Zuzenean
«Lorpenik handiena itzultzea izan da»
Belauneko lesio larria gaindituta, Leire Garai bueltan da bi urte eta erdiz pilotalekuetatik kanpo egon ondoren. Majo sufritu eta gero, berriz ere pilotari sentitzeko aukera izan du arabarrak eta hori omen da «lorpenik handiena: itzultzea».
«Lorpenik handiena itzultzea izan da»

Bi urte eta erdiren ostean, belauneko lesio larri bat gaindituta, berriz ere pilotalekuetara eta lehietara bueltatu zara. Nola zaude?
Ondo. Azkenean, tentsio handia nuen partiduaren aurretik. Egia da udaran zehar entrenamendu onak egin ditudala nire prestatzailearekin eta nire nebarekin frontoian. Alde horretatik lasai nindoan, baina entrenamenduetatik partiduetara aldea dago; zuriz janztean urduritasun berezia sartu zitzaidan, baina pozik bueltan egoteagatik. Ea igarotakoa den azken lesioa.
Askotan txapelekin eta garaipenekin amesten du kirolariak. Zuk zeuk lortu dituzu batzuk, baina, pasatakoak pasata, kantxetan bueltan izatea da lorpenik handiena?
Bai. Nik uste dut lorpenik handiena hori dela. Azkenean, itzultzea ez da erraza izan. Askok esaten zidaten ezingo nintzela itzuli, baina azkenean lortu dut; lan asko egin behar izan dut, pasatu dudana gogorra izan da... Aurreneko partiduan ezin izan nuen garaipena lortu, baina, lagunek eta familiak esaten didaten bezala, garaipenik handiena itzultzea izan zen. Horrekin geratu beharko dugu. Garaipenak denborarekin etorriko dira.
Nolakoak izan dira hilabete luze hauek?
Oso zailak. Azkenean, zure eskuetan dagoen guztia egin eta hobekuntzarik ez duzunean ikusten, zaila da aurrera egitea. Denbora asko egon nintzen errenka, hamar bat hilabete. Eta hamabost hilabete korrika egin gabe; erraz esaten da, baina egunez egun bizi behar den zerbait da, eta gertukoek bakarrik dakite zer bizi behar izan dudan. Psikologikoki, ahalik eta hoberen eramaten saiatu naiz, etxetik ateratzen, lagunekin egoten. Zaila izan da, baina behintzat nire burua kalera irtetera behartu dut, eta, alde horretatik, nahiko ondo eraman dut. Banuen aurreko lesioaren esperientzia; gogorra izan da, baina aurrera atera dut.
«Denbora asko egon nintzen errenka, hamar bat hilabete. Eta hamabost hilabete korrika egin gabe; erraz esaten da, baina egunez egun bizi behar den zerbait da, eta gertukoek bakarrik dakite zer bizi behar izan dudan»
Gertukoak aipatu dituzu. Prozesu horretan, etxekoak izango ziren gertuen egon direnak, ezta?
Etxean zaudenean botata, ezin altxa, haiek dira laguntzen dizutenak. Nire gurasoei esker, gauza horiek errazagoak izan dira. Lagunek ere, etxetik ateratzen laguntzean edo etxera bisitan etortzean, asko lagundu didate; eta beste gauza batzuetan pentsatzen ere lagundu didate. Oso eskertuta nago. Aurrekoan frontoian ikaragarria izan zen haiek ondoan izatea, eta, alde horretatik, irabazi egin dut.
Hiru Hiriburuak txapelketan itzuli zinen kantxara Itsaso Erasunekin, ordu asko sartuko zenituen Ogeta pilotalekuan. Berezia izan zen, ezta?
Bai. Azkenean, buruan nuen txapelketa Gasteizen jokatuko zela. Urtean zehar ez dugu Araban asko jokatzen, ia ezer; beraz, aukera polita ikusi nuen Gasteizen jokatzeko, Ogetan. Banekien partidu bat behintzat hemen izango zela; beraz, jakin nuenean lehenengoa Gasteizen izango zela, aukera paregabea ikusi nuen berriz pilotara itzultzeko. Gasteizen itzultzea oso polita izan da niretzat, Ogetan gainera; ilusio handiarekin hartu nuen partidua. Azkenean, politena familia eta lagunak gertu ikustea izan zen. 22-20 galtzeak amorrua eman zidan, baina, behin partidua pasata, beste modu batean ikusten duzu.
Itzulerako partiduan helburu nagusia molestiarik ez izatea izango zela pentsatzen dut.
Hori da. Joko maila denborarekin lortuko dut. Momentuan amorrua eman zidan galtzeak, noski, baina ezin dut ezer askorik eskatu; denbora asko egon naiz kantxetatik urrun. Bestalde, entrenatzen aritu naizenean, eskuetatik ere asko sufritu izan dut. Oso exijentea naiz nire buruarekin; denek esaten didate hori pixka bat konpondu behar dudala eta exijentzia maila hori pixka bat jaitsi.
