En direct
«Ongi dago ikasketak aurrera eramateaz gainera, ametsak ere jarraitu behar direla ikustea»
Lilo taldea Maria Mateoren musikari forma emateko proiektua dela esan genezake. Nekane Iberorekin gitarra klaseak hartzen hasi eta pixkanaka garatzen joan zen proiektua. Pello Iturria bateria-jotzailea izan zen batzen hurrena eta harekin eta Mateorekin izan gara hizketan; ‘Nora goazen jakin gabe’.
«Ongi dago ikasketak aurrera eramateaz gainera, ametsak ere jarraitu behar direla ikustea»
Zer moduz zaudete?
Maria Mateo: Ongi, pozik emen egotearren eta mila esker aukeragatik.
Zure burutik sortzen diren kantuak dira, aspalditik sortzen hasiak?
M.M.: Bai, hamak erakutsi zizkidan akorde batzuk gitarran eta hamasei urte nituela hasi nintzen lehen abestiak sortzen. Ez naiz gitarra-jotzailea, baina ezinbestekoa dut abestiak sortzeko. Jostatzen hasi nintzen eta horrela hasi ziren kantuak sortzen. Gerora, Nekane Iberok, egun taldeko gitarra-jotzailea denak, klase batzuk eman zizkidan eta nire abestiekin jostatzen hasi zen. Atzetik batu ziren, Pello, Oihane, Nekane, Julen eta Irama, azkena batu den taldekidea. Horrela sortu zen Lilo, nire kantuei forma eman eta oholtza gainean erakusteko ametsa betetzen duen taldea.
Nola hartzen da deia taldean parte-hartzeko?
Pello Iturria: Lanpetuta harrapatu ninduen eta orduan Nekane Ibero eta biak bakarrik ari ziren. Baina egun horretan probatu genuen eta gustatu zitzaidan proiektua, pixkanaka animatzen joan nintzen eta pozik taldea sortzearekin.
Estilo batetara bideratu nahi zenuen edo burua zabalik zenuen?
M.M.: Pop eta indiea gailentzen direla esan digute, baina azken kantuak eta sortzen gabiltzanak erritmo handiagokoak dira. Naturalki joan gara horretara. Nik, egiari zor, ez dut ezer baztertzen eta oso zabalik nago, ez naiz estilo batetara lerratzen.
P.I.: Estiloa finkatzen gabiltza eta horregatik deitzen da diskoa ‘Nora goazen jakin gabe’. Abestiek ez dute zerikusteko handirik, estudioan eta Josu Ervitik egin duen lanari esker halako batasun bat lortu da, baina izatez ez dute loturarik abestiek.
Nik zu nondik zatozen jakin nahiko nuke, Pello, lehen kantuko bonboan arraroa egin zaidalako erritmoa.
P.I.: Ni Lubaki taldean ere aritzen naiz eta han askoz ere egur gehiago sortzen dugu. Lagun batek esaten zidan infernua eta zerua bezala zirela bi taldeak, eta bai, hala da, baina oso aberatsa da. Erritmo hauetan pultsua kontrolatzen ikasi behar izan dut, adibidez.
M.M.: Pellori jolastea asko gustatzen zaio eta bihurrikeriak egitea probatzen du tarteka.
‘Euriaren kolorea’ zurea da? Hitzak zureak dira?
M.M.: Letra batzuk Pellok idatziak dira, baina hau justu nirea da.
Maitasunari erreferentzia egiten zaio, baina euriaren zikloa ikusi dut hor, maitasuna ziklikoa dela.
M.M.: Ez, baina oso ona da gogoeta, Iker. Pausua ematera ausartzen ez diren bi pertsona daude istorioan, gau bateko maitasun istorio bati buruz ari nintzen.
Angelu zorrotzean egotea zer den jakin nahiko nuke bigarren kantuari erreferentzia eginaz.
P.I.: Nire letretan fikzioa eta errealitatea nahasten ditut. Oztopo eta arazo guztien gainetik familiarekiko maitasuna beti hor dagoela diot. Hortaz, angelu zorrotzean egotea, ganbarako ertz batean izkututik begira egotea litzateke. Etxean, besteei begira, alegia.
Horrela zen hasieratik kantua?
P.I.: Mariaren erregistrora moldatzen saiatzen gara, baina banituen hiru abesti nik sortuta lehendik eta Mariaren erregistrora eramatean indar pixkat galtzen zuten. Hortaz, rolak trukatu genituen. Bateria jotzen baino urduriago nago askoz ere, kostatzen zait, baina gustatzen zait eta uste dut ateratzen dela.
