dago Alemaniako hiri honetako pertsonaiarik ospetsuenak Bremengo musikariak-Die Stadtmusikanten- direla. Bremen hiriak  Grimm anaiak inspiratu omen zituen musikarien ipuina idazteko, edo agian alkatearen lagun minak izateak zerikusi handia izan zuen kontu horretan.  Nola edo hala, Bremengo musikariak (astoa, txakurra, katua eta oilarra) ez ziren inoiz hirira iritsi. Baina Bremen, bisita beharrekoa da, Alemaniako hiri eder eta karismatikoa delako.

Bremengo kasko historikoa, Markplatz eta Gabonetako merkatua;  Böttcherstrasse, Bremengo monumentu kultural eta atrakzio turistiko nagusietako bat bere arkitektura bereziagatik eta Schnoor, arrantzaleen auzoa,  egun jarduna hartuko dizue amaitzeko.

Euskal Herria
Euskal Herrira etorrita, Grimm anaien ipuinetatik ateratako pertsonaia izan zitekeen  Miguel Joakin Eleizegui, Altzoko Handia aurkituko dugu. Ipuinetako pertsonaia iruditu arren, hezu-haragizko gizakia izan zena. Altzo herrira bidaiatuko dugu Altzoko Handia pertsonaia hobeto ezagutzeko, bere herrian zehar oinezko ibilbidea eginez eta gipuzkoar honen bizitzan murgilduz.

Bukatzeko, Bidaiari aldizkariaren orrien artean inspirazio bila ibiliko gara eta Nuria Lopezek Sardiniari buruz idatzitako artikuluari so berezia eskainiko diogu.
Hurrengo urteko bidaiekin amets egiteko prest?

Jaurlaritza Logoa