Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Julen Del Valle eta Imanol Gorriti
Apotheke taldea

«Aspalditik ezagutzen gara, Mendillorikoak baikara biok, «Mendillorri, escena pura»»

‘Indatxikia’ deituriko EP bat osatu dute nolabait esatearren, lau kantu kaleratu eta horrela izendatu dutelako kaleratu dutena. Elektronika eta punka nahasten dituzte, baina oso elektronikoa da proiektua. Julen Del Valle eta Imanol Gorriti dira Apothekeren atzean dauden bi protagonistak.

Audio_placeholder

«Aspalditik ezagutzen gara, Mendillorikoak baikara biok, «Mendillorri, escena pura»»

Loading player...
Mendillorrikoak dira Apotheke taldeko Imanol Gorriti eta Julen Del Valle.
Mendillorrikoak dira Apotheke taldeko Imanol Gorriti eta Julen Del Valle. (Ander FELIGRERAS)

Gabon, zer moduz zaudete?

Imanol Gorriti: Ondo.

Julen Del Valle: Pozik hemen, zu ezagutzeagatik.

I.G.: Eta eskertuak guri momentutxo hau emateagatik.

Farmazia esan nahi du alemanieraz ‘Apotheke’ hitzak, zer dela eta aukeratu zenuten hau?

J.D.V.: Berlinen badut Iruñeko lagun bat eta maiz joan izan naiz hura bisitatzera. Egun batez, kaletik nindoala farmazien izena ikusita asko gustatzen zitzaidan. Eta talde bat izango banu izen hori jartzeko asmoz apuntatu nuen mugikorrean.

I.G.: Taldea publiko egin aurretik begiratu genuen ea zer zegoen gure inguruan izen hori zeramana eta Kosmai Kosin taldearen diskoa ikusi genuen batetik, eta, bestetik, Melenas taldeko kide batek ‘Apotheke studio’ deitzen den artisau arte tailerra duela ere bai, lanparak edo egiten ditu bertan. Eta guztiok arrazoi beragatik aukeratu dugu.

J.D.V.: Eta, orain, gertatu zaigu jende askok bidaltzen dizkigula bidaiatzen dutenean farmazien argazkiak.

I.G.: Izatez egiten dugun musikarekin ere badu lotura, Berlinen musika elektronikoa eta raveroa puri-purian dagoelako.

Berlingo giroa nola dago egun?

J.D.V.: Berlin bai aldatzen ari dela baina bada Alemania barruan uharte bat. Eskaintza kulturala oso zabala da eta mundu mailan horregatik ere bada ezagun. Hortaz, gobernuak marko bat jarri dio eta erdigune turistiko moduan aprobetxatzen du bertako kultur mugimendu guztia.

Imanol, musikaz arduratzen zara eta, Julen, abesteaz eta letrak egiteaz. Nola ematen da elkarketa?

I.G.: Aspalditik ezagutzen gara, Mendillorikoak baikara biok, «Mendillorri, escena pura». Julenek bazuen aspaldi punk talde bat eta gerora nik nuen beste talde batean, Ahuntzape taldean, abesten hasi zen. Herdoil taldean jotzen dut nik gitarra, baina nire kontura demo batzuk ekoizten eta hasi nintzen gisa honetakoak. Hortaz, Juleni bidali nizkion eta, bide batez, erreferentziak eskatu, banekielako post-punka maite zuela. Egiten ari nintzena gustatu zitzaion eta proiektua martxan jarri genuen iazko abuztuan.

Post-punk taldea post-sanferminetan, beraz.

I.G.: Kurtso berria hastear zen depresio horretan, zerbait berria egiteko nahia ere izaten da.

Kantuen oinarri elektroniko guztiak zuk eginak izango direla ulertzen dut.