Ahots koltxoi hori dena hasieratik zegoen?
M.M.: Abestea asko gustatzen zaigu eta Pello eta Nekaneri abestea gustatzen zaienez, hasieratik jolastu dugu asko horrekin.
P.I.: Lehen abestiak grabatzean, Eñautekin, Mariak koro asko egin zituen eta orain Oihane ere animatu da abestera. Zuzenekoetan, batzuetan, lau ahots gaude batera abesten.
M.M.: Nik uste dut beste aberastasun bat dutela kantuek.
Eta zure kantuak horrela jantzita ikustean, zer sentitzen duzu?
M.M.: Musikarekin jolastea asko maite dut eta lehen unetik sekulakoa zen dena. Hasieran Nekanek bigarren gitarrak sartzean, gero Pelloren bateriarekin, eta gero Julen Hoyosen gitarrak, Oihane Gulinaren teklak, ahotsak... Amets bat da hau guztia. Berdin dio nora goazen, baina honek dagoeneko indarra eta poza eman dizkit.
Baxu-jotzailea nor izan da diskoan?
P.I.: Irama horretara sartu da taldera oraintxe.
M.M.: Nekane Iberok jo du diskoan. Egia da Julenek eta biak sokazko instrumentuak, izan gitarra, ukelelea, baxua, trukatu egiten zituztela, baina baxua batez ere Nekanek jo ditu. Kontua da nik oholtza gainean dantzatu egin nahi dudala eta horrela sartu da berriki Irama taldera. Orain sei gara.
P.I.: Orain arte bost ginen eta baxuaren falta nik uste jendeak nabaritzen zuela, beraz, oso oso pozik seigarren taldekidea sartzearekin.
Euskaraz edo gazteleraz abestu, nabaritzen duzue alderik Mariaren ahotsaren tinbrean?
M.M.: Nik bereziki ez, baina zuk akaso zerbait desberdina esango duzu.
P.I.: Bi hizkuntzetan eroso nabaritzen zaio, baina ez dut alderik ikusten nik ere.
M.M.: Bota, bota zurea.
Ahotsa grabeago nabaritzen zaizula iruditu zait gazteleraz abesten duzula, horregatik nion.
M.M.: Zeinen interesgarria.
P.I.: Egia da, honen harira, abesti baten eskema egiterakoan, nik aguatxumei estilora egiten ditudala kantuak, eta gero hizkuntzaz aldatzean indarra galtzen dutela nabaritu izan dut.
Erlazioak uzten diren uneari egina dago ‘Frío’? Edo bakardadeari?
M.M.: Kantuaren atzean badago hoztasun hori. Niri edozein harreman, bizitzako etapa... bukatzea asko kostatzen zait. Ez ordea gauza berriei, harreman berriei ekitea. Bada, hoztasun hori nola atera? Bada horrela sortu zen frío. Pianoan Oihanek zoragarri egin zuen eta bakoitzak eman zion bere ukitua. Sentimendu honek dakarren indarra badu eta hoztasuna ere bai. Taldeak asko disfrutatzen duela esango nuke kantu hau jotzerakoan.
Pianoaren soinua desberdina izan da kantuen artean, ezta?
M.M.: Kanturen bat pianoan grabatua da, baina gainerakoa teklatuan, zuzenean horrekin defendatuko dugulako.
Hizkuntzaren hautua zergatik egin duzuen horrela ez dizuet galdetu. Liburuxkan dena bi hizkuntzatara jarri duzue.
M.M.: Nik biak sentitzen ditut ama hizkuntza. Nire gurasoek, familiak… ez dakite euskaraz. Nire Malerrekako osaba-izebek eta lehengusuek bai badakitela eta haiekin txikitatik egin dut euskaraz. Niretzat hizkuntzak jakitea aberasgarria da, inoiz ere ez oztopo. Argi neukan euskararen presentzia nahi nuela izatea eta beharrezkoa dela. Tarteka gaztelera erabiltzeak ez dit ez oztoporik ez mugarik sortu.
Hau galdetzen nizun kantuen abiapuntua zein hizkuntzatan dagoen jakitearren, ea baten batean hizkuntza aldatzera pasa ote zaren jakin nahi nuke.
M.M.: Orokorrean uste dut melodiak erabaki duela kantuaren hizkuntza. Egia da hitz jolasen bat egiterakoan kantuak hartu duela bide bat edo bestea, hizkuntza bakoitzak badituelako bere hitz jolas aberasgarriak, eta nik maite dut hitzekin jolastea.
‘Elkarri begira’ begira kantuaren izenburuarekin gertatzen da hori, adibidez.
