Zuzenean 04:00h - 06:00h
Euskal klasikoak
06:00h - 07:00h
Bidaiari
07:00h - 12:00h
Asteburuko Haria

Korsika edonor erraz liluratzen duen uhartea da. Iparraldetik hegoaldera harrizko herri xarmangarriz zipriztinduta eta ahobete hortz uzteko moduko kostaldez inguratua dago. Askok diote uraren kolore urdin garbia inon ez bezala aurki daitekeela Mediterraneoko txoko honetan, eta uharte osoan barreiaturik dauden hondartza eta kala zoragarrietan udako eguzki-jartzerik ederrenak ikusten direla. Uhartearen bihotzean, berriz, mendiko paisaia harrigarriak topa daitezke, orratzak bezalako tontorrak eta ibai-putzu freskoak udako egunetan gozatzeko.
Denboraren amaraunan harrapatuta geratutako herri jatorra da korsikarra; xaloa, xumea eta autentikoa. Herri gisa euren kultura eta hizkuntzaren erroak harro eta tinko gordetzen ditu turisten konkistaren aurrean. Topa dezagun Pietra garagardo batekin eta goazen eztia, gaztaina eta gaztaren paradisuan zehar bidaiatzera.
Korsikara gurutzatzeko, Nizatik eta gauez ateratzen diren ferriak egokienak dira, merkeagoak direlako eta ibilbide motzagoa egiten dutelako
Korsikara iristeko furgoneta ferryan sartu aurretik bi aukera daudela jakin behar da: Nizatik edo Marsellatik abiatzea. Hala ere, Korsikara gurutzatzeko, Nizatik eta gauez ateratzen diren ferriak egokienak dira, merkeagoak direlako eta ibilbide motzagoa egiten dutelako. Gainera, Îlle de Roussera 10 ordutan iristen dira, gu lotan gauden bitartean.
Korsikako iparraldea ezagutzeko uhartearen iparraldeko lurmuturra inguratzen duen D-80 errepideari jarraituko diogu, 'Cap Corse' deiturikoa ezagutzeko. Bidaia Saint Florent izeneko kostako herri eder eta lasaian abiatuko dugu. Herriak, uhartearen lehenengo sentsazioak transmititzen dizkigu: bizitza poliki doa irla honetan.
Saint Florent herriko hondartza nagusia Plage de La Roya da. Familiaz betetzen da udaran, badiak babestutako ur lasaia lekurik aproposena delako haurrek bainatzeko. Hirigune historikoa goiz batean bisita daiteke. Hasteko, kirol-kaian zehar paseatu daiteke luxuzko ontziak miresteko; ondoren, harrizko kale estuetan galduko gara plaza erromantikoak deskubrituz eta Maison Salge topatuz: bertako artisau-izozkiak uharteko onenetarikoak omen dira.
Ezin ahaztu zitadela genobesa eraikin historiakoa bisitatzea. Genobarrek XV. mendean eraiki zuten gotorlekua da eta gaur egun erakusketak eta ekitaldiak egiteko erabiltzen da. Zitadelatik, gainera, Saint Florent inguruko paisaiarik ederrenaz gozatu daiteke: badia, kirol-kaia eta Agriates basamortuaren naturgunea. D-80 paisaia-errepideari 6 kilometro jarraituz Patrimonio herrira iristen da. Ardozale ororentzat, ezinbesteko geldiunea. Patrimonioko 32 ardogilek sona handiko moskatel motako ardoa ekoizten dute, bai eta beltzak, zuriak eta gorriak ere. Dauden upategi guztien artean Lazzarini upategiak bisitatzea eta bertako ardo bikaina dastatzea gomendatzen dugu.
Nonza, Erbalunga, Bastia...