I.G.: Bai, Abletonarekin topera ibili naiz eta, oraintsu, proiektua serioago jarri dela ikustean, sintetizadore analogiko bat erosi dut baxua ez hain digitala izateko. Elektronikoa izatea nahi dugu proiektua, baina instrumentu nolabait ere organikoak erabiliz. Ez dadila ordenagailuekin sortutako musika izan, 80etako izan dadila, baina benetan. Orain zuzenekoak nola egin pentsatu behar dugu, ez diogu oraindik forma eman horri, baina saiatuko gara ahalik eta instrumentu gehien zuzenean jotzen.

J.D.V.: Momentuz Imanol eta biok gara eta ez daukagu taldea itxita.

I.G.: Niretzat ere berria da, orain alde talde batetik natorrelako non gitarra jo eta kitto egiten dudan. Asko pentsatu behar dugu orain horri forma emateko eta dakitenekin hitz egitea ere garrantzitsua da.

Jende asko ari da orain elektronikara gerturatzen eta jabetzen da uste baino konplexuagoa dela mundu hori ere.

I.G.: Nik ekoiztean dena oso argi dut eta geroz eta gehiago ikasten ari naiz, baina zuzenekora eramatea kontua asko aldatzen da.

Post-punk ukitua badu ‘En un mundo descomunal’ kantuak, baina oso elektronikoa da egiten duzuena.

J.D.V.: Post-punk mota asko daudelako dela hori esango nuke. Badago post-punk elektronikoago bat, beste bat punkagoa dena eta hirugarren bat poperoagoa dena, argi gehiago duena. Oso zabala da post-punkaren aterkia.

I.G.: Ni etiketetan galtzen naiz, ez dakit dark-wave den, new-wave… Horregatik jarri genuen electronic-post punk.

Zer da, galtzaile baten kronika?

J.D.V.: Izan liteke, ezta? Hitzak idazterakoan barrutik idazten dut eta barrutik edo albotik bizi dudana kontatzen saiatzen naiz. Abesti hau etsipenari buruzkoa da, dena ilun eta negatibo ikusten duzun momentu horretatik, depresibo samar zauden une horretatik. Akatsez kontziente zara, baina akatsak egiten jarraitzen duzu, ingurukoei eta zure buruari mina sortuz.

I.G.: Aipatu erreferentzia bat ere badela.

J.D.V.: Hori da, Nacha Pop taldearen ‘Lucha de gigantes’ abestian esaten du hori. Hortik abiatzen da guztia.

Nacha Pop aipatuta, Movida Madrileña delakoa ere ezin aipatu gabe utzi, zuen kantuetan hortik ere zerbait badagoelako, baina zertzeladak dira, ez zarete giro horretan murgildu.

I.G.: Hanka sartu dugu, baina ez hondoraino, ezta?

J.D.V.: Gainera, Movida Madrileñari kirats pixka bat dario. Nik Nacha Pop amarengandik jaso dut bereziki.

I.G.: Egia da Madrilgo mobida indiea entzuten dugula, musikeroak gara eta denetari entzuten dugu.

Egungo eszena hori, ez dago gainbaloratua?

I.G.: Egungoak ere kirats pixka bat badu.

J.D.V.: Madrilen jaiotzen dira eta horregatik bakarrik koxka bat gorago daude.

I.G.: Beste errealitate bat dute eta ez dakit entseatzeko eta talde bat osatzeko zer nolako zailtasunak izango dituzte. Gu Iruñeko errealitatean bizi gara, lagun musikari asko ditugu eta akaso horrek ere errezten digu guri sorkuntzan aritzea. Dena dela uste dut toki guztietan gertatzen ari dena dela, kaleratzen den guztia hit edo arrakasta bihurtzen dela. Edo kaka bat da edo hit bat da. Ez dira melodiak baloratzen, ez da sakontzen egin den lan guztia. Estetikoki ere gauza bera gertatzen da, zerbaitek saltzen du edo ez.