M.M.: Eta kantuak badu bere istorioa. Joan den urtean, Nekane eta Julen taldekideak ezkondu ziren eta horretarako sortu genuen kantua, printzipioz ezkontzarako. Baina jendeari eta izugarri gustatu zitzaion eta berek ere asko gozatzen dutenez jotzen, diskoan sartu dugu.
Hortaz, Amelié beren pelikula da.
M.M.: Eta beren soinu banda eta katua ere bai. Kaleko katua da, eta nahiko beldurtia da, baina gutxinaka oso ongi moldatzen gara.
Nota eseki asko dituen kantua da, oso irekia, espazioa irabazten da tinbalekin. Momentu emotiboa bilatzen saiatu zineten, ezta?
M.M.: Nekan eta Julen izugarri maite ditugu Oihane, Pello eta hirurok eta zerbait oso berezia egin nahi genuen.
P.I.: Sokak eta badaude baita, orkestrara bideratutako konponketa bat duela esango nuke. Ez konplexua, baina bai desberdina.
Minetik idatzita dagoela iruditu zait ‘Betirako’. Zarata eta zikintasun horretan dagoela mina eta burua ateratzen ari dela garbi-garbi abestuz Maria.
M.M.: Mina baino haserrea eta ausardia daudela esango nuke. Bada kantu bat ziurgabetasuna utzi eta hemen nago eta hau egin nahi dut diona. Bidean lagun izan ditudanei eskertu nahi izan diet abesti honekin laguntza hori, batez ere aitari eta amari indar hori emateagatik. Hemen apurtzen da guztia, hemen dago nire azala eta nire ahotsa eta hau da nire indarra. Gero Pellok sekulako lana egin zuen sinteetan eta hemen joera aldaketa badatorrela ikusten da, indar gehiagoko abestiak sortzen gabiltza.
P.I.: Egia da zuzenekoetan eta gehien gozatzen dugun abestia dela. Beno, edo bai gehienetakoa behintzat.
M.M.: Jendeak ikusten du abesti honetan larrua uzten dugula.
Teklatuekin jolas asko egin da kantuan. Hona iritsita, eraginez galdetu nahi nizuen.
P.I.: Mariak esan duen indar hori lortzeko, gehiago murgildu ginen sinteen munduan. Niri asko gustatzen zaizkit Muse edota Twenty One Pilots bezalako taldeak eta badute hortik nik uste.
Pianoa bada oso Muse-n estilokoa, gainera, gitarren eta sinteen zikintasun horrekin ere asko jokatzen du Matt Bellamyk.
P.I.: Hori da eta Ervitik esan zigun ea zer kutsu izatea nahi genuen. Niri Muse etortzen zitzaidan burura eta horretara bideratu genuen kantu hau. Pianoak sekulako kontrastea ematen dio kantuari, goxotasun bat badu eta indarra ematen dio kontraste horrek.
M.M.: Indar hori eman nahi genion eta esanahia ere hortik doa. Bizitzan hautuak egin behar dire eta segurtasun eza gainditu eta beldurrak aldendu behar dira.
‘Lou’ abestia dator segidan. Lou edo Lu ahoskatu behar da?
M.M.: Guk Lou esaten dugu, Lourdes Oñederra idazle gipuzkoarrari eskainitako kantua da. Bere eleberrigintzari eskainitako kantua da. Bereziki bere lehen eleberriari, ‘Eta emakumeari sugeak esan zion’ liburuari. Berrogeita hamar urte inguruko emakume bat da protagonista eta amatasunaren, denbora igarotzearen eta gorputza aldatzearen inguruan hausnarketa egiten du. Genesira ere bueltatzen da eta berrirakurketa bat egiten du horren gainean. Mikel Sudupe irakaslearekin batera egin nuen gradu amaierako lana honen inguruan eta izugarri hunkitu ninduen. Minutu batean sortzen dira batzuetan abestiak eta hau da horren adibide. Euskal Filologia ikasi nuen eta azken urtean egindako lan honek indartu egin ninduen. Hortaz, Lourdesi eskainitako kantua da baina hein batean Mikeli ere bai, literatura maitatzen irakatsi zidalako.
Zu emakume, euskaldun, abeslari eta irakasle zarela, nola hartzen zaituzte ikasleek?
M.M.: Bada, egia esan, oso ongi. Ikasle zoragarriak ditut, aipatu beharra dut eta jarraitzen dute egiten dugun lana, oso pozik hartzen dute. Eta ongi dago bizitza honetan ikasketak aurrera eramateaz gainera, ametsak ere jarraitu behar direla ikustea.
