Zuzenean

Oiartza Pampliega eta Marko Ganuza

Marokoko kosta ederra, furgonetarekin

Noizbait pentsatu al duzu Gibraltarreko itsasartea zeharkatu eta Afrikak biltzen dituen kulturak ezagutzea? Horrela bada, hurrengo lerroetan Maroko eta Senegal ezagutzeko arrazoiak emango dizkizugu. Jala!

Audio_placeholder

Marokoko kosta ederra, furgonetarekin

Loading player...
Arrantzalrak Merya Zerga hezegunean
Arrantzalrak Merya Zerga hezegunean (FurgoBidaiak)

Bidaia honetan, furgoneta ferrian sartu eta Gibraltar itsasartea zeharkatuko dugu Afrikara iristeko. Marokoko kasbah eta dunaz zipriztindutako paisaiak eta Marrakech eta Chefchauen bezelako herriak aski ezagunak direnez, gaurko proposamena oso bestelakoa izango da: Marokoko iparraldetik hegoaldera bidaia zoragarria egingo dugu Atalantikoko kostaldean zehar. Bidean, arrantzale herrixkarik ederrenak, arkeologi guneak, garrantzia handiko hezeguneak eta hamaika leku interesgarri ezagutuko ditugu. Prest zaude gurekin bidaiatzeko eta itsasoari begira bizi den Maroko deskubritzeko?

Nahiz eta Maroko Europako kontinentetik kilometro gutxitara egon, Gibraltar itasarteak oso ezberdinak diren kulturak banatzen ditu. Aurreneko aldiz herrialdea bisitatzen duen Europako edonori erronka ugari planteatzen zaizkio Marokon. Horregatik, bertara bidaiatzeko hainbat gomendio emango ditugu: aduana pasatzeko, Marokon zehar gidatzeko edota erregateoaren arteaz disfrutatzeko, besteak beste.

Tanger Med-eko aduana atzean utzi eta kilometro gutxitara Asilah aurkituko dugu: Atlantikoko kostaldean zehar egingo dugun ibilbidearen aurreneko herria. Portugaldarrek XV. mendean eraikitako harresiz inguratuta dago herri muina. Barruan, zeramika, oihal edota zapata-postuz betetako medina xarmangarria aurkitzen dugu. Asilah arrantzale-herri xumea izan arren, turistek oso gustokoa dute transmititzen duen lasaitasuna eta soseguagatik. Gainera, artisautza-postuz betetako medina da eta bertan Maroko osoko sandaliarik ederrenak eros daitezke. Harresien kanpoko aldean, berriz, marokiar bazkari tipikoaz gozatzeko jatetxe bikainak daude. Dasta ezazu harira zopa tipikoa edota tajín bat haragi gisatu eta mahas-pasaz osatuta.



Moulay Bouselham arrantzale herrirako bidean, Lixus arkeologi gunean geldiune bat egin daiteke bertako aztarnategia bisitatzeko. Antzinako feniziar hiri honetan, Cadizeko Baelo Claudian bezala, arraina prestatzeko auzo industrial bat, anfiteatro bat eta termak ikus daitezke, besteak beste.

Merya Zerga Parke Nazionala, Aintzira Urdina ezizenez ezaguna den hezegunea da. Urtero milaka hegazti migratzailek atsedena hartzen dute bertan, eta horregatik, garrantzi bereziko naturgunea da. Aintzira sarrera estu batetik igarotzen den itsasoko urak osatzen du gehienbat; eta kantitate txiki batean Dred ibaiko urak.

Hegaztiak behatzeaz gain, Merya Zergan egin daitekeen gauzarik ederrena Otordu bereziaz gozatzea da. Bertako arrantzaleekin adostu daiteke itsaskiak edota txangurroa harrapatzea eta sukaldatuta ekartzea autokarabanan dastatzeko. Aipatu dugun bezala, dena negoziatu daiteke te bero baten inguruan eserita.

Bidaian aurrera egingo dugu Rabat hirira iristeko. Ez da ohikoa turistei Rabat bisitatzea proposatzea eta horrek erraztu du bere esentzia ongi gorde izana. Rabat ezagutzeko egun oso bat erabiltzea komeni da eta bisita bitan banatzea: Medina eta bere zokoak, alde batetik; Oudaias ksbah eta lorategi andaluziarra, bestetik.

Rabat hiriko harresien barruan merkatu-giro bikaina dago. Zokoetan paseatuz, alfrombrak edo artisautza objektuak prezio onean aurki daitezke. Gainera, zokoen inguruko kaleak aproposak dira terraza batean esertzeko, bertakoekin nahasteko edo Marokoko gozoki tipikoak erosteko.

