Zuzenean

‘Zure begi horiek’ da abenduaren 4an Bulegok aterako duen disko berriko aurrerapen kantua

Dena segundu erdi batez geratzeko eskatzen du kanturik berriena hasi orduko Bulego taldeak. Tomas Lizarazu taldeko abeslariarekin izan gara hizketan eta abenduaren 4rako disko berria ekarriko dutela aurreratu digu musikari azkoitiarrak. 

Audio_placeholder

‘Zure begi horiek’ da abenduaren 4an Bulegok aterako duen disko berriko aurrerapen kantua

Loading player...

«Emozioz beteta gaude eta ‘Zure begi horiek’ kaleratzea izan da erditze txiki moduko bat, urduritasun hori ere badaukagu hau atera den unean», aipatu digu Lizarazuk. «Abenduaren 4an etorriko da ‘Aldatu aurretik’ diskoa eta hau disko horretarako sortutako lehen abestia izan zen. Sorkuntza prozesuan kolapso egoera batean nintzen eta ilusioa galtzen hasi nintzen. Alaba ondoan nuela, frustrazio une batean, pianoa-jotzen ari nintzen eta bera pianoa jo eta jo ari zen. Baina halako begirada bat sortu zen, dena argitu eta kateatuta egotetik abesti hau sortzera eraman ninduela. Eta hortik aurrera diskorako sormen prozesua erabat zabaldu zen. Alabari idatzitako maitasun kantua da batetik, baina bestetik azkar bizi garen garai hauetan ondokoa maitatzea ahazten zaigula eta horri ere begiratu behar zaiola gogoan izan behar dugu», azaldu digu Lizarazuk.

Disko kontzeptuala izango dela esan digu Bulego taldeko abeslariak: «Aurreko diskoan saiatu ginen baina ez genuen guztiz lortu. Oraingoan, hasi eta buka, kantuz kantu, bidaia bat proposatzen dugu. Aldaketen inguruan izango da, niri azken bi urte hauetan hori egokitu zaidalako, aitatasuna medio. Baina ez hori bakarrik, musikara guztiz emana egotea ere hor dago eta Bulego taldearen ibilbideak ere asko aldatu du gure egunerokotasuna».

Urrian bukatuko dute aurreko diskoaren aurkezpen bira eta «udan jaso dugun maitasun guztiak abenduaren 4ra indarrez eta gogoz iristeko» energia eman diela ere esan digu. Barbara Fernandezek zuzendutako bideoa ere kaleratu dute kantuarekin batera, Bartzelona, Madril eta Bilboko kontzertuak iristear diren unean.

Jaurlaritza Logoa