P.I.: Nik uste dut gutxi ustiatzen dugula bera irakasle izatea.
Erreferentzialtasuna sortzea ere garrantzitsua da. Euskararekiko zer nolako atxikimendua dute zure ikasleek?
M.M.: Denetarik entzuten dute, baina eremuak eta taldeak baldintzatzen du hori guztia. Nik irakasle bezala saiakera bat egiten dut eta euskarazko musika askotan jartzen diet. Erakusten dizkiet hainbat artista, tartean hasiberriak direnak ere bai noski. Euskara ikasgaiaz harago, kultura bere osotasunean ikusi dezaten eta euskal jendartea eta gizartea bizirik dagoela ikus dezaten. Horrela maitatzen dugu ez soilik euskara, baita euskarak hartzen duen oro ere. Asko gustatzen zaizkie Zetak, Dupla, Bulego, En Tol Sarmiento, Olaia Inziarte, Olatz Salvador… Baina nik denetarik jartzen diet.
Dena ez dadin izan behelaino. Zuek non zaudete eroso, lanbro artean, lainoen gainetik edota lainoen azpitik?
P.I.: Zaila da erantzutea, baina ni lainoen azpian nago eroso. Gauzak goitik ikustea arriskutsu izan daiteke eta ez nago eroso. Norbaiti zerbait zor banio bezala sentituko nintzateke eta ez dut hori nahi niretzako. Dena laino azpian egin eta noizbait gora egin behar badugu, bada egingo dugu gora, etorriko da momentu hori.
M.M.: Niri tartekatzea gustatzen zait. Uste dut azpian, laino artean eta goian ere egon behar duzula eta ausartu behar zarela. Baina beti gogoratuz nondik zatozen.
P.I.: Egia da baita ere geroz eta zuzeneko hobeak ematen ari garela eta horretatik ere ikasi dugula dena beste jarrera batekin hartzen. Beldurrak albora uzten ikasi dugu. Niri asko funtzionatzen dit gauzak ongi egitera irteten garela pentsatzeak, dena positibotik hartzea. Goitik begiratzera iristea da azken nahia, baina beti umiltasunez.
Inoiz gertatu zaizue zuzeneko batean aldrebeskeria handirik?
P.I.: Izan genuen kontzertu bat mugarri moduan hartzen duguna. Iruña Rocken sailkatuak izan ginen kontzertu bat emateko, talde potenteen artean kontzertu labur bat emateko. Sekulako oparia izan zen, baina ezjakinak ginen eta gertatu zen gertatzerik nahi ez genuena. Tratu aldetik eta oso ondo joan zen guztia, ez dugu ezertarako kexarik. Baina ikasi genuen zer zen 15 minutuko soinu froga bat egitea, in-ear sistemarik gabe, deus ere entzun gabe… Eta kontzertua hasi orduko, arazo pila bat izan genituen. Inflexio puntu bat izan zen kontzertu hori eta gauzak zerbaitengatik gertatzen direla ulertu genuen. Hortik aurrera in-ear sistema erosteko hautua egin genuen, festibal handietako kontzertuak zer izango diren ulertu genuen eta porrota-edo ezagutu genuen. Izan ere ordura arte dena oso ondo zihoan eta kontzertu honetan atsekabetuta bukatu genuen. Orduz geroztik hobera egin dugu nabarmen.
M.M.: Kontzertu hartan bai antolatzaileen aldetik eta baita entzuleen aldetik ere sekulako harrera jaso genuen, baina gu ez ginen pozik geratu. Ez ginen prest edo ez genekien zer zen. Baina egia da kontzertu bakoitzean zerbait gertatzen zaigula, guk lilokeriak deitzen ditugunak. Baina normalean gauza ttikiak izaten dira.
Bideari garrantzia emateko ere balio dezake.
P.I.: Bai, noski eta gertatuko zaizkigu halakoak berriz ere.
Kontzertu horren harira izan nuen zuen berri, eta taldearen izenak atentzioa eman zidan. Zergatik Lilo?
M.M.: Zuk Lilo bilatzen baduzu aterako zaizkizu Lilo eta Stich eta, gaur egun, Lilo krokodiloa ere bai, kanturen bat ba omen da izen horrekin. Kantuak nireak ziren eta nik ere kantautore moduan hasteko nahia nuen, hortaz, nirekin zerikusia zuen zerbait izatea zen nahia. Maria Mateo izena jartzea, sei garenean, ez genuen nahi, ez genuen ikusten. Nire ahizpa zaharrenak batzuetan ‘Lilo’ deitzen nau, txikitan haria aipatzeko ‘hilo’ esan ordez ‘lilo’ esaten nuelako. Hortik abiatuz, euskaraz eta gazteleraz abesten dugunez, ‘hilo’, lihoa ere izan daitekeena, etorri zitzaigun burura eta korapilo horretan jolastu dugu.