Kasbah barrua zuri, ziana, kobalto edo añil koloreko kale ederrez josita dago. Neurri handi batean, Chefchaouen dakar gogora. Jamaak kaleak kasbah osoa zeharkatzen du mutur batetik bestera, eta horri jarraituz, Moure kafetegiraino iristen da. Leku ezin hobea pastak eta tea mendarekin dastatzen den bitartean Bu Regreg ibaiaren ikuspegiaz gozatzeko bere terraza eserita.

El Jadida

El Jadida azken urteetan hazi den hiria da, baina bere medinak, Cité Portuguaise bezala ezaguna denak, kale bitxi eta labirintikoak kontserbatzen ditu. Ez da harritzekoa Unescok Munduko Ondare izendatu izana. Gainera, kale nagusia artisautza-postuz josita dago, eta bidera ateratzen diren dendariek turistak agurtu eta erostera gonbidatzen dituzte. Kale nagusia utzi gabe, portugaldarrek XVI. mendean eraikitako ur-zisterna dago. Zisterna-gangadun handi bat da, eta bertatik sartzen den argi izpia ur putzuan islatzen da. Argazki ederrak ateratzeko eguerdia de unerik egokiena.

Bazkaldu al duzu inoiz jateko tresnak erabili gabe?  El Jadida utzi aurretik, turisten ibilbidetatik kanpo geratzen den Tchikito jatetxean arrain frijitu anoa goxoak zerbitzatzen dira, tomate minarekin eta patata frijituekin. Den-dena eskuekin jateko.

Kilometro batzuk gidatuz jarraituko dugu Maroko hegoalderantz. Atlantiko kostaldearen zehar doan errepideari segituz Oualidiara iristen da. Itsas-paisaiak ederrak eta txundigarriak dira eta kostalde basati eta birjina agerian uzten dute.

Oualidia oso herri lasaia da. Ilargi-erdi formako aintzira eder baten inguruan hedatzen da eta  itsasoa olatu-horma ikusgarri batetik sartzen da. Aintziratik nabigatu daiteke koloretako ontzi bitxi batzuetan edo jatetxeren batean eseri ostrak eta itsaskiak jatera.

Artisautza aberatsa

Marokok amu ugari ditu turistak harrapatzeko: paisaiak, dunak edota herri politak. Baina guztien artean, artisautza aberatsa eta ederra nagusitzen da. Horregatik, Safi eta ontzigileen hegia bisitatzen goiz oso bat igarotzeak merezi du.

Safín buztingintza elaborazio prozesua ezagutzeko La Colline des Potiers goitizenez ezaguna den muinoara abiatu behar gara. Izenak adierazten duen bezala, buztingileen muinoan bustigintzan aritzen diren tailerrak daude. Bisita egiteko modurik egokiena bertako gida batekin lagunduta eta bere azalpenak entzunda izaten da. 

Safí herriko muinoa bisitatuz buztingintzaren lanbidea gertutik ezagutzeko aukera dago: buztina lantzeko teknikak, ontziak nola modelatu, bai eta zutik dirauten bost labeak ikusteko aukera dago. Gainera, muinoan zehar barreiatutako tailerretan buztingileak lanean ikus ditzakegu eta baita euren keramikazko aleren bat erosi.

Ongi marraztutako Essaouira

Marokoko atlantiar kostaldean zehar bidaia bukatzeko, Essaouira herri karismatikoan geratuko gara. Essaouira feniziarren garaiko hiri gotortua da eta 1506an Portugaleko gotorleku bihurtu zen. Izenak «ongi marraztua» esan nahi du, plano gainean eraikitako medina bakarra delako, eta hain ikusgarria da 2001ean Unescoren Munduko Ondare izendatu zutela. Ezagutzeko, paseatu egin behar da, bere azoken usainez eta koloreez gozatuz. Medina barruan, kaleak zoko ugariz josita daude, eta horren ondorioz, aire zabaleko merkatu handi bat dirudi. Bertan ikus daitekeen gauzarik bitxiena Thuyako zura lantzen duten artisauen postuak dira.

Essaouirako portua Moulay Hassan plaza zabalaren atzean irekitzen da. Han aire zabaleko arrain-postu tipikoak daude unean bertan sukaldatzen den arrainaz gozatzeko. Essaouiratik gertu gainera, bisitatu beharreko beste bi leku daude:  Had Draa merkatua eta Marjana emakume-kooperatiba.

Jaurlaritza Logoa