Askotan talde batek bi abesti ateratzen ditu eta munduaren jabe dela uste du. Ez dute bizi prozesu geldoago hori, bost urtez proiektu bat lantzearena eta abar. Gaur egun jende askok ez daki zer den prozesu hori bizitzea, kontzertuak eta entzuleak pixkanaka lotu eta erakartzea.

Zuk esan duzu lehen, Imanol, «Mendillorri escena pura». Bertan gauzak azaleratzen denbora kosta da ezta?

I.G.: Guk duela urte asko bagenekien hau gertatu zitekeela, potentzial askoko jendea zebilelako musika sortzen hemen. Iruñean izan dira jotzen, gero Nafarroa osora zabaldu dira eta handik pixkanaka-pixkanaka geroz eta toki gehiagotara iritsi dira, modu naturalean eta ez bilatutako forma artifizialetan.

Bigarren kantua, ‘Maite nazaten utzi’, gozoago dator. Sonikoki denetarik entzun dut: gitarretan Nirvana entzun dut, harmoniatan Placebo eta sinteen soinuak progressive musikara naramate. Koktel berezia.

I.G.: Gertatzen zaidana da dena minorretan egiten dudala, eta kostatzen zait hori aldatzen. Soinuarena, ideia bat izaten dut buruan eta gutxinaka-gutxinaka, zerotik eraikitzen hasten naiz, erreferentziarik hartu gabe.

Zuk behatza sartzen duzu hor, Julen?

J.D.V.: Bai, batzuetan bai. Erakusten dit eta zerbait ez badut gustuko aldatzeko eskatzen diot.

I.G.: Batzuetan akaso kostatzen zaio esaten zer den zehazki lortu nahi duena, baina probatzen joaten gara eta nahi duguna lortu arte jarraitzen dugu.

Alegia, ekoizlearen papererako ez dagoela ez itzultzaile automatikorik ez adimen artifizialik.

I.G.: Hori da! Sartu chorusa eta flangerra nahi du eta halako kontuak. Hortaz, elkarrekin goaz ikasten. Ni beti nabil ikasten.

Bitxia iruditu zait aldi berean Sound Of Sirens estudioa aukeratu duzuela. Julen Urzaizek hainbeste elektronika izan du inoiz esku artean?

J.D.V.: Berarentzako ere froga bat izan zen. Nahiz eta orain jazz pixka bat ere grabatu duen.

I.G.: Beti grabatzen ditu Oi munduko diskoak edota punk estilokoak. Merkatua zabaltzeko gogoa zuen, baina ez genuen horregatik berarengana jo. Aspalditik ezagutzen dut eta bere gaitasuna banekien hainbestekoa izango zela, hau da, punk eta Oi estiloetatik harago zerbait interesgarria egin zezakeela. Proposatu nion eta berari ere oso interesgarria iruditu zitzaion, halako kantuak nola nahastu edota sintetizadore analogiko bat nola grabatu ikasi duelako. Hortaz, hurrengoa ez dakit berarekin egingo dugun edo ez, baina denok ikasi dugu disko honekin.

J.D.V.: Oso gustura ibili gara berarekin lanean, plazera izan zen. Hortik aparte, soinu aldetik eta asko zabaltzen ari da Iruñea eta oso polita jartzen ari da bertako musika eszena.

Tatxerseko Martin Zirizak esan zidan, «kontuz 2024an Iruñearekin».

I.G.: Bueno, hype pixka bat sortzea ere bada hori.

J.D.V.: Baina hori ere bada pentsamoldea, bestela beti Madrilera joango gara.

I.G.: Ni ere ez naiz kontziente bertan sortzen ari den guztiaz.

J.D.V.: Esaterako, aurrekoan Lilo taldea hemen izan zen eta haien berri ez nuen. Gainera, aipatu duzun Martinek ere Borla deituriko talde interesgarri bat sortu du, aurrekoan izan nintzen ikusten zuzenean. Zorionez, Iruñean erresistentzia diren taberna batzuk badira, kontzertuak programatzen dituztenak.