Krokodiloari ez, ‘Txoriari’ abestu diozue abestian. Niretzat, indar gehien duen kantua disko honetan.
P.I.: Letra aldetik, akaso bai. Nire abestien artean bai behintzat, hau nik idatzi nuelako. Bi adiskideren arteko laguntasunari buruzko metafora bat da, kaiola batean dagoen txoriaren eta kanpotik begira dagoenaren arteko laguntasunari buruzkoa. Hemen bietako bat ohartzen da bestea utziko balu alaiago izanen dela. Egia da, orain, hau azalduz, oilo-ipurditan jartzen zaidala azala.
Hau da, zuk sentitu duzu hau.
P.I.: Bai, noski. Lehen esan dudan bezala, nik idatzitako letrek badute egiatik eta fikziotik.
Txoria edo kaiola kanpoan dagoenaren ikuspegia da hartu duzuna?
P.I.: Ni kaiola banintz bezala dago idatzita.
Pianoak protagonista hartzen duen ‘Memoria’ dator jarraian. Heriotzaren atarian dagoen norbaiti idatzitako kantua da?
M.M.: Heriotzaren atarian dagoen ez dakit, baina alzheimerrak jota dagoen amonari eta zahartzaro betean dagoen beste amonari idatzitako kantua da. Hau ere minutu batean atera zen horietako bat da, beharrak ateratakoa, negarrak ateratakoa. Horrela atera zen memoria.
Entzun dute?
M.M.: Batek bai, besteak ez. Baina egiari zor, laster ahanzten zaizkio gauzak. Goxo hartu zuen, nahiz eta ez zen erabat kontziente.
Diskoko bertsioa da entzun duena edota ilobak zuzenean kantatutakoa?
M.M.: Diskoko bertsioa, ez dakit gai izango ote nintzatekeen negarrik egin gabe eta mila eten egin gabe hori kanporatzeko. Kontzertuetan askotan kosta egiten zait abestea, gogoz abesten dut, baina kostatzen zait oraindik ere. Diskoan ere zuzeneko moduan abestu nuen eta kosta zen.
Ervitiren estudioan denek batera grabatzen zenuten?
P.I.: Bai, horrela izan zen.
M.M.: Eta oso esperientzia polita izan zen. Kantuak nahiz eta nik edota Pellok sortu, gaur egun entzuten duzuena entzuteko, ezinbestekoa da gainerako kideek sartu duten guztia.
P.I.: Kide bakoitzak askatasun osoa du bere instrumentuarekin nahi duena egiteko eta sortze prozesu hori ere bizitzeko. Teknika hori erabilita estudioan, kantuek hartu duten bidea askoz hobea izan da.
M.M.: Entzuten dena entzuteko, ezinbestekoa da eman dioten janzkera eta gorputza. Eta, horretarako, elkarrekin grabatzea izan da oso polita eta oso aberatsa. Lagun artean halako zerbait eraikitzea zoragarria izan da.
Diskoaren diseinuan hostoekin osatutako burduntzi bat ikusten dut.
M.M.: Guk tximeleta bat ikusten dugu bertan, helikoptero hostoz osatutakoa.
P.I.: Bilera bat egin genuen honen inguruan hitz egiteko. Diskoaren izenburua ‘Nora goazen jakin gabe’ da eta hosto hauek edonora erortzen diren hostoak dira. Kasualitatez diseinu hori egin dute lurrean eta hori izan da baita ere gure taldearen elkartzeko modua. Gutxinaka batu gara eta egoera hori bikain islatzen du.
Eta bukaeran ‘Nora’ kantuarekin dena irekita geratzen da etorkizunera begira. Udazkena nola dator?
M.M.: Cascanteko Estaciones Sonoras jaialdian izan gara berriki eta gure helburua jotzen eta jolasten jarraitzea izanen da, hazten ere bai posible bada.
P.I.: Egia da urriaren 21ean egingo dugula diskoaren aurkezpen ofiziala. Hain lanpetuta ibili gara ez dugula hori ospatzeko astirik ere izan. Hortaz, nolabait ere aurkezpen polit bat egin nahi dugu, urriaren 21ean, Katakraken.
Eta diskoa Karrikiri elkartean ere eskuratu daiteke fisikoan.
M.M.: Edota lilo_musika instagrameko kontutik ere bai.
Segi ezazuela bide honetan aurrera luze.
Mila esker!