Zuzenean

Ander Arandia

Pedalkadaz pedalkada, etxetik Tanzaniara

2022ko irailean, Ane Ruiz de Egino bergararra eta Ander Zulaika itziartarra etxetik bizikletaz abiatu eta, pedalkadaz-pedalkada, Tanzaniara iritsi ziren. Zazpi hilabetetan 6.000 kilometro egin zituzten, tartean zortzi herrialde.

Audio_placeholder

Pedalkadaz pedalkada, etxetik Tanzaniara

Loading player...
Ane Ruiz Egino bergararrak eta Ander Zulaika itziartarrak 7 hilabeteko bidaia egin dute Tanzaniaraino.
Ane Ruiz Egino bergararrak eta Ander Zulaika itziartarrak 7 hilabeteko bidaia egin dute Tanzaniaraino. (Ane Ruiz Eginok )

Zazpi hilabetez bidaiatu zuten Ane Ruiz de Egino bergararrak eta Ander Zulaika itziartarrak. Etxetik atera eta, pedalkadaz pedalkada, Hego Afrikara iristea zen hastapeneko helburua, baina osasun arazo batzuk tarteko, Tanzaniatik etxerako hegaldia hartu behar izan zuten. Jakina da, ordea, helmugak ez duela berebiziko garrantzirik bidaia batean, bidaia bera dela altxorra.

Bidaiatzea ez da arrotza ez Ruiz de Eginorentzako, ezta Zulaikarentzako ere. Esperientzia mordoa biltzen dituzte. NAIZ irratiko ‘Bidaiari’ saioan aitortu dute aurreko bidaiak «txango modukoak» izan direla Afrikako esperientziarekin alderatuta.

Prestaketari dagokionez, materiala eta ibilbidea antolatzeaz gain, Euskal Herriko egunerokotasuna uztea erronka handia izan zela dio Ruiz de Eginok: «Niri materialak ez ninduen kezkatzen. Bidaia egitea erabaki genuenean, niretzako zaila izan zen gure plana komunikatzea: lana utzi, familiari kontatu...». Horrela, lanak banatu egin zituzten, Zulaika gehiago arduratu zen materialaz, eta Ruiz de Egino ibilbideaz. «Asko irakurtzekoa naiz, eta herrialdeetako egoera politikoaz asko informatu naiz», esan du bergararrak.

Frantziar Estatuko eta Italiako 1.400 kilometroak egiteko hilabete behar izan zuten gutxi gorabehera. Europako zatiak bizimodu berrira egokitzeko balio izan zien, «beroketa ariketa bat izan zen», dio Zulaikak. Afrikara ez ziren bizikletan iritsi, baizik eta hegazkinean. Alexandriako lurreratzea gogorra izan zen.

Hurrengo eguna ez zen hobea izan, Internet bidez hartu zuten lotarako lau egunetarako etxea: «Beldurra pasa genuen. Kalean jende asko zebilen, eta argi gutxi, errepiderik ez...eta jabetu ginen egoera oso txarrean zegoen auzoa zela», gogoratu du Zulaikak. Kostata, baina lortu zuten botika batera sartzea eta zera esatea: «Please. Help me!». Beldurra igarriko zitzaion itziartarrari aurpegian, zeren eta berehala ulertu zuten egoeraren urgentzia bertan zeuden bi langileek.

«Behin pasa naiz Egipto eta Sudaneko mugatik, eta espero dut azkena izatea. Ez hanka ez buru ez zuten zergak ordaindu behar izan genituen»

Aurrekontutik erabat eskapatzen zen hotela ordaintzen bukatu zuten eguna, eta esperientzia horretarako prest ote zeuden edo ez zalantza egin zuten. Hurrengo goizaldean, Egiptori beste aukera bat ematea erabaki zuten, eta aurrera egin. Hala egin zuten, baina ez bakarrik: «Hurrengo egunean atera ginenean polizia bat hurbildu eta Egipto hegoalderaino ondoan izan genituen».

Animaliak eta Malaria

Sudanen diruarekin izan zuten arazoa. «Behin pasa naiz Egipto eta Sudaneko mugatik, eta espero dut azkena izatea. Ez hanka ez buru ez zuten zergak ordaindu behar izan genituen». Banketxean diru gehiago atera bazuten ere diru gabe geratu ziren bidaia erdian. Kenian bizitu zituzten bidaiako momentu liluragarrienak. «Jende alaia, musika, ingelesez komunikatzeko aukera...oso oroitzapen ederrak ditugu Kenian», dio Zulaikak.

Baina pilatutako nekeak izan zuen ondorioa bikote harremanean ere eta arauak paratu zituzten «gehienez, bost ordu ibiliko ginen bizikletan, eta, gehienez, 60 kilometro egingo genituen. Bata edo bestea», eta «bastante eraginkorra» izan zela azaldu du Ane Ruiz de Eginok. Kenian, mendi aldera mugitu ziren, eta portu eta portu artean, «sorpresa ederra» hartu zuten. Bizikletan zeudela, parez pare ikusi zituzten antilopeak, errinozeronteak, fakokeroak, jirafak, elefanteak... «Emozio momentu batetik ikara momentu batera pasa ginen elefanteekin», gogoratu du barrez Ruiz de Eginok.

Ugandatik Ruandara egin zuten, eta handik Tanzaniara, han ezagutu zuten benetako oihana. Hain zuzen, oihanean gaixotu zen Ander, malariarekin. «Lo asko egiten nuen, oso ahul sentitzen nitzen eta positibo eman nuen malarian». Berehala ingresatu egin zuten ospitalean, baina egoera ez zen okerrera joan.

Jaurlaritza Logoa