Kantura itzuliz, maitatzea kosta egiten zaigula diogu askotan, baina baita gu maitatzen uztea are gehiago akaso. Hori da ‘Maite nazaten utzi’ kantuaren mezua?

J.D.V.: Nire ustez, gainera, besteei maitatu ahal izateko lehendabizi zure burua maitatzen ikasi behar duzu. Hortaz, hori da gakoa niretzat. Puntu horretatik abiatzen den itxaropen kantua da, nostalgikoa ere bai. Kantuak entzuleak besarkatzea nahi genuen.

Atzetik datorren ‘Siempre sabes cuando volver’ kantuaren gaiak ‘Inception’ pelikulara eramaten nau. Ametsen mundura eramaten nau kantuak.

I.G.: Ez du zerikusirik, baina irakurketa interesgarria egiten duzuna.

Zalantzak izatea ona da, ezta?

I.G.: Irakurketa librea hor dago eta saiatzen gara batzuetan horretan ere, abesti honetan ez dugu argi hitz egiten zerbaiten inguruan.

Zuk zer zenuen buruan, Julen?

J.D.V.: Antsietateari buruz eta segurtasun ezari buruz hitz egiten dut. Gazteriak egun bizi duen pandemiarik handiena osasun mentalaren inguruan sufritzen ari dena dela esango nuke. Izugarrizko presio eta zereginak ditugu, geroz eta betebehar gehiago eta eskubide gutxiago eta karga emozional izugarria suposatzen du horrek. Ez diogu irtenbiderik ikusten. ’No future’ mamua dago berriz ere gazteen inguruan, etxean negar egiten gera gaitezen nahi dute, gizartearen paralizazioa.

Musikalki nahikoa indiea dela esan dezakegu, ezta?

I.G.: Julenek baxuaren distortsioarekin ez, baina gitarrarenarekin badu halako ezinegon bat. Nik Herdoilen metal-punka jotzen dut eta, nahiz eta badakidan hau beste kontu bat dela, distortsio gehiegi sartzen dudanean urduri jartzen da Julen.

J.D.V.: Nik gitarra garbiak nahiago ditut.

Esango dugu hala ere espazioan asko zabaltzen dela elektronikaren laguntzaz.

I.G.: Bai eta ekoizterakoan konturatzen zara geruza batzuk kendu eta espazioa elementu gutxiagorekin betez hobeto gera daitekeela abesti bat, ahotsak ere toki gehiago hartzen duelako modu horretara. Hiruzpalau elementurekin zerbait oso polita egin daiteke, eta, ahotsak reverb eta delay asko duenez, elementu horiei garrantzia gutxiago ematea inportantea da.

Abestiak badu eten bat, tenpoz aldatzen dela, hardcore melodikoko zerbait iruditzen zait.

I.G.: Ez dut sekula horrelakorik pentsatu, baina bai, arrazoi duzu.

Erreferenteren bat izan duzu disko honetako kantuak sortzerakoan?

I.G.: Alizzz izan da halako erreferentzia bat, bere azken diskoa asko gustatu zitzaidan eta paraleloan gauza asko ditugu komunean. Ni ere ingeniaria naiz bera bezala, nahiz eta berak musikatik bizitzeko aukera izan duen, besteak beste, Rosaliarekin arrakastatsua izan zen abesti bat ere egin zuelako. Baina beregan islatuta ikusi nintzen eta azken diskoa asko entzun dut.

Akaso harekin kolaboratzen hurrengo nafarrak zuek izango zarete.

J.D.V.: A, egia! Amaia ere Mendillorrikoa da, gainera, nahiz eta hemen ia ez duen bizitzarik egin. Hori bai, neska oso jatorra dirudi. Eta musikari fina.

Zuk Julen, erreferentziarik pasatzen zenion Imanoli?