Gure ibilbideak zigi-zaga jarraitzen du Nonza herriraino, Korsikako lurmuturraren herri termalik ezagunena. Hondar beltzeko hondartza ospetsua menderatzen duen harkaitz-muino batean kokaturik dago. Harrizko etxetxoak osatutako herria da eta 100 m baino gehiagoko itsaslabar baten gainean zintzilik dago. Herriko eliza txikia, fatxada gorri eta horiduna, bisitatu beharrekoa da: baina batez ere, Nonzako dorre karratutik dagoen golkoaren ikuspegi bikaina harritzeko modukoa da. Azkenik, ez da ahaztu behar Santa-Giuliako iturriko urak edatea, ur miragarria isurtzen duela diote.
Erbalungan gelditzea merezi du. Antzinako herri korsikar hau denboraren eta gerren igarotzeari eutsi egin dio aldaketa nabarmenik gabe, berezko xarma eta esentzia kontserbatuz. Hemen ere ez da faltako ibilaldi ederrena kaia barrenean zehar. Ondoren, Erbalungako kaleetako txokorik xarmagarrienak deskubritzera abiatu gaiztezke non, ziur, pintoreak ikusiko ditugu, pintzela eskuan dutelarik, Erbalungako paisaia naturaletan inspiratutako koadro ederrak margotzen.
Erbalunga iraganean oparotasunean bizi izan zen, Genovara ardoa eta olioa esportatzeko portu garrantzitsuenetako bat zen garaian. Gaur egun, txalupatxoak isiltasunean murgilduta kulunkatzen dira, Genovako dorre baten aurrean.
Cap Corse lurmuturrari itzulia bukatzeko Bastia bisitatuko dugu. Artez eta historiaz beteriko hiri ederra da. Kale estu eta harrizko etxe pintoreskoek hiriaren bihotza ehuntzen dute, zitadela, izaera berezia duen lekua. Korsika iparraldeko hiri hau bisitatzen duen ia mundu guztia bere portu zaharrak duen bizitza eta animazioarekin harritzen da. Zalantzarik gabe, bere kaietatik paseatzea ezinbestekoa da hiria ezagutzeko.
Korsika ez da ugarte soil bat; hizkuntza, kultura eta azken finean, herri baten esentzia gordetzen duen Mediterraneoko txoko zoragarria da
Horretaz gain, tokiko gastronomia nabarmendu behar da, Mediterraneoko gastronomiarik onenetarikoa omen da. Azkenik, aipatu beharra dago eliza barroko ugari dituela bere hiru auzoetan banatuta: Place Saint-Nicolas, Terra Vecchia-Vieux Port eta Zitadela. Eta bisitatu beharreko? Zerrenda luzea da: Zitadela auzoa, merkatu tradizionala, San Nikolas plaza edota portu zaharra, besteak beste.
Korsika, ordea, ez da ugarte soil bat; hizkuntza, kultura eta azken finean, herri baten esentzia gordetzen duen Mediterraneoko txoko zoragarria da. Horregatik, ezin gastronomia albo batera utzi. Korsikako gastronomia oso aberatsa da eta plater tipikoetan landa eremuko jatorriko produktuak nabarmentzen dira, itsasoko arrain eta itsasfruituak edota mendiko belarren erabilpena.
Horretaz gain, Korsikan primerako hestebete eta haragiak zerbitzatzen dira Castagnicciako mendietan hazten diren zerriei esker. Uhartean, tradizioz, hainbat txerriki egiten dira. Haien artean txerri-solomoaren antzekoa den Lonzu izenekoa eta urdailazpikoaren antzekoa den Coppa izenekoa. Eta ...Argi ibili! Ohikoa delako zerriak bide bazterretan topatzea edota errepidea zeharkatzen ari direla.
Euskal Herrira itzuliko gara iparraldeko gastronomia eta paisaia ederrak uztartzen duen bidaia egiteko. Saratik abiatuta Aldudes herriraino: Kintoa zerriaren bailara. Tartean, bisitatu ditugu Azkaine, Ainhoa, Ezpeleta, Ortzaize, Baigorri eta Banka.