Azkenean itzuli naiz, eta ondo jokatu nuen; maila partiduekin berreskuratuko dut, eta, sentsazio aldetik, ez nintzen apurtu behintzat. Hemendik aurrera berriro nire maila berreskuratzea eta berriro disfrutatzea nahiko nuke.
Aipatu duzuna, hainbeste denbora geldirik, eskuak ere indartu egin behar dira.
Hori da. Hilabeteak neramatzan eskuak egiten, haina ez da berdina pilota goxoarekin jokatu edo jokatzen ditugun pilotekin jokatzea. Tentsio aldetik ere nabaritzen da. Hilabeteak pasa ditut masajistan eskuak zaintzen, denbora asko jokatu gabe... Hau da orain dagokidana. Pilotariak gara eta, alde horretatik, asko zaindu behar dugu.
Eskuetatik aparte, zer moduz belauna lan saioetan?
Atzo [astelehenean] fisikoa egin nuen eta gaur [asteartean] fisioarekin hitzordua daukat ea dena ondo dagoen ikusteko. Hemendik aurrera, dena ondo badago, entrenatzera eta berriz ere normaltasuna berreskuratzera. Larunbat honetan lagunartekoa daukat; beraz, topera prestatzera.
Pilotan 6 urterekin hasi zinen. Orain 23 urte dituzu. Hasiera batean emakume gutxi zinaten pilotalekuetan, baina orain asko zarete. Asko aldatu al da egoera ordutik hona? Nola ikusten duzu emakumeen pilotaren bilakaera?
Txikia nintzenean, 12 urtera arte, ez nuen inoiz neska baten kontra jokatu; beti mutilekin aritzen nintzen. Neskekin jokatze hori ez nuen buruan, eta, bat-batean, emakumeen pilotak izan duen gorakada ikustea eta zure buruari helburu batzuk jarri ahal izatea oso polita da. Ikusten da atzetik datozenek dakarten maila ikaragarria dela. Kanpoan egon naizen azken urte hauetan, maila aldetik, ikusi dut gorakada handia egon dela, bereziki gazteen artean, eta hori poztekoa da.
«Txikia nintzenean, 12 urtera arte, ez nuen inoiz neska baten kontra jokatu; beti mutilekin aritzen nintzen. Eta, bat-batean, emakumezkoen pilotak izan duen gorakada ikustea eta zure buruari helburu batzuk jarri ahal izatea oso polita da»
Oraintxe aipatu duzu kanpotik ikusten zenuena. Lesionatu ostean, hasiera-hasieratik pilota ikusten jarraitu zenuen edo denbora behar izan zenuen horretarako?
Nire familiak eta nik neuk pilota zainetan daramagu eta, hortaz, frontoian jarraitu dut, umeak entrenatzen eta arratsaldero Zaramagako frontoian orduak igarotzen; umeak entrenatzen ez bazen, pilota ikusten. Pilota pila bat gustatzen zait txikitatik eta, lesionatuta egon arren, oso loturik egon naiz pilotara. Egia da nesken pilota ez dela asko ikusten, telebistan ez dituztela partidu asko ematen, baina oso adi egon naiz; frontoian ordu asko eman ditut eta oso loturik jarraitu dut pilotara.
Duela urte batzuk, elkarrizketa batean aipatzen zenuen zure ametsa pilotari profesionala izatea zela eta, noski, ahal zen neurrian, hortik bizitzea. Gaur egun aukera hori gero eta gertuago dagoela esango zenuke?
Nik uste dut oraindik lan asko dagoela egiteko alde guztietatik. Pilotarien aldetik, material aldetik exijentzia maila igo behar dugu, eta profesionaltasun hori pixkanaka iristen joango da, baina oraindik lan asko dago egiteko. Guk ere frontoian ordu asko sartu behar ditugu. Oxala etorkizun batean pilotaz bizi ahal izatea!
Larunbatean lagunartekoa duzu, baina zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Normalean, azarotik aurrera lau eta erdikoa izaten da. Oraintxe bertan, bikoteka jokatzeko ondo nago, baina lau eta erdikoa prestatu behar dut, oso exijentea delako fisikoki eta desplazamendu aldetik. Oraintxe bertan nire helburua da maila berreskuratzen joatea eta pixkanaka lau eta erdian jokatzen hastea, edo behintzat entrenatzen joatea hurrengo hilabetetan tokatzen dena delako. Ea ondo iristen naizen eta parte har dezakedan.
Munduko Txapelketa ere segituan izango da, Argentinan. Ez zara iritsiko, ezta?
Ez. Hori nire iragan urteko helburua zen, baina gauzak okertu egin ziren; bigarren ebakuntza hori ez nuen espero. Ez naiz iritsi, aspaldi zuten selekzioa eginda; beraz, hemendik animo handienak Euskal Selekzioari lehenengo postua lortzeko. Ea hurrengo urteetan nik ere gerra eman dezakedan postu hori lortu ahal izateko.