J.D.V.: Bai, etxean nintzela esaten nion entzun hau edo bestea.

I.G.: Gaur egun kaleratzen den ia guztia entzuten dugula esan dezakegu.

J.D.V.: Nik denetarik entzun dut, baina azkenaldian post-punkean sartuago nabil. Gustuko ditut La Plata, Mausoleo, Depresión Sonora, Tempers, Soviet Soviet… Eta askoz ere gehiago esan ditzatek. El último vecino ere bai, Julenek nahasketak egiteko erreferentzia moduan erabili zuen taldea. Bide batez, hurrengo EPa ere prestatzen ari gara, abenduan beste sei abesti grabatuko ditugu eta gogoz gaude datorren urtean zuzenekoak ematen hasteko.

Azken kantua, ‘Niñxs de la estación del zoo’. Izenburua horrela uztea, hizkuntza inklusiboaren baitako hautua da?

I.G.: Ez dago propio eginda, beno, edo bai.

J.D.V.: Niños edo niñas jarrita, batzuk kanpoan geratzen dira.

I.G.: Egia da niñes jarri genezakeela.

J.D.V.: Baina x jarri dugu, bakoitzak nahi duen bezala irakur dezan.

Kapitalismoari egurra ematen zaio, baina bada esaldi bat asko errepikatzen dena: «Quiero bailar juntos, contigo Berlin». El Columpio Asesinori keinu bat da?

I.G.: Gure buruari ere egin genion bere garaian galdera berbera.

J.D.V.: Abesti hau hasieran ‘Una canción que no hable de Berlin’ deitu behar zen. Etxean ginela, konturatzen ginen Berlini buruz asko hitz egiten zuten kantu asko ateratzen zirela eta horregatik nahi genion titulu hori jarri abestiari, Berlini buruz hitz egiten genuelako. Baina Berlingo beste errealitate hau ez zuen inork jorratu.

Berlingo zein errealitatez ari zara?

J.D.V.: Mendebaldeko Berlinen gertatu zen istorio bat da. Behin eta berriz errepikatzen digute kapitalistak zintzoak zirela, ekonomia indartu zutela eta abar eta beste aldean komunista txarrak zeudela.

Bada, 70etako Mendebaldeko Berlinen, hiriko gazteria drogen bidez erasotu zuten. Heroinarekiko menpekotasuna sortu zieten 14-15 urteko askori, eta, horiek, dirua lortzeko, Berlingo Zoo geltokian prostituitzen ziren. Christiane F. aipatzen dugu, belaunaldi horretako aurpegi nabarmenena izan zelako. Bi kazetarik liburu bat egin zuten berari buruz eta munduari buelta eman zion, 30 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da eta streaming plataforma horietariko batean telesail bat ere egin zuten horren inguruan.

Kantu horretan entzuten den pianoa, plugina da edo piano bat da?

I.G.: Hasieran entzuten dena? Isats-pianoa da. Hasieran Mug edota V3 sintetizadore soinu batekin egin nuen, baina Juleni bere pianoarekin grabatzea interesgarria iruditu zitzaion eta horrela egin genuen.

Oso abangoardista geratu zaizue, bukaera oso tech-house delako, besteak beste; oso Berlin.

I.G.: Bai, hala da. Kontua da diskoteta batetara dantzatzera doazen bi aipatzen direla.

J.D.V.: Sound diskoteka aski famatura.

I.G.: Hortaz, bukaera horrekin lotu genuen, dantza egiteko eta Berlingo giro hori ekarri nahi genuen.

Hango technoa geroz eta gehiago iristen ari zaigu.

I.G.: Technoa eta housea geroz eta mainstreamagoak dira. Madrilen ere geroz eta gehiago egiten dute hori, izan Aitana edo Natalia Lacunza.

Hau guztia kontatuta, kontzertuen eta EParen zain geratuko gara, beraz. Mila esker!

Zuei!

Jaurlaritza Logoa